Aita Benito Uritz Erro Espainiako Armadako kapitaina zuen, eta ama Filomena Pi Céspedes, Kataluniako merkatari baten alaba. Kubako gerran ezagutu zuten elkar eta 1882. urtean ezkondu ziren. Familiak Madrilera joan behar izan zuen bizitzera XX. mendearen lehenbiziko hamarkadan, aitaren betebehar militarrengatik. Bertan ikasi zuten lau anai arrebek: ahizpek, Elisa eta biek, Irakasle Zientzien karrera egin zuten. Anaiak, Miguel eta Francisco, berriz, Telegrafoen Kidegoan sartu ziren lanera. 1925. urtea orduko, hilak zituzten gurasoak, eta bakarrik eta ahal bezala konpondu behar izan zen ahizparekin batera, anaiak eta gurasoak galdu ondoren. [3][5][6]
Tarragonan musika irakasle zela, UGTko buruzagietako batekin ezkondu zen, Antonio Sesérekin, “Bartzelonako gertakarietan” hil zutena 1937ko maiatzaren 5ean (segur aski, pikete anarkista batek). Gerra ondoren, erbesteratu behar izan zuen eta Frantziako Erresistentzian ibili zen. Handik ere 1951n Ekialdeko Alemaniara bota zuten. 1958anEkialdeko Alemanian bere ahizpa Pepita hil zenean, Nafarroara itzultzen saiatu zen, baina Espainiak ez zion bermerik eman, eta, atxilotuko zuten beldurrez, Alemanian gelditu zen. [1][3]
1979ko abuztuaren 14an hil zen. Bere gorpua, hil eta bi astera erraustua izan zen, abuztuaren 28an, Berlín-Baumschulenweg tanatorioan. Hil ohoretan, Alemaniako PSUko, FDIMeko eta Alderdi Komunistako (VIII eta IX. Kongresua) ordezkariak izan ziren, PCE alderdiaren zatiketa. Bizitza osoan zehar Nafarroako familiarekin gutunen bidez kontaktua mantendu zuen eta hala zioen 1962an idatzitako batean:[7]
«
Atzoko ulermen ezari eta intolerantziari, gaur egun, guztion aldetik, ulermena eta adimena gertatuko balitzaizkio, zein ederra litzatekeen!
»
—Elisa Uritz
Hezitzaile berritzailea
Katalunia aldean hasi zen irakasle bezala lanean. 1922an Gironako Emakumeen Eskola Normalean ari zen lanean, eta, 1929an, lekualdatze lehiaketa irabazita, Tarragonako Eskola Normalean hasi zen, musika irakasle han ere. "Gimnasia erritmikoari" buruzko proiektu berritzaile bat aurkeztu zuen Genevako Emile Jacques-Dalcrozeko Institutuan egiteko eta 1923-1924 burutu zuen. Genevan bekadun zela Calcroze metodoa ezagutu zuen, musika erakusteko metodo gisa erabiliko zuena. 1936an, Lleidako Eskola Normaleko zuzendari izendatu zuten.[1][3]
Federación Española de Trabajadores de la Enseñanza (FETE-UGT) sindikatuaren sortzailea izan zen Tarragonan, emakumeen eskubideen aldeko lehen erakundeak bultzatzeaz gain, Unió de Dones de Catalunya eta Mujeres Antifascistas Españolas taldeen sorreran egon zen. 1934ko uztailean, Gerra eta Fasizismoaren aurkako Nazioarteko Emakumezkoen Batzordeak antolatutako mitinean parte hartu zuen, Angela Graupera eta Lina Odenarekin batera. Urte bereko abuztuaren 9an, Dolores Ibarruri eta Irene Falconekin batera, Parisko Mutualité delakoan ospatutako Gerra eta Faszismoaren aurkako Emakumeen Mundu Biltzarreko espainiar ordezkaritza osatu zuen. 1938ko azaroan, "Espainiako emakumeek mundu osoko emakumeei laguntza humanitarioa eskatzeko manifestua" sustatu zuen " seme-alabak gosez eta hotzez hil ez daitezen". 1940tik1950era Nazioarteko Emakumeen Federazio Demokratikoko zuzendaritzan aritu zen, emakumeen eta haurren eskubideen defentsan, baita bakearen alde ere. Parisen egingo du PCEren lan politikoa emakumeen erakundeen bitartez. Zentzu horretan, Elisak berriz ere lehen mailako papera jokatu zuen Espainiako Emakumeen Batasuna (UME) sortu zenean, 1946ko abuztuan Mujeres Antifascistas elkarteak "Mariana Pineda" taldearekin bat egin ondoren. Mujeres Antifascistas Españolas aldizkariaren erredakzio kontseiluan sartu zen, UMEren bozeramaile ofiziala, Dolores Ibarruri, Irene Falcon, Victoria Kent, Maria Teresa León idazlea eta Maria Casares aktorearekin batera.[7][9]
Erbestean
II. Errepublikan erantzukizun handiko karguak bere gain hartu eta 1936ko gerran izandako borroken ondorioz desplazatutako milaka familiari eskaini beharreko laguntza antolatzen aritu bazen, antzera lagundu zien Frantzia hegoaldean sakabanatutako kontzentrazio-esparruetan pilatutako errefuxiatu errepublikarrei, eta Parisko eskualdean nazien okupazioaren aurkako lehen erresistentzia-taldeak osatu zituen. Gainera, diktadura frankista amaitzeko espainiar guztien Batasun Nazionala bultzatu zuen. Bere militantzia komunista zela eta, 1951n Bolero-Paprika Operazioaren biktima izan zen, Frantziatik kanporatua izan zen Gerra Hotzaren garaian. Orduan, bigarren erbestealdi luzea hasi zuen Alemaniako Errepublika Demokratikoan, eta bertan hil zen 1979an.[10]
Garai hartan berak egindako lanaren ondorioz, NBEk egin zuen Haurren Eskubideen Aldarrikapena baita Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna sortu ere. Izan ere, 1946an Elisak berak bere sinadura daraman txosten mekanografiatu batean eginak zituen proposamenak, UME Emakumeen Nazioarteko Federazio Demokratikoaren bidez, mundu mailan haurren bizitzan baldintza egokiak, legearen aurreko berdintasuna eta garapen fisiko zein intelektualerako aukera berdinak ziurtatzeko. 1947an, Elisa Unescoren lankidetzarekin xede horretarako berariazko batzorde baten buru izan zen, eta 1948an proposatu zuen, emakumeek martxoaren 8a aldarrikapen-data duten bezala, haurren eskubideen aldeko jardunaldi aldarrikatzaile eta mobilizatzaile bat erakundetzea, horretarako ekainaren 1a proposatuz. Haurren Nazioarteko Eguna 1950ean ospatu zen lehen aldiz.[1][7]
Sariak eta errekonozimenduak
1962ko irailaren 9an Alemanian bi domina jaso zituen, konpromiso sozial eta politikoari eskainitako bizitza oso bat aitortzeko: "Joliot-Curie", Bakearen Mundu Kongresuarena, bakezko elkarbizitzaren alde egindako ahaleginengatik, eta "faszismoaren aurkako Borrokaren domina", Alemaniako Errepublika Demokratikoko Gobernuak erreserbatua, nazien dominazioa borrokatzeagatik nabarmendu zirenei.[7]
2011n aipatu zuten Berlingo Cervantes Institutuan "Señoritas en Berlin. Fräulein in Madrid (1918-1939)" mintegiko komunikazioetan. Garai hartan bi herrialdeak harremanetan jartzen lagundu zuten bera bezalako emakume talde baten funtsezko eginkizuna aldarrikatzea izan zuen mintegi hark. Hentrich & Hentrich argitaletxeak argitaratu zuen gero. [11][12][13]
2020an Iruñeako Planetarioan Nafarroako Gobernuaren Memoriaren Nafarroako Institutuak Josefa eta Pepita Úriz Pí ahizpa nafarren bizitzari eta lanari buruzko erakusketa egin zuen, “Úriz Pí. Ahizpak. Balio demokratiko unibertsalei eskainitako bizitza”, Institutuak 2020an antolatu zuen Nafarroako erbestealdiari buruzko jarduera-programaren barruan.[15][16]