Ibargoiti udalerria Zangozako merindadearen ekialdean kokatzen da. NA-2420 errepideak eta A-21 autobiak ibar osoa zeharkatzen ditu. Iruñerriko gune metropolitarraren ekialdera dago. Udaletxea Idotzinen dago. Erliebe ertaingo ibarra da. Itzaga eta Izko mendien magalean dago, ibarbide emankor eta laua eratuz, eta, ondoren, mendilerro menditsu bat.
Klima eta landaredia
Ibargoitiko klimaren ezaugarriak, azpimediterraneo motakoak dira, uda garaiko lehortea, prezipitazio eskasak baina Nafarroa hegoaldean baino ugariagoak eta aldaketa termiko handia. Urteko batez besteko tenperatura 8 eta 12 gradu artekoa eta prezipitazioak 1000 eta 1400mm bitartekoak dira. Urteroko egun euritsuak 100-140 izaten dira.
Jatorrizko landareditik, erlikia batzuk baino ez dira geratzen Izko eta Itzaga mendilerroetan, eta gunerik euritsuenetan klima atlantikoari dagozkion zuhaitzak aurki daitezke (haritz eta pagoak), ameztiak gune lehorretan, eta birlandaturiko pinuak udalerri gehienean. Birlandaturiko pinuen azalera, Austriatik ekarritako pinu lariziarrekin egin zen eta XX. mendearen amaieran 450 hektarea ingurutan zeuden.
Estazio meteorologikoak
Ibargoitin dagoen Elo udalerrian (ibarraren parte da geografikoki, baina ez administratiboki), itsasoaren mailatik 528 metrora, Nafarroako Gobernuak1929n jarritako estazio meteorologikoa dago..[3]