Aintzinatik populatua izan da Bragako lurraldea. Burdin AroanBracari leinu zeltiarrakkastro estrategikoak eraiki zituen muinoetan eta Callaici Bracarii edo Bracarenses izena hartu zuten.
Erromatar garaia
Erromatarrak K.a. 136 urtean etorri ziren eta K.a. 20 urtean Bracara Augusta hiria fundatu zuten, izen tradizionalari erromatar enperadorearen izena gehitu zioten. Toki estrategikoan egonik berehala hasi zen hiriaren garapena eta III. mende bukaeran Gallaecia probintziaren hegoaldea hartzen zuen Conventus bracarensis eremuaren hiriburu administratiboa bihurtu zen.
Erdi Aroa
Erromatar Inperioaren gainbehera iritsi zenean sueboek konkistatu zuten hiria. 410. urtean beren Gallaecia Erresumako hiriburu bihurtu zuten. 584an bisigodoek hartu zuten Gallaecia eta Bragan apezpikua izendatu zuten.
VIII. mendean mairuek konkistatu zuten Braga eta 1040an Fernando I.a Leon eta Gaztelakoak kristauentzat berreskuratu eta 1070an berrezarri zen apezpikutza. 1093 eta 1147 artean Portugalgo Gorteek bertan izan zuten egoitza. 1107an Aita Santuak artzapezpikua ezarri zuen Bragan eta honek Iberiar penintsulako ipar-mendebalde guztia gobernatzen zuen, Portugalgo zati handienaz gain Galizia bera ere bai. Erdi Aroko hiria katedralaren inguruan eratuz joan zen.
Aro kodernoa
XVI. mendean kostatik eta hiri nagusietatik urruti egonda Portugalgo Aurkikuntzen Aroan Bragak ez zuen beste hiri batzuek izan zuten aberastasun aldirik izan, hala ere Diogo de Sousa apezpikuak hiria modernizatu zuen kaleak luzatuz, enparantza publikoak eraikiz eta ospitale eta eliza berriak altxatuz. XVIII. mendean beste berriztatze aro bat izan zuen Braganzako dukeek André Soares eta Carlos Amarante arkitektuak kontratatu zituztenean.
XX. mendetik aurrera
XX. mendean goraldiak eta beheraldiak ezagutu zituen Bragak. Nekazal eremuetatik hirirako migrazioak gertatu zirenez hiria handitu beharra izan zen eta azpiegiturak modernizatu.
Bragaren iparraldetik Cávado ibaia pasatzen da eta hegoaldean Este ibaia dago. Lurraldean muinoak eta haranak tartekatzen dira, Serra dos Picos (566m) eta Serra dos Carvalhos (479m) dira mendilerro garaienak eta udalerriko kota baxuena 20 metrotan dago.