Donostian Jose Manterolaren inguruan eratutako idazle multzoaren parte izan zen Iraola. Marrazkilari trebea izan zen, izkirimiri, erretratu eta ilustrazio marrazki ugari egindakoa, eta ikertzaile askoren ustez komikigintzaren aitzindari izan zen Euskal Herrian. Litografia lantegian berrikuntza tekniko aurrerazaleak aplikatu zituen, besteak beste, kolorezko litografiak argitaratu ahal izateko.
Bizitza
Lehen urteak
Biktoriano Iraola Pasai Donibanen jaio zen 1841ekomartxoaren 23an.[1] Ama Josefa Carmen Aristegieta Berra[2][oh 4]igeldoarra zuen, eta aita, berriz, Jose Luis Iraola Odriozola, Ibarrako semea. Sei senidetan, laugarrena izan zen Biktoriano. Bera baino zaharrago, Jose Luis (1837)[3] eta Petra Maria Antonia (1839);[4] eta gazteago, Tomas Lukas (1843),[5] Paskual Kaietano (1846)[6] eta Josefa Ramona Paskasia (1849).[7] Lehenengoa eta azkena Donostian bataiatuak, gurasoak Gipuzkoako hiriburuan ezkondu baitziren;[8] gainerakoak Pasai Donibanen. Sorterriari zor zion maitasuna handikiro azaldu zuen Iraolak sarritan; «Santiaguetan» izeneko sei bertso jostatzaileetan[9] eta, batez ere, Pasayan zarzuelan.[10][oh 5]
Lanbidea eta ezkontza
Lanbidez litografo izan zen Iraola. DonostiakoLegazpi kaleko bosgarrenean izan zuen bizilekua eta lantegia. Inprimategiko tresneria mugitzeko astoa zerabilen etxe barrunbeko patioan jira-bueltaka,[12]Rosita izeneko asto emea.[oh 6]
Iraolaren izena estuki dago loturik XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasiera arteko Donostiari. Zenbaitetan, literatura lanen bitartez garaikide izan zituen herritar ezagunak azaldu zituen: Shordo, Ishkiña, Brokolo orduko donostiarren izenak dira.[22] Iraolak horiei buruz idatzitako antzerki pieza laburrak izan ziren txalotuak Antzoki Zaharreko saioetan.[23]
Iraolaren lanek aditzera ematen dute oso aldarte oneko gizona izan zela. Kronistek ere hala diote, baita zenbait gertakari kontatzen ere: Bigarren KarlistaldiantxapelgorriekArratzain menditik Donostia erasotzen zutelarik, lehertu gabeko bi granada jaso eta etxean gorde zituen oroigarri gisa.[24]
Hala ere, gizon langilea izan zen Iraola, eta ez zuen onartzen etxera inor opariekin eta gisakoekin etortzea.[25]
Bilintx
Bere garaiko donostiar idazle gehienek bezala, Iraolak ongi ezagutu zuen Indalezio Bizkarrondo Bilintx; haren irudiaren erretratu ezagunena Iraolak marraztu zuen, eta Euskal-Erria aldizkarian argitaratu 1885ean.[26]
Iraolak eta beste zenbait lagunek jarri zuten Donostiako hilerrian Bilintxek duen oroitarria,[27] eta aldi berean ere aurkeztu Donostiako Udalean 1884kootsailaren 6an eskabide bat, Antzoki Zaharreko iparraldera jotzen duen kale laburrari Bilintxen izena jar ziezaioten.[28][29]
Ez da Bilintxena Iraolak egindako marrazki bakarra: lanen zerrendan ageri dira argitaratutako guztiak, eta hor ikus daiteke marrazkia, erretratua eta komikia (marrazkiz eta testuz eratutako istorio labur, gehienetan barregarriak) asko landu zituela.[23]
Politika
Urte luzetan, Donostiako Udaleko zinegotzi izan zen, udaletxea Konstituzio plazan zegoenean. Orobat, 1873. urtean hasi eta ia etengabe 1905. urte bitartean kargu politikoak izan zituen udal korporazioan, gaur egungo zinegotziaren gisakoak beti. Donostiaren hiri zabalkunderako aparteko garrantzia izan zuten urteetan izan zituen Iraolak ardura politikoak.[30]
Soka-muturra
Iraolak gogor lan egin zuen Donostiako kaleetan soka-muturraren ohitura gal ez zedin; urtarrilaren 20an hasi eta Inauteri asteartea bitartean, igandero korritzen zen zezena Donostiako kaleetan. Festa hori kentzeko 1902kourtarrilaren 14an udalak emandako erabakiak istiluak sortu zituen hirian.[31]
Udal langileek euskaraz jakin behar
Zinegotzi zelarik, borroka egin zuen udal langile izateko baldintzapenen artean ezar zedin euskaraz jakitea. Zehazki, zerga agenteen («celadores de arbitrios») lanpostu batzuk betetzeko deia egin behar zuen Donostiako Udalak 1891n. Ekainaren 8ko udalbatzarrean, Feliziano Etxeberria zinegotziak proposamen bat aurkeztu zuen, lanpostu haietan ez zedin eskatu nahitaez euskaraz jakitea; Biktoriano Iraola gogor mintzatu zen proposamenaren aurka, baina bozketa galdu egin zuen (11 alde, 7 aurka).[oh 10]
Okendoren omenezko estatua
Baita ere, Antonio Okendoren omenez Donostian dagoen estatuaren bultzatzaileetako bat izan zen, 1887an.[oh 11]
Heriotza
1919koirailaren 19an hil zen Biktoriano Iraola, goizeko bederatzietan, Donostiako bere etxean. Hurrengo egunetan argitaratu ziren ohar nekrologikoek aho batez azpimarratu zuten Iraolaren izaera zuzen eta langilea.[32]
Donostia militarren hiri gotortua izan zen XIX. mendean zehar, 1863an harresiak eraitsi ziren arte. Ordutik aurrera, hiri zabalkundeari ekin zion Donostiak, merkatari, eskulangile eta burgesia txikiak bere gisara moldatutako turismo hiria bilakatzeko.
Giro berritzaile hartan, eta euskal foruak1876an indargabetzeak euskal intelektualen artean sortarazitako kontzientzia hartzeari loturik, eratu zen Donostiako mugimendua. Biktoriano Iraola mugimendu horren partaide eta eragile sutsuenetako bat izan zen, ez bakarrik literaturaren esparruan, baizik ere donostiarren bizitza sozialaren muinean ziren jai ospakizunetan.[35]
Adiskide izan zituen, besteak beste, Bilintx, Ramon Artola edo Klaudio Otaegi, haiei egindako marrazkietan ikus daitekeenez. Raimundo Sarriegi ere adiskide mina izan zuen, eta haren musikari hitzak jarri zizkion, adibidez Donostiako pertzegile edo kaldereroen festan euskaraz kantatzen den «Alanbratzekorik»[36] piezari. «Unión Artesana» elkartearen sortze agiriaren sinatzaileetako bat izan zen Iraola,[37] eta Donostiako danborrada haren etxe aurrean gelditzen zen jotzera.[38]
Idazle
Iraola bere literatura lanez nola bizitza publikoaz XIX. mendearen hondarretan zabaldu eta hiritartu zen Donostiako bizitzaren partaide osoa izan zen; jaiotzez pasaitarra izanik ere, esan daiteke Iraola donostiarra izan zela bizitzaz eta buru-bihotzez.[39]
Euskal Herriak foruak galdu berriak zituela, XIX. mendearen azken hamarkada aldera, intelektual talde handi bat bildu zen Donostian, Jose Manterola Beldarrain irakasle gazte kementsuaren gerizpean:
Guztiokin batera Donostiako bizitza herritar festazalearekin elkarturik ibiltzen ziren beste hainbat kaletar: Angel Minondo[oh 14], Donostiako soka-muturra eta kalderero edo pertzegileen zuzendaria, Pello Laudaude, Shordo, Ishkiña, Echekalte edo Antton Mugika.[40]
Iraola litografo bezala, lanbide askotarikoak ziren: Soroa eta Norberto Luzuriaga gimnastika irakasle ziren, Pepe Artola iturgin eta Eugenio Gabilondo kazetari. Eskulangilez osatutako taldea izanda ere, literatura, antzerkia eta musika ipini zuten jarduera sozialaren bihotzean, harresiak bota berriak eta zabaltze bidean zen Donostia hartan.[41]
Poemak eta bertsoak
Poema gehienak bakanka idatzi eta argitaratu zituen Biktoriano Iraolak, egunkarietan nahiz aldizkarietan, batez ere Euskal-Erria aldizkarian.
Liburu gisa argitaratu zituenean ere, poemek ez zuten barne loturarik, gaiaren aldetik bederen. Kontuchoak (1886) gisa horretakoa da, bertso eta poema bakanez osatua; liburuan bildutakoak, geroztik, Euskal-Erria aldizkarian argitaratu zituen. Apurrak liburua (1895) ere poema soltez egina da; bukaeran, baina, «Bisajiak» izeneko sail bat du, Donostiako 16 pertsonaia ezagunen erretratu modukoak, poema banatan.
Ziriyak argitaratu gabeko eskuizkribua bide beretik egina da. Koaderno baten 131 orrialdetan eskuz idatzitako 269 poemaz osatua da. Formaz eta neurriz, gehienak hamarreko handian eginak dira, estiloz eta moldez bertsolaritzaren oso hurbileko moduan. Koaderno berean eta jarraian, azken 70 orrialdeetan, Choriyak izenburuko eskuizkribua dago. Poema edo bertso horiek ere hamarreko handian daude, eta 24 txoriren deskribapenak dira. Azken bertsoaren oinean, Biktoriano Iraolaren izenpea ageri da. Bertso sail horren osagai gehienak Euskal-Erria aldizkarian argitaratu zituen 1913-1914 bitartean. Datu hori kontuan hartuta, eta eskuizkribuak ageri duen idazkera kontuan hartuta, pentsa daiteke Ziriyak eta Choriyak eskuizkribua urte tarte horretan idatzia izan zela.[oh 15]
Iraolaren bertso edo poemen artean sailkatu behar dira, baita ere, itanasiak (igarkizunak bertsotan).
Iraolaren poemen bilduma bat argitaratu zuen Auspoa liburutegiak 1997an, Au poza senti det eta beste bertso asko izenburuaz.
Ipuinak eta narrazioak
Iraolak hitz lauz idatzitako lan gehienak Baserritarra eta Euskal-Erria aldizkarietan argitaratu zituen. Baserritarra aldizkaria Iraolak berak sortu zuen eta bere litografia lantegian inprimatu zuen. Izenburuak aditzera ematen duenez, nekazarientzat sortutako testu eta irakurgaiez osatua zegoen.
Prosazko lanen artean sartu behar dira, baita ere, izkirimiri idatziak[oh 16](pasadizo edo kontakizun laburrak) eta igarkizunak.
Iraolaren ipuin lan gehienak Oroitzak eta beste ipui asko izenburuko liburuan bildu zituen, 1962an, aita Antonio Zavalak, Auspoa argitaletxean. Baita ere, ipuin sorta bat argitaratu zen 1997an, Pasayan zarzuelarekin batera liburutxo batean.[42]
Antzerki lanak
Hamaika antzerki lan ezagutzen zaizkio Biktoriano Iraolari. Guztiak laburrak, Marzelino Soroak, Toribio Altzagak eta, oro har, XIX. mende amaierako bidegileek finkatu zuten eredura. Iraolaren istorioek nahiz pertsonaiek herritar kutsu garbia dute, garai hartako Euskal Herriaren kronika modukoak dira. Gainera, musikaz lagunduta jokatzen ziren antzerki lanak dira batzuetan. Era horretako antzerki lanen erakusle izan daiteke Iraolaren sorterrian girotutako Pasayanzarzuela, Raimundo Sarriegiren musikaz egina.[43]
Obra laburrak izanik, aldizkarien barruan argitaratu zituen gehienetan, nahiz eta gero edo aldi berean liburuxka bereizietan argitaratu.
El Thun Thun - Semanario Koshkero (1894), eta haren jarraitzaile izan zen El Aurresku - Semanario satírico koshkero (1894), poemak eta, batik bat, marrazkiak zein komikiak argitaratu zituena. Nahiz Iraolaren ardurapean egon, aldizkari bion zuzendaria Tiburcio Otsakar izan zen. Gazteleraz eginak ziren bi aldizkariak, eta euskarazko zati asko Iraolak idatzi zituen.[oh 17] Bi aldizkariok Iraolaren ardurapean kaleratu ziren: testu batzuk idatzi zituen, marrazki eta gainerako apaindura asko egiten zituen eta haren lantegian argitaratu ziren.
Baserritarra, 1905eko uztailaren 8ko 20. zenbakitik aurrera «Provintziaco ganaduen terramaco albistaria» zuen izenburuaren azpian; 1907ko abuztuaren 31ko 76 zenbakitik aurrera, berriz, «Nekazarien elkarte anaitasuna-ren albistaria».[oh 18]
Egunkarietan ere argitaratu zituen poemak, ipuin laburrak edo marrazkiak, batik bat bere ideia errepublikazaleekin bat egiten zuten haietan: El Diario de San Sebastián[45], El Pueblo Vasco[46], La Región Vasca[47] eta La Voz de Guipúzcoa.[48]
Kritikarien ikuspegia
Literatura kritikarien arreta piztu izan dute, apalki bada ere, Iraolaren bertsoek eta ipuinek. Orobat, kritikarien ikuspegiz Biktoriano Iraolak maila literario apala du.
Gregorio Mugikaren iritziz, Donostiako mugimenduko beste idazle guztien artean Bilintxen arrastoa gertuenetik Iraolak jarraitu zuen:
«
Nolabait Bilintx'en gogoaren jarraitzaille izan genduan.[49]
»
Koldo Mitxelenak, berriz, Iraolaren idazlanen maila haztatu nahirik, nahiago izan zuen irakurlea jakinaren gainean jarri:
«
Malizibideetan barrena geiegi aurreratu gabeentzat egin bide zituen ezkero, orrelako irakurlerik arkituko al dute gaur bertan ere gure artean. Proust eta Kaffka-zale amorratuek ―oraingoagoak ixil ditzagun― obeko dute, bear bada, orrialde oriek irakurtzen ez astea, galbidean gerta eztitezen.[50]
»
Santi Onaindiak, baina, «idazle jatortzat» jotzen zuen Iraola:
«
Badute piperra Iraolaren ipuin, bakarrizketa, antzerki eta olerkiek.[51]
»
Juan Luis Zabalak aukera bat ikusten zuen Iraolaren idazlanetan mende arteko Donostia nolakoa zen jakiteko.[52]
Joxemiel Bidador idazlearen iritziz ere, bai bertsoetan, bai ipuinetan, esan daiteke Iraola XIX. mende amaieran Donostian euskal letrak arnasberritzen saiatutako belaunaldiaren ordezkari bat dela.[53]
Javier Rojo kazetariak honela laburtu zituen Iraolaren literatura lanen ezaugarriak:
«
Teknikaren aldetik, bertsolaritzaren eta poesiaren erdibidean aurkitzen dira eta ikuspuntu postromantikoa edo erakusten dute. Egia esan, ez dirudi oso idazle puntakoa izan zenik, baina idazlan hauek garapen interesgarria erakusten dute, denboraren poderioz bere lanak askoz aberatsagoak egin baitziren bai errekurtsoen erabileran, bai gaien garapenean.[54]
»
Asier Barandiaran irakasleak, azkenik, Iraolaren adierazkortasuna nabarmendu zuen:
«
Erreferentzia eta eredu literario jasorik agertzen ez duen arren, adierazkortasunez eta ahozko estiloko ezaugarriez ondo jantzirik daude bertso horiek eta horretan datza bere arrakastaren giltzarrietako bat. Bere irudimen eta iruditegi oparoak, kontu historikoen berri ematerakoan, zertzelada bitxi eta detaile agonistiko harrigarriak erakustera bultzatzen du testuak egilea, irakurlearen erakargarri eginez. Bertso-jartzailearen tankera landuak erakusten ditu, bai erabilitako neurrietan, bai bertso-lerroak ondo tolesteko baliabideetan.[55]
»
Kritikaren iritziz, beraz, Iraolaren lanetan ez daiteke maila literario goraturik aurkitu. Hala eta guztiz ere, Iraolak ospe eta itzal handia bereganatu zuen bizi izan zen garaian, irakurleen artean bezala zirkulu intelektualetan ere. Horren lekuko izan daiteke Miguel Unamunok Iraolaren poema bat irakurri zuela jendaurrean, Bilboko Gaiarre antzokian, 1886ko martxoaren 23an, Sabino Aranak eta Camilo Villabasok sortu zuten elkarte folklorista baten ekitaldi batean.[56]
Marrazkilari
Egunkari eta aldizkariei dagokienez, marrazkigintza garrantzi handiko jarduera zen XIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen hasiera bitartean; hain zuzen ere, Biktoriano Iraolaren bizialdian. Garai haietan inprimategiko teknikak ez zeuden guztiz garatuta argazkiak argitaratzeko, eta marrazkiek betetzen zuten, maiz, testuak ilustratzeko eginkizuna. Era horretakoak dira Iraolaren marrazki asko, testuak ilustratzeko berariaz egindakoak, baina gehienak marrazki autonomoak dira: testuz lagunduriko izkirimiri edo istorioak, baita testurik gabekoak ere, batzuetan.
Komikiak
Ikertzaile batzuek Biktoriano Iraola jotzen dute Euskal Herriko komikigintzaren aitzindari; besteak beste, Jexux Zubiaurrek:
«
Euskal Herriko komikiaren lehen aztarnak XIX. mende amaierakoak ditugu. Euskarazko lehen lanen erreferentzia aurkitzeko, ordea, 1907. urtera jo behar dugu, Baserritarra aldizkarira. Victoriano Iraola izan zen proiektu haren bultzatzailea eta bertan, baserri giroko testu eta istorioen artean, hainbat komiki plazaratu zituen. Egundaino oso gustuko izan dugun umorea jorratu zuen, herrietako aldrebeskeria eta pasarte dibertigarriak moldatuz, betiere garaiko euskara herritarra islatuaz. On Kosmerentzat istorioa horren adibide garbia da.[57]
»
Beste ikertzaile batzuen arabera, Espainian komikigintza landutako lehen marrazkilarietako bat da Iraola.[58]
Egia esateko, Iraolak egindako marrazkietatik, biñetatan banatutako istorio bakarra duten komiki edo banda marraztu bi besterik ez dira gordetzen, Baserritarra aldizkarian argitaratutakoak 1907an eta 1908an.
«On Kosmerentzat», Baserritara 1907
«Biaje bat», Baserritarra 1908
Izkirimiriak
Gai irrigarri batekin, marrazkiz eta testuz osatutako istorio laburrak dira; gehienetan, marrazki edo biñeta bakarrekoak, eta askotan elkarrizketa moduan osatutakoak.
Izkirimirietan pertsonaia herritarrak ageri dira, eta bizitzaren eguneroko neke-pozetatik hartutako gaiak aurkezten dituzte (dirua, lana, maitasuna, gosea, osasuna, pobrezia, engainua eta gisakoak).
El Thun Thun, El Aurresku,La Galerna eta Baserritarra aldizkarietan argitaratu zituen, bai euskaraz, bai gaztelaniaz.
Marrazkietan eta izkirimirietan emakumeen gaineko ikuspegi androzentriko markatu bat erakusten du Iraolak.[oh 20]
Izkirimiriak euskaraz
Izkirimiriak gaztelaniaz
Gorputz osoko erretratuak
Bere garaiko pertsonaia ezagun, idazle, politikari edo adiskideen erretratu ugari marraztu eta argitaratu zuen Biktoriano Iraolak. Horien artean, nabarmentzen dira euskaraz idazten zuten poeten erretratuak; tartean, emakume bakarrarena: Rosario Artola.[oh 21] Era honetako erretratu guztiak El Thun Thun aldizkarian argitaratu zituen.
Gorputz osoko erretratuen kasuan, Iraolak karikaturaren aldera jotzen zuen, eta burua nabarmen handiago duten irudiak marrazten zituen. Jose Maria Unsain historialariak ohartarazten du karikaturaren teknika horretan zehazki errespetatzen zela aurpegiaren itxura errealismoz jasotzea; baimentzen zen deformazio bakarra zen buruaren proportzioa handitzea, gorputzaren aldean. Dirudienez, karikatura teknika hori Frantzian hedatu zen, Bigarren Inperioaren garaian.[59]
Lumaz egindako erretratuak ziren beti, errealismo eta xehetasun handikoak, aurpegiaren eta begiradaren itxura fideltasun handienaz jasotzeko asmoz eginak.
Umoreaz eta erretratuez aldendutako beste marrazki batzuk ere argitaratu zituen Biktoriano Iraolak, gutxiago badira ere. Sail honetan nabarmentzekoak dira euskal emakumeen figura tradizionalez egindakoak (baserritarra, sardina saltzailea eta Pasaiako batelera), Euskal-Erria aldizkarian argitaratutakoak. Gisa honetako beste marrazki batzuk El Thun Thun aldizkarian agertu ziren.
Beste marrazkiak
Bestetan, autonomiarik gabeko marrazkiak argitaratu zituen, hori da, testuen osagarri gisakoak, argitalpenaren testu jarraitasuna maketazioan arintzeko xedez edo aldizkariaren denbora-pasaren atala osatzeko helburuz egindakoak. Atal honetan ere trebetasun handia erakutsi zuen Biktoriano Iraolak, batik bat El Thun Thun aldizkarian.
Ilustrazio marrazkien adibide batzuk
Kritikaren ikuspegia
Jose Maria Unsain historialariaren ustez, Iraolaren marrazkien adierazgarritasuna zorrotzago agertzen zen izkirimirietan edo karikaturetan, pertsonen erretratuetan baino, nahiz eta umorearen edukia testuan oinarritzen zen, marrazkiaren moldaeran baino gehiago. Zorroztasun hori honela azaltzen du Unsainek:
«
Iraolak argi utzi zuen umorea egin zezakeela ez bakarrik testuen bitartez. Hori da, adibidez, «Copiando del natural» hitzik gabeko komikiaren kasua. Pikaroa, arlotea eta figura koxkeroak izan ohi dira Iraolaren izkirimirien pertsonaiak, baina batzuetan gai galaietara ere lerratuko da pixka bat. Oro har, El Thun Thun aldizkariaren umore grafikoa bat dator testuen doinu neutro eta zertxobait jostirudizalearekin.[60][oh 22]
»
Irudi baten dohaintza
San Telmo Museoaren gobernu batzordeak dohaintza bat jaso zuen 1905eko azaroaren 25ean, Biktoriano Iraolak museoari egindakoa. Lamina bat da, gutxi gorabehera A3 tamainakoa, lumaz eta koloreko tintaz egindako litografia bat, irudikatzen duena Peruko El Callaoko itsas borroka, 1866ko maiatzaren 2an gertatua, Hispano-hegoamerikar Gerraren garaian.[61]
Berrikuntza teknikoei dagokienez, litografia aurreratua izan zen Biktoriano Iraolaren lantegia, itxura guztiaren arabera: irudiak eta testuak integratzea, koloreen erabilera eta maketazio landua nabarmentzen dira haren lanetan, bereziki El Thun Thun eta El Aurresku aldizkarietan. Bi aldizkari horien zuzendaria Tiburcio Otsakar izan zen, gerora nafar sozialismoaren figura garrantzitsu bat izan zena, eta Errepublikaren aurkako matxinada piztu orudko frankistek hil zutena Iberon.[62] Aldizkariak argitaratu ziren garaian, Iraolaren litografian lan egiten zuen Otsakarrek.[oh 24]
Jose Maria Unsain historialariak nabarmentzen du El Thun Thun aldizkariak kolorea ekarri zuela azalera. Garai hartan ez bide zen gauza arrunta koloretan inprimatzea: litografia teknikaren barruan, kolorezko (kromolitografia) lehen inprimaketak Godefroy Engelmann-ek egin zituen, 1836an,[63] eta El Thun Thun aldizkaria 1894an argitaratu zen, kolorearen teknika aitzindariak oraindik zabaldu gabeak ziren garaian.[64] Argi dago Iraolak koloretan inprimatzeko teknika landu zuela, kolorea erabili baitzuen ez bakarrik El Thun Thun aldizkarian, baizik ere liburu batzuen azalean (Apurrak, 1885, besteak beste) eta, bereziki, Euskal Festen oroimen txostenetan.
Euskarazko Itz Jostaldien Batzarra
Euskarazko Itz Jostaldien Batzarrak urtez urte antolatzen zituen lore jokoen oroimen txostenen azaletan Biktoriano Iraolaren marrazkigintza eta ilustrazioaren trebetasunak ez ezik, litografiaren tekniken gaineko gaitasunak nabarmentzen dira, konposizioaren eta koloreen kalitatearen aldetik.
Iraolaren litografian argitaratutako Euskarazko Itz Jostaldien Batzarraren oroimengarriak
Donostia 1894
Arrasate 1896
Oiartzun 1897
Zestoa 1898
Zumarraga 1899
Zumaia 1900
Azpeitia 1901
Oñati 1902
Irun 1903
Ordizia 1904
Joko kartak
Liburu edo aldizkari formatuko argitalpenez gain, jokorako kartak ere diseinatu, marraztu eta inprimatu zituen Biktoriano Iraolak bere litografian. Marrazkietan, karikaturara jotzen zuen kasu guztietan, eta kolorearen kalitatea maila handikoa zela ikusten da, Espainiako Liburutegi Nazionalean gordetzen diren bi adibideetan.
Iraolak marraztu eta inprimatutako bi karta-sorta hauek ezagutzen dira:
Karta-sorta komikoa: XIX. mendeak Espainian zarzuelaren arloan nabarmentzen ziren zenbait kantariren karikaturak baliaturik egindako karta-sorta bat da.
Karta-sorta zezenzale-politikoa: XIX. mendeko Espainiako politikari ezagunen karikaturetan oinarritutako karta-sorta bat da.
Irudien trataeragatik eta antzematen den asmoagatik, bi karta-sorta hauek satiraren edo umorearen arloan kokatu behar dira. Karta espainol motakoak dira biak, hau da, lau multzotan banatuak: urre, kopa, ezpata eta bastoi. Karikaturetan, buruak proportzio handia hartzen du gorputzaren aldean, baina aurpegiaren erretratua errealismo handiz egina dago, irudikatzen den pertsona aise ezagutzeko eran.
Dirudienez, karta hauek pospolo ontzi baten tamainako kaxatan gorde eta erabiltzeko zeuden prestatuta: karta bakoitzaren neurria da 48 mm x 38 mm; hori da, karta espainol ohikoak baino nabarmen txikiagoa.
Alderdi kromatikoan, gorria eta horia dira kolore nagusiak, irudien barnea betetzeko gailentzen baitira; bigarren mailan, berdea, eta askoz gutxiago urdina. Karta gehienen funtsa urdin argiz koloreztatuta ageri da. Kolore horiez gain, beltza erabiltzen da soilik marrazkien traza egiteko.
Karta-sorta komikoa
Paper orri bakarrean (207 mm x 398 mm) inprimatutako karta-sorta bat da, ebaki gabeko 40 karta irudikatzen dituena.[65] Ziurrenik, erakusgarri gisa erabilitako orri bat da, litografia edo inprimaketa lan baten proposamen edo aurrekontu bat aurkezteko.
Paper orriaren oineko ertzean, Biktoriano Iraolaren sinadura ageri da, tinta beltzez eta eskuz idatzita, aurretik lekua eta data dituela («en San Sebastian 14 Abril 1886»). Ikusten da paper orria tolestuta egon dela luzaroan, bi plegaduratan; horren ondorioz, karta batzuen eskuin ertza hondatuta ageri da, goitik behera (4 urre, 1 ezpata, 11 ezpata eta 5 bastoi).
Karta-sorta honetan Espainiako zarzuelaren arloan XIX. mendearen amaieran ezagun ziren pertsonaiak irudikatzen dira. Horien artean daude Julian Gaiarreerronkariarra (12 urre) eta Pablo Sarasate iruinxemea (4 kopa).
Bost urre kartaren erdian, egilearen zigilu moduko bat ageri da: «Baraja cómica. Lit. V. Iraola. Sn. Sn. Es propiedad». Baita ere, «Baraja cómica» idazpena ageri da 1, 4, 6 eta 7 urrean; 4 eta 6 kopan; 4, 5 eta 6 ezpatan; eta 4 bastoian.
Karta-sorta komikoa
Karta-sorta zezenzale-politikoa
Lau paper orritan (108 mm x 242 mm handiena) inprimatutako karta-sorta bat da, ebaki gabeko 40 karta irudikatzen dituena.[66] Ziurrenik, lagin bat da, erakusgarri gisa erabilitakoa, litografia edo inprimaketa lan baten proposamen edo aurrekontu bat aurkezteko. Lehen eta bigaren paper orriek 12na karta dituzte, hirugarrenak 10, eta laugarrenak 6 karta.
Paper orri bakoitzaren oineko ertzean, Biktoriano Iraolaren sinadura ageri da, tinta beltzez eta eskuz idatzita, eta aldamenean lekua eta data. Lehenengoan, lehendabizi sinadura eta gero «en S. Sebastian, 22 Julio 1886»; bigarrenean eta hirugarrenean, «S. Sebastian, 22 Julio 1886» eta sinadura gero; eta laugarrenean, paper orriaren ezker eta behe ertzak erabilita jarraian, «San Sebastian, 24 Julio» eta sinadura gero.
Karta-sorta zezenzale-politikoaren lau paper orriak
Itxura guztia du lehen paper sorta eta beste hiruak une desberdinetan eginak edo inprimatuak izan zirela. Alde batetik, guztiak gama kromatiko berdintsuan eginak badaude ere (gorria eta horia nagusi; bigarren mailan, berdea, eta askoz gutxiago urdina) lehen sortako irudi guztiek funtsa urdinkara bat duten bitartean, beste hiru sortetan funtsa ez da uniformea, baizik horixka, eta irudia zutik ageri den kasuetan, lurrean urdinkara.
Lau urre kartaren erdian, idazkun hau ageri da: «BARAJA TAURINA-POLITICA ES PROPIEDAD Lit. V. Iraola S. SEBASTIAN»; eta lau kopa kartan «BARAJA TAURINA POLITICA ES PROPIEDAD Lit. V. Iraola S. SEB[ASTIA]N»
Biktoriano Iraolaren eskuizkribu batzuk gordetzen dira Koldo Mitxelena Kulturunean, gehienak digitalizatuta eta liburutegiaren katalogoan eskuragarri.[67] Multzo horretan digitalizatutako eskuizkribuen artean nabarmentzekoak dira Pasayanzarzuelarenlibretoa eta musikaren partizioak.[43]
Donostiako Udal Liburutegian, berriz, Ziriyak argitaratu gabeko eskuizkribuaren koadernoa gordetzen da, 131 orrialdetan eskuz idatzitako 269 poemarekin, eta azken 70 orrialdeetan, Choriyak izenburuko eskuizkribua duela.[oh 15]
Raimundo Sarriegi lagun hurkoa zuenez, Biktoriano Iraolak maiz idatzi zituen poema edo antzerki lanen hitzak, Sarriegiren musikaz lagunduta argitaratuak edo jokatuak izan zitezen.
Halakoen artean dago Petra, chardiñ saltzallia (1888) zarzuela. Antzerki lan musikatu honen lehen moldaera 1888an argitaratu zen, Euskal-Erria aldizkarian[68] eta antzokirako esku orri gisa.[69] Geroago, 1903an, obraren moldaera luzeago bat argitaratu zuen Iraolak bere litografia lantegian, izenburu berarekin, baina hasierako kantari egintza elkarrizketatu gehiago erantsita.[70]
Obraren hasierako kantak, hain zuzen ere Raimundo Sarriegiren musikaz lagunduak, soinu grabazio batean jasoak izan ziren 1924an, Celestino Sarobebaritonoaren ahotsaz eta orkestraz lagundurik; grabazio hori sarean entzun daiteke.[oh 25]
Ergobiyan. Jostirudia egintza batian eta bi zatitan edo bi kuadrotan Victoriano Iraolak moldatua. V. Iraola. Donostia 1901.
Gabonetan. Zarzuelatsua bi atal edo egintzetan Biktoriano Iraola-tarrak izkribatua. «Alkartasuna» deritzaion Bilbo-ko batzokiak saritua. Bilbon Euskalzale-ren moldagintzan 1898. 21x13 cm. 47 or.
Leokadia esangia edo zarzuelachua egintza batian beste liburu batetik moldatuba Victoriano Iraola-k. On N. Luzuriaga-ren musika. Donostian, Ignazio Ramon Baroja-ren semeen moldizkiran 1891. 16,5x11,5 cm. 30 or.[oh 26]
Ardita beti ardit esanguia egintze batian eta bersuan, antolatuba librekiro beste liburucho batetik Victoriano Iraola-c. 1884. Donostia, Peña eta Pozo.. 41 or. Jatorrizko obra: Pelayo Castillo (1867) El que nace para ochavo... Proverbio en un acto y en verso. Madrid, Imprenta José Rodriguez.[72][73]
Bi ichubak - Eguintze batian eta bersuan - Erderaik moldatuba librekiró. Donostia 1884. Peña eta Pozo. 21x14,5 cm. 25 or.[74]. Jatorrizko obra: Luis Olona (1885) Los dos ciegos : entremés lírico-dramático arreglado a la escena españolI. Musika: Francisco A. Barbieri.[75]
Marrazkiak
Komikiak
«Biaje bat». Baserritarra 1908-85-2.
«On Kosmerentzat». Baserritarra 1907-83-2.
Izkirimiriak euskaraz
«¡Afariya...». El Thun Thun 1894-08-05.
«¡Ai, ¡Ai, ¡Ai». La Galerna 1890-08-31.
«¡Gisarajua!». La Galerna 1890-09-21.
«¡Kontu!». La Galerna 1890-08-10.
«¡Orchen pinto!». La Galerna 1890-07-27.
«¡Teink!!». La Galerna 1890-06-01.
«Albistia». El Thun Thun 1894-07-22.
«Andre Pillipa». El Thun Thun 1894-05-20.
«Arguibideak». El Thun Thun 1894-04-01.
«Arotzeyan». El Thun Thun 1894-07-29.
«Betiko kanta». El Thun Thun 1894-03-25.
«Churikatzen». La Galerna 1890-09-14.
«Echian». El Thun Thun 1894-09-16.
«Eiztariyak». La Galerna 1890-05-11.
«Eztakit goiko neskak...». Baserritarra 1908-87-4.
«Gertatua». El Thun Thun 1894-06-17.
«Goi-erritarra». La Galerna 1890-05-18.
«Itsasuan».La Galerna 1890-08-15.
«Kalian». El Thun Thun 1894-06-10.
«Kalian». La Galerna 1890-05-04.
«Kanpuan». El Thun Thun 1894-05-13.
«Kanuto». El Thun Thun 1894-09-02.
«Kapitalistak». El Thun Thun 1894-05-27.
«Keja». El Thun Thun 1894-07-08.
«Legorreko arrantzaliak». El Thun Thun 1894-04-08.
«Mandatariya». El Thun Thun 1894-06-24.
«Medikubak esn du...». El Thun Thun 1894-08-12.
«Melchor ¿Bai al dezu...». El Aurresku 1894-10-06.
«Mutill obeditua». El Thun Thun 1894-04-22.
«Nik laztan bat…». El Thun Thun 1894-09-30.
«Non jarri diyozu...». El Aurresku 1894-10-20.
«Ondarrian». La Galerna 1890-08-03.
«Osaba eta illoba». La Galerna 1890-09-28.
«Ostatuan». La Galerna 1890-08-24.
«Pagatzalle ona». La Galerna 1890-09-07.
«Piztiyak». La Galerna 1890-06-08.
«Playan». La Galerna 1890-07-20.
«Retrete». El Thun Thun 1894-08-26.
«Sagardotegiyan». La Galerna 1890-05-25.
«San Tomasetan». Baserritarra 1907-84-1.
«Udako gauzak». La Galerna 1890-07-06.
«Ukulluan». El Thun Thun 1894-06-02.
«Usariyua». El Thun Thun 1894-07-15.
«Zein da». El Thun Thun 1894-09-09.
«Zer arrapatzen…». El Thun Thun 1894-09-23.
Izkirimiriak gaztelaniaz
«¡Arriba!.». El Thun Thun 1894-08-05.
«¡Vaya con la Petra-Chiki...». El Thun Thun 1894-08-05.
«A elegir». El Thun Thun 1894-06-10.
«A San Sebastián». El Thun Thun 1894-08-19.
«Abril». El Thun Thun 1894-04-08.
«Bando». El Thun Thun 1894-05-13.
«Cantinera». El Thun Thun 1894-07-29.
«Chin-Ten-Chan». El Thun Thun 1894-09-09.
«Compromiso». El Thun Thun 1894-06-02.
«Copiando del natural». El Thun Thun 1894-08-26.
«Cosas de verano». El Thun Thun 1894-08-12.
«Cura radical». El Thun Thun 1894-07-22.
«Dónde va…». El Thun Thun 1894-09-02.
«El mundo al revés». El Thun Thun 1894-09-30.
«En casa de un amigo». El Thun Thun 1894-07-08.
«En la pescadería». El Thun Thun 1894-05-27.
«En la playa». El Thun Thun 1894-07-08.
«En San Sebastian». El Thun Thun 1894-06-17.
«Entretenimientos». El Thun Thun 1894-06-24.
«Equivocaciones». El Thun Thun 1894-07-15.
«Festejos de verano». El Thun Thun 1894-05-27.
«Hijas de Eva». El Thun Thun 1894-09-16.
«Inocentadas». El Thun Thun 1894-04-22.
«Inocentadas». El Thun Thun 1894-09-23.
«Invento prodigioso». El Thun Thun 1894-06-24.
«Las patronas». El Thun Thun 1894-07-15.
«Lo que se verá». El Thun Thun 1894-06-10.
«Los pescadores». La Galerna 1890-04-27.
«Los que ese bañan». El Thun Thun 1894-07-22.
«Ni delgada...». El Thun Thun 1894-08-19.
«Nuestra estatua». El Thun Thun 1894-08-12.
«Nuestros hombres». El Thun Thun 1894-04-08.
«Pescador...». El Thun Thun 1894-08-05.
«Pluma del pavo». El Thun Thun 1894-07-29.
«Poco lastre». El Thun Thun 1894-08-26.
«Prisas». El Thun Thun 1894-09-02.
«Proposición». El Thun Thun 1894-09-02.
«Soñando». El Thun Thun 1894-09-30.
«Un acontecimiento». El Thun Thun 1894-06-17.
«Un día de galerna». El Thun Thun 1894-05-06.
«Una tarde de sidrería». El Thun Thun 1894-05-20.
«Varios platos». El Thun Thun 1894-09-16.
«Virtud perseguida». El Thun Thun 1894-09-23.
Gorputz osoko erretratuak
«Angel Minondo». El Thun Thun 1894-07-29.
«Antonio Arzac». El Thun Thun 1894-09-23.
«Carmelo Echegaray». El Thun Thun 1894-06-10.
«Cayetano Sanchez». El Thun Thun 1894-08-26.
«Enrique Laorga». El Thun Thun 1894-09-16.
«Pedro Mari Otaño». El Thun Thun 1894-07-01.
«Felipe Casal Otegui». El Thun Thun 1894-07-29.
«Jose Bernardo Otaño». El Thun Thun 1894-09-02.
«Jose Ignacio Uranga». El Thun Thun 1894-06-24.
«Juan Jose Alkain». El Thun Thun 1894-09-09.
«Juan Pedro Otaño». El Thun Thun 1894-08-05.
«Luis Oteiza». El Thun Thun 1894-07-22.
«Marcelino Soroa». El Thun Thun 1894-09-30.
«Pepe Artola». El Thun Thun 1894-07-08.
«Ramon Artola». El Thun Thun 1894-06-17.
Erretratuak
«Alfredo de Laffitte». El Thun Thun 1894-09-02.
«Artistas de opereta - Juana Granier». El Thun Thun 1894-13.
«Artistas donostiarras. Señorta Garin». El Thun Thun 1894-04-01.
«Benito Jamar». El Thun Thun 1894-04-08.
«Claudio Otaegui. Retrato a pluma». Euskal-Erria 1890-XXII-89.
«Dos famosos pelotaris» (Baltasar eta Mardura). Euskal-Erria 1886-XV-264.
«Francisco Cubas». El Thun Thun 1894-07-08.
«Guillermo Brunel». El Thun Thun 1894-07-15.
«Hilarión Eslava y Elizondo. Retrato». Euskal-Erria 1888-XIX-336.
Jose Maria Unsain (2005) «El humor gráfico en la prensa de Bilbao y San Sebastián (1865-1936)» in Arte aplikatuak I. Historia grafikoa (XIX-XX). Grabatuak, biñetak, komikiak. Lasarte-Oria, Etor-Ostoa. (ISBN 978-84-962-8814-5).
↑Bataio agirian Vitoriano Yraola Aristeguieta gisa dago izendatua. Lehen abizena Yraola grafiaz ageri da idatzita, baita ere, Biktorianoren aitaren nahiz seme-alaba guztien bataio agirietan. Sinaduran ikus daitekeen bezala, hark hala idazten zuen.
↑Biktoriano Iraolaren bigarren abizenaren forma, bataio agiriaren arabera, Aristeguieta da. Hala agertzen da, baita ere, amaren bataio agirian (Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoa DEAH/F06.096//2404/002-01(f.147v,zk.--/B,1815-08-07) Igeldoko parrokian. Hala eta guztiz, idazlearen hil mezuetan Aristiguieta ageri da (ikus La Voz de Guipúzcoa, 1919-09-20, 2. or. eta El Pueblo Vasco, 1919-09-20, 6. or.).
↑Antonio Zavalak (1962, 10. or.) eta Santiago Onaindiak (1974, 183. or.) diotenez, bere izenaz gain, Churi eta Sei goitizenak ere erabili zituen literatura lanak izenpetzeko. Alabaina, artikulu honetan zerrendatzen diren lanen artean ez da behin ere aurkitu halako izenperik.
↑Bataio agirian «Josefa Cayetana Dolores» ageri den arren, Biktorianoren bataio agirian «Josefa Carmen» eta ezkontza agirian «Carmen» soilik izendatzen da.
↑Pasayan zarzuelaren kantuen zati batzuk: ZZ. EE. (1999) Pasaia. Iraganaren oroigarria, etorkizunari begira. Donostia, Euskal Itsas Museoa. {{ISBN|978 84-930344-1-X}}.
↑Biktoriano Iraolaren biloba Ana Balantzategik ahoz emandako datua, 1983an.
↑Antonio Zavalak (1962, 9. or.; 1997, 7. or.) dio Catalina Alvarez azpeitiarra zela, baina bataio agirian ikusten ahal da bergararra zela; «Catalina Josefa Albarez Aguirre» idazkeraz ageri dira izen-deiturak. Ikus «Bataioa Catalina Josefa, Albarez, Aguirre»artxiboa.mendezmende.org(Noiz kontsultatua: 2024-09-07).
↑ abBiktoriano Iraolaren hil mezu batean (ikus La Voz de Gipúzcoa, 1919-09-20, 2. or.) akats bat dago, seme-alabak aipatzen baititu, Dolores eta «Mario». Egiaztatuta dago, ordea, idazlea hil zenean bi alaba besterik ez zituela bizirik, Dolores eta Maria.
↑Erroldatze agiri honetan gaizki ageri dira bai Biktoriano Iraolaren bai Carmen Alvarezen jaioturteak; bi kasuetan, urtebete geroagoko datak.
↑Erabakiak hautsak harrotu zituen, Donostiako egunkari askotan (besteak beste, El Guipuzcoano, El Fuerista, La Libertad eta La Unión Vascongada) udal erabakiaren aurkako protestak argitaratu baitziren. Ikus Euskal-Erria 1891-XXIV-497.
↑«La estatua del insigne almirante donostiarra Antonio Oquendo y Zandategui está situada en los jardines que separan el teatro Victoria Eugenia del hotel María Cristina, en San Sebastián. Fundida con el bronce proveniente de varios cañones cedidos por la Marina, fue levantada gracias a una suscripción popular liderada por el concejal Victoriano Iraola. Colocada la primera piedra en 1887, fue inaugurado en septiembre 1894 el original de yeso mientras la imagen definitiva fue discretamente colocada tres meses más tarde.» Ikus Por la vuelta a España de Cuba, Puerto Rico y Filipinas.
↑Hilobia Santa Klara kaleko 89. zenbakian dago. Idazlearen izen-deiturak hilobiaren harlauza horizontalean ageri da idatzirik. Ikus hemen xehetasunezko irudia.
↑Argazkiaren oinean ikusten da «L. Ducloux» argazkilariak egina dela Biktoriano Iraolaren argazki hau. Leopoldo Ducloux frantses argazkilari bat izan zen, Iruñean ezarritakoa, lehenik, eta 1886tik aurrera Donostian, Urbieta kaleko 16. atarian. Hortik ondorioztatu liteke argazkia 1886az gerokoa dela. Ikus Asunción Domeño Martínez de Morentin (2011) «Una aproximación a la fotografía y a los establecimientos fotográficos de la Pamplona del siglo XIX» in Príncipe de Viana LXXII-254. alea (337-366. or.). Iruñea, Nafarroako Gobernua.
↑Testu soilez osatutako izkirimiri hauek ez dira nahasi behar marrazkiz eta elkarrizketa testuz osatutako izkirimiriekin. Ikus, beherago, Marrazkilari atala.
↑Digitalizatuta dauden aleak: Baserritarra 1905-1911. Atzoko prentsa digitala.
↑Sinadura ("Iraola") behe ezkerraldean ikusten da, saiheska idatzita.
↑Iraolaren marrazkietan ikuspegi androzentrikoa eta emakumeen aurkako estereotiposexistak begien bistakoak dira askotan; besteak beste, euskaraz, «Echian», «Kalian», «Osaba eta illoba» edo «Udako gauzak»; eta gaztelaniaz, «En casa de un amigo», «En la playa», «Los que se bañan», «Prisas», «Proposición», «Virtud perseguida», «El mundo al revés», «Pluma del pavo» edo «Lo que se verá».
↑Gorputz osoko karikatura edo erretratuakEl Thun Thun aldizkarian argitaratu zituen Iraolak. Ohargarria da Rosario Artolaren erretratuaren txanda iritsi zenean ez zuela gorputz osoko karikaturarik egin, baizik gerritik gorako edo aurpegiaren erretratu klasikoago bat. Ikus El Thun Thin, 1894-06-02.
↑Unsainek dioenez, El Aurresku aldizkarian Biktoriano Iraolak bi goitizen erabili zituen: «Sei» eta «Lata» (bi abizenen azken silabekin osatua, ziurrenik); ikus Jose Maria Unsain (2005), 43. or. Alabaina, artikulu hau idazteko kontsultatutako aleetan ez da halakorik aurkitu.
↑Iragarkia agertzen den El Thun Thun aldizkaria Biktoriano Iraolaren moldiztegian inprimatzen zen. Ohargarria da helbidearen kale izena akats batez dagoela idatzita, «Legazpiz», «Legazpi» izan ordez.
↑Tiburcio Otsakar gazte zen, 25 urte zituen 1894an, El Thun Thun, lehendabizi, eta El Aurresku, geroago, inprimatu zirenean Iraolaren litografia lantegian. Ziurrenik, ikasketa garai bat izan zen harentzat, gerora zenbait aldizkari zuzendu eta inprimatu baitzituen, besteak beste Nafarroako UGTren¡¡Trabajadores!!. Ikus Fundación Pablo Iglesias, Diccionario biográfico del socialismo español.
↑Donostia, Columbia Graphophone Company, 1924. Soinu grabazioaren bertsio digitalizatua entzun daiteke Ondare bibliografiko digitalizatuan (kontsultatua: 2021-03-06).
↑Antzerki lan hau Pasaian kokatzen du Iraolak. Honela dio egintza bakarraren sarreran: «Biltokiyak aurkeztatzen du Pasayako plaza. Lendabisi ezkerretará Leocadiaren echia, atia jendiaren aurrez dubela eta leyua ezkuitara edo plaza aldea. Erdiyan arbola bat. Gañerakuan ezkui ezkerrerá kaliak. Atzian playa, zeñetatik ikusten diran mendi altubak eta ayetan karlistak baleude bezela».
↑Ikus Antonio Martín (2000) Los inventores del cómic español: 1873-1900. Bartzelona, Planeta de Agostini. ISBN: 98439586213.
↑Jose Maria Unsain (2005), 42. or. Ikus baita ere Philippe Roberts-Jones (1963) La caricature du second-empire à la belle époque 1850-1900. Paris. Club Français du livre.
↑San Telmo Museoaren gobernu batzordearen akta, 1905-11-25: «El Bombardeo del Callado. Mayo 1866. Dedicada a la Marina Española. Vista panorámica .- Gauchos- Escudo Real. Litografía pluma colores: 0, 30 cm x 0, 45 cm. Por Victoriano Iraola .- 1866 (Donante) Colocada en su passe partout».
↑Ikus Michael Twyman (2007) Images en couleur, Godefroy Engelmann, Charles Hullmandel et les débuts de la chromolithographie. Paris, Éditions du Panama / Lyon, musée de l'Imprimerie, ({{ISBN|978-2-7557-0286-6}}).