Vela edo Bela[1][oh 1] —latinez: Vela— Hego hemisferioko konstelazio bat da. Argo navis konstelazioaren zatiketaren ondorioz sortu ziren lau konstelazioetako bat da. Beste hirurak Carina, Puppis eta Pyxis dira[2].
Vela konstelazioak Bayerren izendapena partekatzen du Argo Navis konstelazioa osatzen zuten beste hiru konstelazioekin. Horregatik, ez du alfa izarrik, ezta beta izarrik ere. Haren izarrik distiratsuena Gamma Velorum da.
Izar nagusiak
- γ Velorum, konstelazioko izarrik distiratsuena. 1,75eko itxurazko magnitudea du.
Izar-sistema boskoitz bat da, eta haren osagai nagusia zeru osoko Wolf-Rayet izarrik distiratsuena eta hurbilena da.
- δ Velorum, 1,95eko magnitudekoa, konstelazioko bigarren izarrik distiratsuena da. Izar-sistema bat da, izar bitar eklipsatzaile batez eta izar zuri-hori batez osatua.
- κ Velorum, 2,47ko magnitudekoa. Izar azpierraldoi zuri-urdina da.
- λ Velorum, 2,23ko magnitudekoa, konstelazioko hirugarren izarrik distiratsuena da. Supererraldoi laranja bat da, eta 570 argi-urtera dago.
- μ Velorum, 2,69ko magnitudekoa. Izar bitar bat da, izar erraldoi hori batez eta nano hori batez osatua.
- ο Velorum, IC 2391 izar-multzoko izarrik distiratsuena.
- φ Velorum, 3,52 magnitudekoa. Supererraldoi zuri-urdin bat da, eta ia 2.000 argi-urtera dago.
Oharrak
- ↑ Euskaltzaindiaren 173. arauak honako hau gomendatzen du: "Euskaraz, konstelazioen izenak adierazteko, komeni da nazioarteko formak —latinezko grafia— erabiltzea, hainbat komeniago testuak zenbat eta teknikoago edo jasoago izan. Nolanahi ere, latinezko izenen itzulpenak edo egokitzapenak ere —azalpen-izenak— erabil daitezke, bigarren mailan, testu didaktikoetan edo azalpen gisa".
Erreferentziak
Kanpo estekak