Herrialdeko hegoaldean dago kokatuta, Frantzia eta Luxenburgorekiko mugan. 16.844 km² ditu, Belgikaren azaleraren % 55,18, baina Belgikako biztanleen herena soilik bizi da bertan.
XIX. mendeko Industria Iraultzaren garaian Valonia Europako gunerik industrializatuena izan zen, Erresuma Batuaren atzetik, ikatz eta burdinameategi handiei esker. Horri esker, aberastasun handia sortu zen Valonian, eta XIX. mendetik XX. mendearen erdialdera arte Belgikako eskualderik oparoena izan zen. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, hala ere, industria astunaren garrantzia txikituz joan zen Europan, eta Flandriak Valonia gaindit zuen aberastasunean. Gaur egun Valoniak langabezia handia pairatzen du eta Flandriak baino BPG txikiagoa dauka. Belgikako bi eskualde hauen arteko desberdintasun ekonomikoa, berezitasun etnikoekin batera, gatazka politiko askoren iturri dira Belgikan.
Valoniako hiriburua Namur da, eta metropolitar eskualderik handiena Lieja da, baina udalerririk jendetsuena Charleroi da. Valoniako hiririk gehienak eta biztanleen bi herenak antzina Belgikako bizkarrezur industriala izandako Sambre eta Meuse haranean bizi dira. Haren iparraldean Belgikako Erdialdeko Lautada dago, laua eta nekazaritzarako egokia dena. Hego-ekialdean Ardenak daude, gutxi jendeztatuta dagoen eskualde menditsua.
Bigarren Mundu Gerran eskualdeen arteko haustura gehitu zen. 1940koalemaniar erasoan zenbait flandriar erregimentuk desertatu egin zuten. Gainera, erregearen jarrera ez zen oso argia eta hori ez zen gustukoa valoniar langileriarentzat.
Ekonomia
Ohituraz, Valonia meatze-eskualdea izan da. Mons-Charleroi arroko ikatzakXIX. mendean valoniarrei boterea eman zien Belgikan, baina lehengo boterea egungo industria-birmoldaketa esan nahi izan du eta, gaur egun, bere ekonomia Flandriakoa baino ahulagoa da.
Valonia aberatsa burdinan eta ikatzean, eta baliabide hauek garrantzi berezia izan dute bere historian zehar. Antzina, Sambre eta Meuse harana industria gune garrantzitsua izan zen Antzinako Erromako inperioan. Erdi Aroan, Valonia letoi eta brontzez egindako tresnen toki bihurtu zen, Huy, Dinant eta Chimay eskualde mailako gune berezi bihurtu zirelarik. XII. eta XIII. mendeetan Liejako maisuek burdina orea birfintzeko metodo bat garatu zuten labe garaien bidez, "valoniarren metodo" deitu zena. Charleroi eta Borinage inguruetan ere ikatz meategiak ustiatu ziren, baina haien emaria txikia zen, eta batez ere erregai modura erabili zen inguruetako zenbait industrietan, esaterako beiragintzara zuzenduta Charleroi inguruan XIV. mendean sortu zena elikatzeko[2].
XIX. mendean eskualdeak iraultza industrialaren ondorioak jasotzen hasi zen, batez ere sillon industriel ("haran industriala") deituriko gunean. Europa kontinentalean guztiz industrializatu zen lehen area izan zen, eta Valonia munduko bigarren botere industriala bihurtu zen, bere biztanleen eta lurraldearen funtzioan, Erresuma Batuaren ondoren. Valoniaz kanpo Belgika osoan sasoian zegoen industria bakarra Gantekooihalgintza industria zen.
XX. mendeko bi mundu gerren ondoren, egoera erabat aldatu zen. 1950eko hamarkadaren amaieran Valoniako lantegiak zaharkituak zeuden, ikatza agortzen ari zen eta hura erauzteko kostua igotzen. Ordutik, Valonia bere burua ekonomikoki birdefinitzeko saioak egiten ari da. Garapen ekonomikoaren berrabiaraztea lehentasuna da agenda politikoan, eta gobernua industria berriak garapena sustatzen ari da, batez ere puntako teknologiari eta enpresa parkeei lotutakoa.[3] Ekonomia hobetzen ari da, baina oraindik ez da Flandriako ekonomiaren mailara iritsi.