Iparraldean, Wyomingeko estatuarekin muga egiten duen eremuan, Uinta mendiak daude (Kings Peak, 4.114 m); Wasatch mendiak, iparraldetik hegoaldera, (Timpanogos, 3.660 m), eta mendebaldean lautada zabal bat hedatzen da, Great Basin deitua (bertan daude Aintzira Gazi Handia eta Aintzira Gazi Handiko basamortua). Gainerakoa, lurraldearen erdia baino gehiago, Colorado ibaiaren arroak hartzen du. Hegoaldean eta hego-ekialdean ere mendi handiak daude: Delano Peak (3.730 m), Mount Ellen (3.487 m) eta Mount Peale (3.989 m). Ekialdetik mendebalera Colorado, Green (aurrekoaren adarra), Price (Green ibaiaren adarra) eta Sevier dira ibai garrantzitsuenak. Lurralde lehorra da, oro har, baina hego-mendebaldeko eremuan klima tropikala da nagusi.
Biztanleria
Iparraldeko Ogden hiritik Provo hiria bitarteko lur-eremuan bizi dira biztanle gehienak. 1970-1980ko urteetan % 38 ugaldu zen biztanleria (Estatu Batuetako epe horretako batez besteko demografia-hazkundea baino hiru bider handiagoa). Biztanleen % 1 amerindiarrak dira, % 4 hispanoak eta gainerakoak ingeles jatorrikoak. Erlijioari dagokionez, mormoiak dira biztanleen bi herenak.
XVIII. mendean espainiar konkistatzaileak iritsi zirenean, shoshone indiarrak bizi ziren lurraldean. 1821. urtean, Mexikoko Lehen Inperioaren barne zegoen, eta 1848. urtean Mexikar-amerikar gerraren ostean, Ameriketako Estatu Batuetako lurralde bihurtu zen, baina ez zuen Estatu egoera 1896. urtera arte lortu, orduan, 45. Estatua bihurtu zelarik.