Testu tipologia giza komunikazioaren oinarrizko unitateak, testuak alegia, sailkatzeko ahalegin metodologikoa da. Adiera zabalean, testua komunikazioa bilatzen duen giza hizkuntzaren unitatea da baina beste erabilpen batean testua idatzizko bertsioari besterik ez zaio esaten, ahozko testuari diskurtsoa esaten baitzaio.
Testu tipologiak hainbat testu mota bereizteko ahaleginak egiten ditu. Zer duten zenbait testuk berdinetik eta zer desberdinetik. Testu motak, testu tipoak[1][2] edo testu generoak[3] sailkatzerakoan, testuaren formari zein testuaren edukiari, mamiari, esanahiari, begiratu izan zaio.
Hona hemen sailkapen batzuk:
Testu generoak / Testu tipoak
Testuen helburu nagusia izan da gehien erabili izan den irizpidea testuak sailkatzerakoan. Baina horrela, —ikus artikulu honetan beherago—, dozenaka testu mota bereiz daitezke. Testu motak eta testu generoak kontzeptuekin sailkapen hobeak lor daitezkeelakoan testu guztiak testu mota nagusi bakar batzuetan multzokatu[4] egin ohi dira eta multzoei genero eta multzo bakoitzean hainbat testu tipo zerrendatu ohi dira[5].
Ahozkoak diren testuei, diskurtso ere deitu ohi zaie. Diskurtso hitzak beti adierazten du ahozko testua, eta testu hitzak, eskuarki, idatzizko testua adierazi ohi du. Dena den, testu hitza, noiz edo noiz, ahozko-testuari erreferentzia egiteko ere erabili izan da.
Ahozko eta idatzizkoen artean tarteko komunikazio unitaterik badago. Esate baterako, hitzaldi batean diapositibak erabiltzen badira, eta bertan idatzitako testuak diskurtsoaren osagarri, orduan ahozko diskurtsoa eta idatzizko testua batera topa ditzakegu.
Beherago agertzen diren testu-tipoen sailkapena, paralelismo erraz batekin, diskurtso-tipoak ere izan daitezke.
Erregistroaren araberako sailkapena
Testuak oso formalak edo oso lagunartekoak izan daitezke, tartean hamaika gradu.
Graduazio horrekin testu-tipoak bereiz daitezke bere formaltasunari erreparatuz. Horrela, esate baterako, gutun formalak eta lagunarteko gutunak bereiz daitezke, formaltasun graduarekin hamaika ñabardura egiteko aukera dagoelarik.
Igorle-hartzaile rol eta kopuruari begira egindako sailkapena
Igorle bakarra edo hainbat igorle egon daitezke testu baten iturburuan. Hartzaileak ere bat edo batzuk izan daitezke. Honela, jendaurreko hitzaldia, lagunarteko elkarrizketa, elkarrizketa formalak, debateak eta beste hainbat testu-tipo deskribatzerakoan, zenbat igorle eta zenbat hartzaile dauden zehaztu ohi da.
Ea norabide bakarreko komunikazioa dagoen, batzuk beti igorle, besteak beti hartzaile... edo ea hartzaile-igorle rolak txandakatzeko aukera dagoen ere zehaztu ohi da.
Testuinguruaren, erabilera eremuaren, araberako sailkapena
Testuak zein egoeratan, zein tokitan, zein testuingurutan agertzen diren kontuan hartuz gero, testuak administraziokoak, akademikoak, hedabideetakoak, literarioak, lagunartekoak, etab. direla esan daiteke.
Zenbait testu genero, hainbat testu mota
Multzo eta azpimultzo asko egin daitezke testu tipoak sailkatzeko. Eleberriarekin egin den bezala, beheko koadroan, beste testu tipo batzuk ere azpimultzo askotan zatitu zitezkeen. Horrela ipuin mota asko daude, poema mota asko, etab. Eta azpimultzo askotan multzo txikiagoak ere egin litezke...
Testu guztiak zerbait nolabait komunikatzeko helburuarekin ekoizten dira baina askotan, testuetan, helburuen artean helburu nagusi bat nabarmen daiteke. Helburu nagusiaren irizpideari jarraiki, testu-tipoak helburu nagusiaren arabera izendatu ohi dira:
Joaquim Dolz & Bernard Schneuwly (Katalanez)Per a un ensenyament de l'oral : iniciació als gèneres formals a l'escola. (traducció fr > ca de Joan Manuel Verdegal). 2006. Argitaratzailea: València : Institut Interuniversitari de Filologia Valenciana ; Barcelona : Publicacions de l'Abadia de Montserrat, 2006 . ISBN: 84-8415-780-6
Felipe Zayas Hernando: (Gaztelaniaz) “El lugar de las tipologías textuales en la didáctica de la lengua” in Aspectos didácticos de Lengua y Literatura, nº 7. I.C.E. Universidad de Zaragoza.