Definizioa adigai bati dagozkion ezaugarriak formula zehatz baten bidez mugatzen duen esaldia edo azalpen testu laburra da.
Ezaugarriak
Definizio on batek, batez ere, lehen esaldian mugatu behar du azaldu nahi duen adigaia. Entziklopedietan, lehen esaldi horri testu bat eransten zaio, azaldu nahi den adigaia hobeto azaltzeko.
Definizioak laburra izan behar du.
Definizioak zehatza izan behar du, definitzen dena antzeko adigaiekin ez nahasteko informazioa eskaini behar da.
Definizioan hiperonimoa agertuko da askotan. Adibidez, mahai hitzaren definizioan, altzarihiperonimoak agertu behar du: gauza edo objektu hitzak ez dira definiziorako nahiko zehatzak.
Definizioak definitzen dena bere osotasunean deskribatu behar du: mahai hitzaren definizio egokiak edozein mahaitarako balio behar du.
Definizioak definitu nahi duenerako bakarrik balio beharko du, ezin izango du antzeko adigairen bat ere deskribatu.
Aditz bat definitzeko, beste aditzen bat erabili beharko da, objektu bat deskribatzeko, hiperonimoa.
Hitz askok adiera bat baino gehiago dituzte. Definizioan adiera horien berri eman behar da.
Definitzen den hitza edo bere eratorriak ez dira definizioan erabili behar. Esate baterako, definizio hitzaren definizioa idazterakoan, ez dugu definitu aditza erabiliko.
Definizioan ez da estilo alokutiboa erabili behar. Irakurleari bigarren pertsonaz mintzatzea ez da definizioen estilo txukuna: esate baterako, gosea definitzean, ez da ederra jateko gogoa duzunean... bezalako moldea erabiltzea.
-enean moldea ere saihestu egin behar da: hots, desegokia da elurra definitzeko, ...hotz handia egiten duenean... idaztea.
Definizioan ez da zertan adibiderik sartu. Entziklopedietako azalpen testuetan bai, baina definizio labur batean ezin da adibidea definizioan txertatu: ibaia: Nilo edo Amazonas bezalakoak.
Sinonimoek beren lekua dute, baina sinonimo huts batek ez du definizio estatusika.