Aurkibidea testu mota bat da, batzuetan dokumentu luze baten hasiera aldean, aurrealdean eta beste batzuetan atzealdean, non dokumentu luzearen edukien zerrenda agertzen den.
Aurkibidea liburu edo dokumentu luze baten atalen zerrenda antolatua da, eta bertan dokumentuaren zatien izenburuak agertzen dira, geroago, atal bezala, agertuko diren hurrenkera berean.
Liburuetan, aurkibidea liburuen atalen zerrenda ordenatua izaten da, eta atal bakoitza zein orrialdetan hasten den zehaztu ohi da.
Aurkibide motak
Aurkibide onomastiko
Zenbait liburutan aipatzen diren pertsona izenen zerrenda alfabetikoak agertzen dira. Horrela, erabiltzaileak zuzenean bila dezake liburuan aipatzen den pertsona edo leku izen bat eta aurkibide onomastikoan topatuko du pertsona edo leku hori zein orrialdetan aipatzen diren.
Gaikako aurkibidea
Testuan aurkeztutako gaien eta azpigaien zerrenda ordenatua, ordena alfabetikoan. Eskuarki, testu zientifiko-teknikoetan edo zientziaren dibulgazio testu luzeetan erabiltzen da. Gai nagusi batzuen izenaren ondoren, orrialde-zenbakiak agertzen dira. Aurkibide Analitikoa edo Materien araberako aurkibidea ere esaten zaio
Terminologia-aurkibidea
Terminoen aurkibidea, hiztegi-aurkibidea, lexiko-aurkibidea. Aurkibide mota hauek ere, eskuarki, testu zientifiko-teknikoetan edo zientziaren dibulgazio testu luzeetan erabiltzen da. Termino esanguratsuenen zerrendak agertuko dira ordena alfabetikoan eta ondoan hitz horiek zein orrialdetan topa daitezkeen zehartuko da.
Mapen aurkibidea
Zenbait liburu eta dokumentutan, historia liburuetan, atlasetan-eta, mapek garrantzi handia dute eta mapen aurkibideak agertu ohi dira.
Irudien aurkibidea
Zenbait liburutan irudien aurkibideak beharrezkotzat jotzen dira, beraz margolanen erreprodukzioak eta irarlan edo grabatuen aurkibideak agertuko dira.
ISO 999:1996nazioarteko estandarrak proposatzen du aurkibideak egiteko estandar bat. Liburu, aldizkari, txosten, patente-dokumentu eta bestelako dokumentu idatzietan, baita inprimatu gabeko materialetan ere eredu batzuk ezartzeko proposamena, hala nola dokumentu elektronikoei, filmei, soinu- eta bideo-grabazioei, edukiei, eta abar. Estandar honek edukien antolaketa eta aurkezpenerako jarraibideak ematen ditu.