Sustraikide

Etimologikoki lotutako hitzen arteko harremanak erakusten dituen diagrama.

Sustraikidea hizkuntza bateko hitza da, formaz eta esanahiz beste hizkuntza bateko hitz baten antzekoa dena, bi hizkuntzok ahaidetasuna dutelako. Batzuetan, bi hizkuntzatako hitzak antzekoak dira formaz eta esanahiz, baina ez dira sustraikideak, hizkuntza horietako batek besteari maileguan hartu diolako.[1]

Adibidez, latinezko planu(m) adjektibotik datozen bost sustraikide daude euskaraz: bi adjektibo eta hiru izen. Hain zuzen ere:

  • lau adjektiboa, lehenik, bostetan zaharrena, eta "koxkarik gabeko" esan nahi duena —ez 22 eragiketaren emaitza—, latinetik zuzenean hartua, euskaraz [pl-] bezalako kontsonante-taldeak arrotzak zirenean (placet > laket, edo planta(m) > landare, esate baterako);
  • laño adjektiboa, bigarrenik, hau da, "apal", "lau": planu(m) gaztelaniaz llano bilakatu zen aurrena, eta gero, euskarara igaro, kontsonante sabaikarien metatesia eginik (/'λano/ > /'la'ɳo/);
  • plano izena ("mapa"; "adierazpen grafiko"; "matematikako kontzeptu"), hirugarrenik, ziur aski gaztelaniatiko kultismoa zena;
  • plan izena, laugarrenik, "egitasmo", beharbada frantsesaren bidez, eta,
  • piano izena, "musika tresna", italieratiko nazioarteko mailegua, bosgarrenik.

Era berean, latinezko tempus, temporis izenak (euskaraz, "denbora", "garai", "aro") honakoak eman ditu:

  • denbora, aspaldiko euskal izena, "aro", "garai" esanahia gorde duena; hala ere, euskalki batzuetan "eguraldi" ere adierazten du, cf. gaztelaniazko tiempo eta frantsesezko temps, bi-biak ere polisemia berekoak,
  • tenporak, ia beti pluralez erabilia, kristau liturgia-egutegiko aldiak eta, orobat, eguraldia iragartzeko epe luzerako herri-metodoa,
  • denborale ("ekaitz"),
  • tempo, italieratiko mailegua, musika-testuinguruetan erabilia,
  • tenpura, japonieratik (hizkuntza hartan, てんぷら, 天ぷら edo 天麩羅 da, tenpura), ziur aski portugesaren bidez, latinezko tempora ad quadragesimætik ("[Garizuma arteko] denbora") datorrena, eta
  • tempus, hizkuntzalaritzan "aditz-denbora" esan nahi duena eta, adibidez, ([+iragana] eta [-iragana] bereizten dituen ezaugarria, hots, nituen vs. ditut, ziren vs. dira, zitzaizkion vs. zaizkio, zirauten vs. diraute, zetozen vs. datoz...). Egun, hala ere, denbora izena hobesten da, izen haren adiera zabalduz.

Latinezko corpus, corporis ("gorputz") izenak ere hainbat sustraikide ditu euskaraz:

  • gorputz izena (zubereraz, korpitz), denetan zaharrena; adiera zabalduta, "armada-gorputz", "suhiltzaile-gorputz", "gorputz militar"... bezalakoak esaten dair egun, beste hainbat hizkuntzaz bezalaxe,
  • gorpu izena, "hilotz", "giza gorputz hil", oso aspaldiko mailegua hori ere, hasierako kontsonantearen /k-/ > /g-/ bilakaerak frogatzen duenez (ikus hurrengo sustraikideetako lehendabiziko adibidea),
  • gorpuzki (1890etik jasotako izena, "erlikia"; halaber, "gorpu"),
  • korporal izenondo zaharkitua ("gorputzarena", "gorputzekoa", "gorputzarekikoa" esan nahi du) eta izena (kristau talde batzuek ospakizun eukaristikoan erabilitako zapi liturgikoa),
  • Corpus (Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan, Bestaberri), ospakizun katoliko bat,
  • corpus (testu-corpus izen-elkartearen forma laburra), hitz-datu sorta, 1977tiko lekukotasuna duena,
  • korporazio izena, "pertsona edo talde juridikoa, estatuko administraziotik bereizia eta helburu publikoak dituena", Euskaltzaindiaren definizioaren arabera, eta
  • korpuskulu, latinezko corpusculum ("gorpuztxo") txikigarritik eratorria, Biologi testuinguruetan erabilia.

Halaber, euskarak latinezko cella(m) izenari ("gela" esan nahi du) hiru izen sustraikide zor dizkio:

  • batetik, latinetik zuzenean hartu eta garai hartako euskal fonetikaren arabera egokitua, gela izena (Ipar Euskal Herrian, ganbera esaten da, latinezko camera(m) izenetik datorrena —eta euskara batuaz, ganbera-musika, ganbera-orkestra, ganberako margolari, diputatuen ganbera eta merkataritza ganbera bezalakoak ditugu, halaber—: era berean, Iparraldeko hitz horrek kamera eta ganbara izenak sustraikide dituela kontuan har bedi),
  • bestetik, zelda izena, "espetxe batean, presoak gordetzeko gela itxia", eta,
  • azkenik, cella(m) izenari -ulla atzizki txikigarria erantsita (euskarazko baliokideak -txo, -xka eta -ño dira, mendi > menditxo / mendixka, bide > bidetxo / bidexka, irri > irriño / irritxo... txikigarrietan bezala), cellula –"gelaxka"– bilakatu da eta hortxetik dator zelula.

Beste zenbait hizkuntzatan, latinezko hitz horiexetatiko sustraikideak dira alemanezko Keller ("upategi") eta Zelle ("gelaxka" zein "zelula") eta ingelesezko cell ("zelula" nahiz "espetxeko gela"), eta cellula(m) izen txikigarritik abiaturik, cellule (bai "espetxeko gela", bai "zelula", Biologiazko adieraz) eman du frantsesez, cèl·lula katalanez ("zelula"), célula ("zelula") eta celda ("ziega") bikotea gaztelaniaz, besteak beste.

Arabierazko [1]سلام salām, hebreerazko [2]שלום shalom, Asiriako neo-arameerazko shlama eta amharerazko selam (denek "bake" esan nahi dute) sutraikideak dira, aitzinsemiterazko *šalām- esanahi bereko hitzetik ekarriak.

Sasiadiskideak

Sustraikideen antzekotasunak itzulpen okerrak eragiten ditu askotan. Adibidez, ingelesezko policy izenak "polizia" esan nahi duela dirudi, baina "arau" esan nahi du; era berean, ingelesezko actual adjektiboak frantsesezko actuel, italierazko attuale, gaztelaniazko actual... dirudi, baina ez da horrela: "egiazko", "benetako" esan nahi du. Halako hitzei sasiadiskide esaten zaie: jatorri komuna dutela diruditen hitzak dira, baina azterketa linguistiko baten ondoren inolako loturarik ez dutela erabaki daiteke. Horrela, adibidez, azaleko antzekotasunetan oinarritzen bagara, pentsa genezake latinezko habēre aditza eta alemanezko haben, «eduki» esan nahi dutenak, sustraikideak direla, baina ez da horrela. Bi hizkuntzek aitzinindoeuroperazko sustraitik nola eboluzionatzen duten ulertzen bada, ikusiko da ezin direla izan: haben, berez, aitzinindoeuroperazko *kap- «heldu» hitzetik dator, eta latinez duten benetako sustraikidea capere da, «hartu, harrapatu». Habēre latinezko aditza, berriz, *gʰabʰ- aitzinindoeuroperazko sustraitik dator: «eman, jaso»; beraz, geben «eman» alemanezko aditzaren sustraikidea da.[2] Modu berean, give eta have hitz ingelesak haber eta caber gaztelaniazkoekin konbinatu behar dira, hurrenez hurren, *gʰabʰ- eta *kap- sustraietatik eratorriak.

Erreferentziak

  1. Euskalterm: [Hiztegi terminologikoa] [2011]
  2. Lexikon der indogermanischen Verben


Hizkuntzalaritza Artikulu hau hizkuntzalaritzari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.

Content Disclaimer

Informasi ini disarikan dari Wikipedia dan disajikan kembali untuk tujuan edukasi. Konten tersedia di bawah lisensi CC BY-SA 3.0. Kami tidak bertanggung jawab atas ketidakakuratan data yang bersumber dari kontribusi publik tersebut.

  1. The information displayed on this website is sourced in part or in whole from Wikipedia and has been adapted for the purpose of restating it. We strive to provide accurate and relevant information, however:
  2. There is no guarantee of absolute accuracy. Wikipedia is an open, collaborative project that can be edited by anyone, so information is subject to change.
  3. It is not intended to constitute professional advice. The content displayed is for informational and educational purposes only. For important decisions (e.g., medical, legal, or financial), please consult a professional.
  4. Content copyright. Wikipedia is licensed under the Creative Commons Attribution-ShareAlike License (CC BY-SA). This means that content may be reused with appropriate attribution and shared under a similar license.
  5. Responsible use. Any risk arising from the use of information from this website is entirely the responsibility of the user.