STEN subfusila arma premia larri egoera batean diseinatu zen, Britainia Handia nazien inbasioaren mehatxupean zegoela. 1941ean, Enfield herriko Royal Small Arms Factory lantegiari iskilu merke eta ekoizterraz bat diseinatzeko enkargua egin zitzaion. Horrela sortu zen subfusila, STEN akronimoarekin izendatu zena: alde batetik diseinatzaileen izenengatik (Shepherd eta Turpin), eta bestetik ENfield herriarengatik.[1]
Diseinua oso oinarrizkoa zen, Alemaniako MP-28 metrailetaren ereduan oinarritua: kanoia bere mekanismoarekin, metalezko kulata eta kargadore horizontala. Iskilu txikia zen, eta behin desmuntatua erraz ezkutatzen zen; horrek Erresistentziako kideentzat oso praktiko bihurtu zuen. Gerrillariek STENak konpontzen eta egokitzen trebetasun handia garatu zuten. Armaren sinpletasun honek inolako lubrikaziorik gabe funtzionatzea ahalbidetzen zuen.[2]
Bigarren Mundu Gerran zehar etengabeko hobekuntzak egin zitzaizkion, eta aldaera asko egin ziren; modeloak Mark hitzarekin (MK) eta zenbaki erromatarrekin izendatu ziren.
Mekanika
Bere ekoizpenak eragiketa mekaniko sinpleak behar zituen (estanpazioa) eta soldadura gutxi. Operazio gehienak tailer txikietan egin zitezkeen, eta armak Enfield-en muntatzen ziren. Denborarekin gainera fabrikazioa erraztu zen: STEN MK-III oinarrizko eredua bost ordutan ekoizten zen. Bertsio merkeenek 47 zati bakarrik zituzten.
Mekanismoak tiroaren atzerakada baliatzen zuen hurrengo balakanoiburuan sartzeko, ixtailu ireki sistema baten bidez.[3]
Kargadorean balak tolesteko forma MP-38 alemanari kopiatu zitzaion, arma honen munizioaz (9 x 19 Parabellum) jabetu ezkero hura baliatu ahal izateko.[2]
Abantailak eta desabantailak
STEN subfusilak, batez ere MK-II bertsioak, gorazarre eta kritika kopuru beretsuak jaso zituen: iturginaren amesgaizto ezizenez ezagutu zen, fidagarritasun eta erresistentzia faltarengatik.[4]
Bere abantaila nagusia ugaritasuna eta eskura-erraztasuna zen.[4] Mekanika semiautomatikoak, berriz, STENa erabiltzen zuten soldaduei abantaila ematen zien, eskuz eragindako ixtailudun fusilen aldean (artean hauek ziren erabilienak). Ohiko fusilek asko jota minutuko 15 tiro egin zitzaketen, eta gainera hurbileko borrokarako desegokiak ziren, STENak ez bezala.[3]
Desabantaila nagusietako bat kargadorean balak tolesteko forma zen, ataskoak errazten zituena.[2]Reinhard HeydrichSS-etako Obergruppenführer-raren hilketa ospetsuan (1942), operazioak ia porrot egin zuen STEN baten kargadoreak huts egin zuelako.[5] Gainera, STENak ustekabean tiro egiteko erraztasuna zuen, lurrera erorita edo kolpea hartuta.[6] Eta, bistan da, prezisio falta: zaila zen 30 m baino gehiagotara zeuden ituei jotzea.[3]
Bigarren Mundu Gerra
Bigarren Mundu Gerran 4.500.000 ale inguru ekoitzi ziren (erdia baino gehiago MK-II modelokoak). Britainia Handian egindakoez gain, STEN subfusilaren kopiak leku askotan egin ziren, bai aliatuen aldetik (Polonia, Norvegia,[7]Danimarka, Belgika, Australia,[8]Kanada[9]...) baita ardatzekoen aldetik ere (Alemanian[8]).
STENak airetik paraxutatzen ziren erresistentzia guneetan, desmuntaturik, gerrillariek muntatu eta erabil zitzaten. Kainoiaren gehiegizko beroketa saihesteko, gerrillariek trapu zahar bustietan bilduta erabili ohi zituzten.[10]
Gerra osteko estuasun ekonomiko egoera zela eta, aliatuek STENak erabiltzen jarraitu zuten. Britainia Handiak Koreako gerran erabili zituen (1950-53), baita IRAren Mugako Kanpainaren errepresioan ere (1956-62), eta 1971ean India eta Pakistan arteko gerrako borroketan. George VI erregeak berak STEN bat eraman ohi zuen autoan (gaur egunean Imperial War Museum-ean ikusgai dago); Erresuma Batuan MK-V (1944ko bertsioa) 1960ko hamarkadara arte erabili zen. Ameriketako EEBB-ek, berriz, 1971ean isiltzailedun STEN modeloak erabili zituzten Vietnamgo Gerran.[11]
1965ean, Euskadi Ta Askatasuna erakundeak borroka armatuari ekitea erabaki zuenean,[29] Bigarren Munduko Gerrako STEN partida bat eskuratu zuten maki frantziarreko kide ohien bitartez.[30] Lehen komandoa sei pertsonaz osatu zen, Xabier Zumalderen gidaritzapean, eta besteak beste iskilu hauek eman zitzaizkien.[31] ETA-ko Talde Autonomoek (Los Cabras) ere erabili zituzten 1969-1977 artean.[31]
Iskilu hauek oraindik erabilgarri zeuden 1980an, Zumaldek M-30 talde paramilitarra EAJ-ren enkarguz eratu zuenean; arma berriak erosteaz gain 30-40 STEN zahar berreskuratu zituen helburu horretarako.[31] ETA militarrak ere 80ko hamarkada erdira arte erabili zituen[32] (MK-II ale konkretu bat, 1979 inguruan, Gipuzkoan eta Nafarroan 8 ekintzatan erabili zela frogatu da).[33]
1982an, Iparretarrak-eko kide batzuek Baigorrin CRS-en auto bat metrailatzeko erabili zituzten.[25]
2004an, Xabier Zumaldek Arteagako museoan zulo bat irudikatzen zuen gunea prestatu zuen; polemika handia sortu zuen, besteak beste bertan STEN bat erakusten zelako; erakusketa handik egun gutxira itxi zen.[34]