EZLN

EZLN
Datuak
Motagerrillari taldea eta erakunde armatua
HerrialdeaMexiko
IdeologiaSozialismo libertarioa, globalizazio alternatiboa eta Neozapatismo (en) Itzuli
Kokapen politikoaezker politiko
Jarduera
Kide kopurua40.000
Honen parteZapatismo
Historia
Sorrera1983
webgune ofiziala

Nazio Askapenerako Armada Zapatista (EZLN) Chiapaseko (Mexiko) talde iraultzaile armatua da. Nahiz eta gehienbat indigenez osatua egon, erakundeak bere burua kapitalismoaren aurkako mugimendu zabalago baten zati ikusten du. Taldearen izena Emiliano Zapata iraultzailearenetik dator, eta partaideek inperialismoaren aurkako 500 urteko erresistentziaren oinordeko gisa ikusten dute beren burua.

Tzotzil, tzeltal, tojolabal, txol eta lakandon indiarrez osatuta dago bereziki. 1994tik, Marcos komandanteordea izenaz ezagutzen den buruzagiaren zuzendaritzapean izan da.

Iraultza Indigenarako Komite Klandestinoa

Iraultza Indigenarako Komite Klandestinoa (CCRI) EZLNaren buruen batura da. Izena gehiengo indigenari zor dio.

EZLNaren talde lidergotza 23 komandantez eta komandanteorde batez (Galeano komandanteordea, bozeramaile gisa jokatzen duena) osatuta dago. Komandante gehienak beren gerra izenez ezagunak dira soilik: Sergio, Susana, Tacho, Yolanda, Zebedeo, Brunel, Abraham, Alejandro, Bulmaro, Daniel, David, Eduardo, Esther, Fidelia, Filemón, Gustavo, Isaías, Ismael, Javier, Maxo, Mister, Moisés, Omar eta Ramona.

Matxinada

Zapatisten matxinada 1994ko urtarrilaren 1ean hasi zen, Chiapas estatuan, Alderdi Iraultzaile Instituzionalaren gobernuaren kontra, egun hartan Mexiko Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Itunean sartzen zela baliaturik. Zapatistak matxinatzera bultzatu zituen arrazoien artean honako hauek aipa daitezke: herrialde osoko indigenen eta nekazarien txirotasuna, indigenei kendutako lurren jabetza berreskuratzeko aldarrikapena, eta aberastasunaren banaketa zuzenagoa eta Mexikoko etniek estatuaren eta errepublikaren antolaketan parte hartzeko eskubidea izatea aldarrikatzea, Mexikon bizi diren etnia guztien kultur ezaugarriak onartuak eta aintzat hartuak izan zitezen.

Baliabide naturaletan, Chiapas Mexikoko estaturik aberatsenetako bat izan arren (petrolioa, zurak, meak eta nekazaritzarako lur emankorrak), gizarte-sektoreen arteko gorabeherak eta desberdintasunak ere beste inon baino handiagoak dira, oraindik ere estatuko antolakuntza soziopolitikoa antzinako egitura autoritario latifundistetan oinarritzen delako. Hala, zapatisten armadak zenbait udalerri hartu zituelarik, gobernuak Mexikoko armada federaleko soldaduak bidali zituen haiei aurre egitera, eta guduak izan ziren estatuko hiri nagusietan, San Cristóbal de las Casas eta Ocosin hirietan, besteak beste. Aurrerago, Mexikoko gobernuaren bitartekaritzaz, Barruti Federaleko alkate ohi Manuel Camachok eta San Cristóbal de las Casasko apezpiku Samuel Ruiz Garcíak bake-elkarrizketak hasi zituzten, gatazkari irtenbide edo konponbidea eman nahiz. Chiapasko Elizak bake-elkarrizketak bultzatu zituen indigenen eta nekazarien alde, haien oinarrizko eskubideak defendatuz. Meniak menia, baina, gatazkak bere horretan iraun zuen.

Negoziazioak eta gatazka

1996ko urtarrilean, Mexikoko gobernuak eta zapatistek Konstituzioak indigenen autonomia aitortzea hitzartu zuten. Handik hilabete batzuetara, zapatisten armadak talde politiko bihurtzea erabaki zuen, herrialdearen demokratizazio-prozesuan parte hartu ahal izateko, baina erabakia ez zen 1997ko iraila arte gauzatu, Mexikoko hiriburuan, manifestazio jendetsu baten ondoren Nazioaren Askapenerako Fronte Zapatistaren sorrera iragarri zuten arte, alegia. Ernesto Zedillo Ponce de León lehendakariaren gobernuarekin izenpeturiko hitzarmen-prozesua bertan behera geratzeak sorrarazi zuen frontea, baina Marcos komandanteordeak berehala aldarrikatu zuen aurreko zapatismoaren borrokari eusteko beharra. 1997ko abenduaren 22an talde paramilitar batek ehunka nekazari hil zituen Acteal herrian, Chiapasen, zapatistek kontrolatzen zuten eremutik hurbil. Zedillo lehendakariak negoziazio-prozesua azkartzeko agindua eman zuen, eta kargutik kendu zuen barne-ministroa. Bien bitartean, Mexikoko gudarosteak zapatisten kuartel nagusia inguratu zuen Lacandonako oihanean, baina ez zuen Marcos komandanteordea atxilotzerik lortu. 1998an, Julio César Santiago Díaz jenerala atxilotu zuten Actealko sarraskian parte hartu izanaz akusaturik, haren mendeko armadak erasotuei laguntza eskaini ez izanaz, hain zuzen. Bi hilabete geroago, ekainean, Samuel Ruiz García apezpikuak bertan behera utzi zuen gobernuaren eta zapatisten arteko bitartekaritza-lana, lehendakariari trabak jartzea leporatu ondoren. Hilabete hartan bertan, bederatzi pertsona hil ziren Mexikoko gudarostearen eta zapatistenaren arteko borrokan, zapatistek berek sortu zuten eta Mexikoko armada desegiten hasi zen San Juan de la Libertad udalerrian.

Etapa historikoak

Dokumentu zapatisten arabera, EZLNaren historia zazpi etapatan banatzen da. Lehenengoan, erakundearen hasierako zelula politiko-militarra osatuko zuten matxinatuak aukeratu ziren (bost gizon eta emakume bat). Bigarren fasean, ofizialki fundatu zen Nazio Askapenerako Armada Zapatista, lehenengo kanpamendu zapatista Chiapasen ezarri ondoren, "La Pesadilla" izenekoa. Hirugarren etapa estrategia prestatzeko izan zen, gidaliburu estatubatuar eta mexikarren bitartez egin zutena; kanpamendu berriak ere sortu zituzten: "El Fogón", "Reclutas", "Baby Doc", "De la Juventud eta "Margaret Tatcher". Laugarren fasean, 1985 inguruan, taldeak lehenengo harremanak egin zituen inguruko herriekin. Bosgarren fasea "aparteko hazkundea" izan zen, izan ere, euren eraginezko esparrua Lacandona Oihanetik haratago, Los Altos eta Chiapaseko iparraldera zabaldu ziren. Seigarrena erakundearen barnean hauteskundeak egitea izan zen, gobernu mexikarraren aurkako gerrara joan edo ez erabakitzeko. Baiezkoa atera ondoren, 1993ko abenduan, presidente Carlos Salinas de Gortari kargutik botatzea planteatu zuen, hauteskunde iruzurra leporatuta. Horrekin batera, Armada federalari gerra deklaratu zioten. EZLNaren arabera, hauteskundeetan hainbat iruzur egin ziren; hildakoen partez bozkatzea, adibidez.

Kronologia politiko eta militarra

1993ko abenduaren 18ko goizaldetik abenduaren 31ko arratsaldera arte, EZLNak programatua zeukan zazpigarren etapak hartu zuen lekua. Etaparen helburua lau buru munizipalei batera eraso egitea, tropa polizial eta militarrak gutxitzea eta Armada federaleko bi kuartel handi asaltatzea ziren.

Zapatisten presentzia azaltzen zuten hainbat informe egon arren, EZLNak ustekabean harrapatu zuen Gobernu federala, hura Estatu Batuak, Kanada eta Mexikoren arteko Ipar Amerikako Merkatu Librearen Itunean sartzeko prozesua prestatzen ari baitzen.

Chiapas estatu federala, Mexiko.

1994

1994ko urtarrilaren 1ean, Nazio Askapenerako Armada Zapatistak, aurrez abisatu gabe, altxamendu armatu bat jarri zuen abian Chiapaseko estatuan, "altxamendu zapatista" bezala ezagutzen dena. Okupazioak egindakoan, Lacandona Oihaneko Deklarazioa emititu zuten: bertan, gobernu mexikarrari gerra deklaratu eta "lana, lurra, bizitokia, osasuna, elikadura, hezkuntza, independentzia, askatasuna, demokrazia, justizia eta bakea" eskatu zuten[1]. 1994ko lehen orduetan, matxinatuek San Cristobal de Las Casas, Altamitano, Las Margaritas, Ocosingo, Oxhuc, Huixtán eta Chanal-eko egoitza munizipalak erasotu eta okupatu zituzten.

Erakundeak XXXI. Zona Militarrari eraso egin zion, hamar ordu baino gehiago iraun zuen borrokan, nahiz eta Gastón Menchaca Arias jeneralak jaieguna eman zien bere tropei Urte Berria zela eta. Azkenean, EZLNak bere helburua lortu gabe, oihanera itzuli zen. Aldi berean, Ocosingoko batalla gertatu zen, odoltsuenetariko bat izan zena. Gobernuko iturrien arabera, Armada federala EZLNaren kontra borrokatu zen zibilak babesteko aginduarekin. Ekintza horietako batean, EZLNko buruzagi Pedro komandanteordea hil egin zen .

Urtarrilaren 3an, matxinatuek Absalón Castellanos Domínguez jenerala, Chiapasko gobernadore ohia, atzeman zuten. Urtarrilaren 4rako, armadak Ocosingoko eta EZLNak hartu zituen egoitza munizipal guztietako kontrol osoa zuen. Hurrengo zortzi egunean, EZLNaren eraso gaitasuna ia baliogabea zen. Informe militarrek EZLNaren porrota baieztatzen zuen. 57 hildako eta 40 zauritu egon ziren.

Hasierako ezustekoaren ondoren, Errepublikako presidente Carlos Salinas de Gortarik mezu bat eman zion nazioari urtarrilaren 6ean. Bertan, altxamendu indigena bat gertatu izana ezeztatu zuen eta barkamena eskaini zien armak uztea erabakitzen zutenei. Gobernuak EZLNari atzerritiko babesa jasotzea leporatu zion. EZLNak, berriz, salaketa horiek ukatu eta militarren gehiegikeriak salatzen zituen adierazpena egin zuten.

Beren helburuak lortu gabe, matxinatuen irtenbidea negoziazioa proposatzea izan zen, bitartekari gisa San Cristóbal de las Casaseko apezpikua, Samuel Ruiz, Rigoberta Menchú Tum eta Julio Scherer García kazetaria jarri zituzten. Egun batzuk geroago, EZLNak bere baldintzak ezarri zituen. Gobernuak Manuel Camacho Solís Bakea eta Adiskidetzearen ordezkari izendatu zuen urtarrilaren 10ean eta EZLNari "bakea, justizia eta demokrazia" eskaini zizkion.

Erakundeak bere ekintza gerrilleroekin segitu zuen, eta hilaren 8an XXXI Zona Militarreko kuartela tirokatu. Elektrizitate dorreen eta Petróleos Mexicanosen gasbideen aurkako atentatuak egin ziren. Zapatistatzat hartu ziren batzuk Puebla eta Michoacángo bi dorre elektriko bota zituzten; hurrengo egunean bonba auto bat lehertu zen hiriburuan eta bonba bat jaurti zen Acapulcoko gobernuaren jauregian. Horren ondoren, hiriburuan eta Hidalgon beste bonba auto batzuk izan ziren. Matxinatuek beste atentatu batzuk izateko arriskuaz ohartarazi zuten.

Urtarrilaren 12an, Salinas de Gortari presidenteak su-etena agindu zien bi alderdie, elkarrizketa hasteko lehen pausu gisa eta Kongresuko Batzordea bidali zuen amnistia orokorraren legearen proposamenarekin. Momentu hartarako, hildakoak 108 ziren ia; urte batzuk geroago Marcos komandanteordeak baieztatu zuen 46 matxinatu hil zirela gerrillaren eta armadaren arteko guduak iraun zuen 12 egun horretan.

Politika esparruan, urtarrilaren 18an Elmar Setzer Marseille bitarteko gobernadoreak dimititu egin zuen eta Javier López Morenok hartu zuen kargua. EZLNak negoziatzeko lau puntuko agenda bat proposatu eta ezarri zuen. Matxinatuek gobernadore ohia trukatzeko intentzioak iragarri zituen, gainera. Camachok proposamena onartu zuen. 70.000 pertsona inguru irten ziren kalera Mexiko hirian, bakearen alde.

Altxamendua hasi eta hilabete batera, EZLNak Guerreroko indigenei dei egin zien bakarrik ez uzteko. Gobernuz kanpoko erakundeak ere deitu zituzten bake-uhal bat sortzeko elkarrizketaren baitan. Gurutze Gorriak, gizarte zibilak eta polizia militarrak perimetroak eratu zituzten negoziaketak babesteko 19 ordezkari zapatista San Cristobal de las Casasera iristen ari zirelarik. Gauzak horrela, otsailaren 16an hasi ziren EZLN eta gobernu federalaren arteko elkarrizketak.

Martxoaren 1ean, EZLNak bere eskariak adierazi zizkion gobernuari; horrek, berriz, aldaketa politiko batzuk proposatu zituen legearen barnean. Elkarrizketa martxoaren 22an amaitu zen, adostasunik gabe, eta zapatistek kontsulta bat iragarri zuten komunitate indigenen gobernuko dokumentuak berrikusteko, kazetariei zonalderako sarbidea ixten zietelarik. Hala ere, martxoaren 23an Luis Donaldo Colosio Murrieta Errepublikarako hautagaia hil zuten Lomas Taurinasen, Tijuanako kolonia batean. Hlketaren baldintzek susmoak piztu zituzten goi-kargu politiko eta militarren artean.

1994 erdialderako, Armada federalak 12.000 soldadu eta ehundaka base militar zeuzkan kokatuta. Iritzi publikoaren ustez, bakea momentu batetik bestera izenpetzekoa zen. Gobernua kontrol politikoa berreskuratzen joan zen apurka-apurka. Ez zuten oztoporik ikusten hauteskunde federalak egiteko urte hartan. EZLNak, aldiz, bakea lortzeko esfortzu bat eginez, elkarrizketak hasi zituen otsailean: zapatistek, Manuel Camachok eta Samuel Ruiz apezpikuak gorazarre egin zioten elkarrekin mexikar banderari.

Ekainaren 10ean, "Lacandona Oihaneko Bigarren adierazpena" emititu zen: botere-, askatasun- eta justizia-kontuak birplanteatzea proposatzen zuten kultura politiko berria sor zedin. Bi egun geroago, gobernuaren proposamenei uko egin zieten: horrek Manuel Camachoren dimisioa eragin zuenez, haren lekuan Jorge Madrazo ipini zuten.

Abuztuaren 6ean, EZLNak deituta, San Cristóbal de las Casasen Konbentzio Demokratiko Nazionala (CND) hasi zen. Epe ertainerako erabakia trantsizio gobernua ezartzea eta Konstituzio berria sortzea izan zen. CNDa desmobilizatu egin zen 1994ko hauteskundeen ondoren (Ernesto Zedillo Ponce de Leónek irabazi zituen). Chiapas estatuan, Eduardo Robledo Rincón irten zen garaile, protesta eta iruzur akusazioen erdian. Adibidez, indigena eta nekazariei bozka ezeztatzea, koakzioa, mehatxuak edota aktak aldatzea.

Urriaren 13an, Samuel Ruiz apezpikuak ekimen berria azaldu zuen berriro elkarrizketak irekitzeko taldearen eta gobernuaren artean, EZLNak onartu zuena. Hala ere, abenduaren hasieran, zapatistek Eduardo Robledoren inposaketak su-etena apurtu zuten eta Amado Avedaño Figueroa, El Tiempo egunkariko zuzendaria, izendatu zuten gobernadore matxinatu. Kontuak kontu, abenduaren 14an Elkarrizketa eta Bake Batzordea ezarri zen, legegilez osatuta. EZLNaren erantzuna itxitura militarrarak amaitzea eta ofentsiba politikoa egoztea izan zen; 38 udalerri berri deklaratu ziren territorio matxinatu abenduaren 19an. 23an, Gobernuko Idazkaritzak bitartekari berriak izendatu zituen, zapatistekin elkarrizketak hasteko. Zapatistek beren tropak atzera eraman eta menia agindu zuten, 1995eko urtarrilaren 6ra arte.

1995

Marcos subkomandantea ekitaldi batean.

1995aren hasieran, taldeak "Lacandona Oihaneko Hirugarren Adierazpena" argitaratu zuen: bertan, gizarteari Nazio Askapenerako Mugimendu bat proposatzen zion. Urtarrilaren erdialderako, Esteban Moctezuma gobernuko idazkaria zapatisten ordezkariekin elkartu zen eta su-etena egitera konprometitu ziren irtenbide politikorako prozesua berriro hasteaz gain. Otsailean egin zen Konbentzio Demokratiko Nazionalaren hirugarren saioa, hiru egunetan zehar, Querétaron.

Otsailaren 9an, Ernesto Zedillo Ponce de León presidenteak zapatisten buruen identitateak zekizkiela iragarri zuen, eta horretaz gain, haiek harrapatzeko aginduak aurrera eramaten ari zirela ere esan zuen. Gauzak horrela, gobernu federal mexikarrak gerrillaren buru Marcos komandanteordea identifikatu zuen: egiazko izen-deiturak Rafael Sebastián Guillén Vicente zituen, irakasle ohia eta filosofoa, 38 urtekoa. Haren atxiloketa agindu zuen armen erabilera eta terrorismoa leporatuz. Marcosek agerraldi batzuk eginak zituen, baina beti buru-berokia zeramala. Handik bi egunera, Armada mexikarrak Chiapaseko hainbat herriren kontrola berreskuratu zuen. Hamabost egunean soilik, 20.000 pertsona baino gehiago mugitu ziren beren bizitokietatik oihanera, armadak hutsik geratutako espazioak okupatzen zituelako. Horrela, gobernu federalak estrategia bikoitza segitzen zuen matxinatuen aurka: batetik, negoziazio politikoa egiten zen idazkatien bitartez, baina bestetik, zapatistak atxilotzeko aginduak ematen ziren.

Otsailaren erdialdean, EZLNak ezin izan zion presio militarrari aurka egin; beraz, gerra eteteko deialdia egin zuen. Ezker alderdi eta erakundeek mobilizazio handiak hasi zituzten maila nazional zein nazioartekoan, gobernua elkarrizketa berriz hastera behartzeko. Egoera horretan, zapatistek armada mexikarra oihanetik irteteko baldintza ezarri zuten, atxiloketa ordenak ezeztatzeaz gain.

Martxoan, Zedillo presidenteak eta Elkarrizketa Komisioak Elkarrizketarako, Kontziliaziorako eta Bakerako legea sinatu zuten: hilaren amaieran EZLN-ri bidali zitzaion eta apirilaren 9an sinatu. Horren ondoren, EZLNak Bakea eta Demokraziarako Kontsulta Nazional eta Nazioartekoa egin zuen.

Apirilaren 22an, zapatisten eta gobernu federalaren arteko elkarrizketa hasi zen berriro, Marco Antonio Berna bitartekari izanik, baina ez ziren adostasun batera iritsi. Maiatzaren 12an, EZLNak gobernuaren distentsio proposamenei uko egin zien; horren ondorioz, hilaren 14an gobernuak 7 bide proposatu zituen zapatistek beren kideak, armak eta antolakuntza mantenzeko. Ekainaren 7an, hirugarren elkarrizketa fasea jarri zen abian. Abuztuan, Bakea eta Demokraziarako Kontsulta Nazionala egitea adostu zen. Uztailaren 4an eta 5ean negoziaketek aurrera segitu zuten. Zapatisten lau eskari aurkeztu zituzten eta hamabost lan-mahai eratzea proposatu zuten. Abuztuaren 27an egin zen Kontsulta Errepublikako erakunde orotan.

Irailaren 5ean, Ernesto Zedilloren argibideak jarraituz, Cocopak EZLNa gonbidatu zuen Estatuaren erreforman eta negoziazio mahai nazionalean parte hartzera. EZLNeko buru batzuk eta Cocopako kideak bildu ziren, Óscar González Yáñez diputatua, adibidez. Lan mahaiak ezartzeko arauak eta antolaketa erabaki ziren eta handik gutxira martxan jarri ziren lehen mahaiko lanak ("Eskubide eta Kultura Indigena"). Bestalde, EZLNa eta Gobernuaren artean erabakitako sei taldeak ezarri ziren. Gobernuak Fernando Yáñez Muñozen atxiloketa iragarri zuen, Germán komandantea izatea leporatuta: horrel elkarrizketak eten zituen. Hurrengo egunean askatu zuten. Urriaren 20ean, Chamulako gatazkek sei hildako utzi zituzten.

1996

Urtero bezala, "Lacandona Oihaneko Laugarren Deklarazioa" argitaratu zuten. Bertan, "EZLNean oinarritutako eta botereagatik borroka egiten ez duen politika independiente, autonomo eta baketsu" berri bat eratzeko erabakia azaltzen zuten. Urtarrilaren 5ean, Marcos komandanteordeak bere oihaneko ezkutalekua utzi zuen eta San Cristóbalera bidaiatu zuen, Kultura eta Eskubide Indigenen Foru Nazionalean parte hartzeko. Hilaren 10ean amaitu zen topaketa. Otsailaren 16an, zapatistek eta gobernu federalek Eskubide eta Kultura Indigenen Akordioak sinatu zituzten: Gobernua herri indigenak Konstituzioan aitortzera konprometitzen zen.

Maiatzaren 2an, Javier Elorriaga Berdegue eta Sebastián Etzin Gómezi 13 eta 6 urteko kartzela-zigorra ezarri zitzaien terrorismoagatik. EZLNa hortaz jabetu zenean, ekintza hori bakearen aurkako probokazioa zela erabaki zuen eta elkarrizketa bidea itxi. Ekainaren 6an, atxilotutakoen askapena aldarrikatzen zuen kanpaina nazional eta nazioartekoaren ondoren, sententziak ezeztatzea lortu zuten. EZLNak bere tropen alerta egoera eten zuen.

Ramona Komandantea

Ekain eta uztail bitartean, San Cristóbal de las Casasen, Estatuaren Erreformarako Forua egin zen. Abuztuan, Oventic, La Realidad eta Aguascalientesen, EZLNak Humanitatearen aldeko eta Neoliberalismoaren Aurkako Kontinentearteko Lehen Topaketa antolatu zuen. 42 herrialdetako 3.000 pertsona, gehienak mexikarrak, elkartu ziren La Realidaden: bost lan- mahaitan banatu ziren eta Marcos komandanteordeak Humanitatearen aldeko eta Neoliberalismoaren aurkako La Realidadeko Aldarrikapena argitaratu zuen.

Irailaren 2an, Armada Zapatistak elkarrizketetara itzultzeko bost baldintza ipini zituen:

  • Ustezko zapatista guztiak askatzea.
  • Erabaki politikoak hartzeko ahalmena duen eta erakunde zapatista errespetatzen duen gobernu erakundea.
  • Jarraipen eta Egiaztatze Batzordea eratzea.

Urrian, EZLNak Ramona komandantea (giltzurruneko minbizia zuena) Mexiko Hirira bidaltzea erabaki zuen, urriaren 12an egin zen Kongresu Nazional Indigenan parte hartzeko. Kongresuan zehar, Ramona komandanteak "gu gabeko Mexiko bat inoiz gehiago egon ez dadin" esaldiarekin amaitu zen hitzaldia eman zuen.

1997

Gobernuak euren bost baldintzak arbuiatu zituela ikusita, EZLN Cocoparekin elkartu zen eta gobernuaren kontraproposamenari uko egin zion. Bestalde, baldintzak onartu arte, elkarrizketek ez zutela segituko baieztatu zuten. Gobernuari presioa egiteko ekintzak hasi zituzten; hala nola, Ramona komandanteak egin zituen mitinak. Uztailean, matxinatuek Chiapasko hainbat hauteskunde zentrotako bozketak eragotzi zituzten. Irailean, mila zapatista baino gehiago hiriburuan elkarretaratu ziren mitin handi bat egiteko.

Abenduaren 22an, EZLN begiko zuten 45 tzotzil hil zituen ziren talde paramilitar batek Acteal-en, San Cristóbaletik 50 km-ra. Ekintza horiek Actealeko Sarraskia izenaz ezagutzen dira eta zigorgabe geratu ziren. Bortizkeria ekintza horiek bultzatu zituzten zortzi ofizialak hiru urte soilik egon ziren giltzapean.

1998

Urtarrilean, emakume bat Chiapaseko polizia munizipalak tirokatuta hil zen Ocosingon, indigenen martxa batean.

Otsailean, gobernuaren idazkaritzak kanpaina bat hasi zuen atzerriko aktibista politikoak Chiapasetik aldentzeko. Hilaren 25ean, Reuters albiste agentziari eskaini zion elkarrizketa batean, Vicente Foxek, presidente izateko hautagaiak, esan zuen Marcos komandanteordeak Chiapasen, herrialdearen eta indigenen ongizatea nahi bazuen, adostasun batera iritsi beharko zirela lehenbailehen.

Apiriletik aurrera, Chiapaseko gobernua zapatistekin bat egiten zuten udalerriak deuseztatzen hasi zen. Ekintza hauetan, Belgika, Estatu Batuak eta Espainiako 12 atzerritar atxilotuak eta euren herrialdera bidaliak izan ziren[2]. Kanpamendu militar bat eta muntai polizial bat ezarri ziren Taniperlasgo komunitatean eta Mugimendu Indigena Iraultzaile Antizapatista (MIRA) talde paramilitarraren eragina zabaldu zen. Maiatzaren 1ean "Tierra y Libertad" udalerri autonomo zapatista deuseztatu zen Las Margaritasen. Guztira 63 atxilotu, 3 zauritu eta 140 desplazatu izan ziren; 3 bortxaketa salaketa izan ziren gainera. Militarrak eta poliziak udalerriaren sarreretan eta erdigunean egokitu ziren. Ekainaren 3ko goizeko 6etan, Nicolas Ruiz udalerria eraitsi zuten 2.000 polizia eta militarren artean. Gas negar-eragilea eta biolentzia erabili zuten EZLN-ren jarraitzaileen aurrean. Informazio iturri askoren arabera, hainbat emakume haurdun astinduak izan ziren, hamarnaka haur zaurituak eta intoxikatuak izan ziren, etxeak erregistratu zituzten ordenik gabe eta bertan aurkitu zuten diru eta baliozko gauza oro lapurtu zuten. Azkenean, ekainaren 10ean, Armada mexikarrak, polizien laguntzaz, Chavajeval eta Unión Progresoko komunitateetan (El Bosque) sartu ziren. Egintza horretan EZLN-ko 9 kide hil ziren eta herritarrek ihes egin zuten mendietara, gutxi gorabehera mila pertsona. Lapurreta, arpilatze eta tenplu eta kapera profanazio salaketak jarri ziren. Animalia asko hil egin zituzten eta uzta pila bat suntsitu zen. Poliziak etxeetan aurkitu zituzten identifikazio dokumentu guztiak ere hartu egin zituen.

Uztailaren erdialdera, Marcos subkomandanteak "Lacandona Oihaneko Bosgarren Deklarazioa" emititu zuen, eskubide eta kultura indigenen legeak berrikusteko kontsulta nazional bat proposatuz.

1999

Martxoan egin zen bosgarren deklarazioan proposatutako kontsulta, baina ez zuen erantzun politikoa ekainera arte izan. Guanajuatoko gobernadoreak elkarrizketa batean esan zuen "Marcos subkomandantearekin hitz egiteko presa zeukala herrialdearen etorkizunaz hitz egin eta adostasun batera iristeko". Abuztuan, errebeldeen eta Armada Federalaren arteko borroka berriro hasi zen. 9 soldadu hil ziren, baina kasu bakana izan zen. Denbora gutxi barru, gobernuak Chiapasen preso zeuden zapatista batzuk askatu zituen elkarrizketa berriro hasteko eskari bezala.

2000

Apirilean, Vicente Fox hautagaiak proposamen berri bat bidali zion Marcos komandaneteordeari, baina ez zuen erantzunik lortu. Maiatzean, zibil batzuek bi indigenei eraso egin zieten Polhó udalerrian. PFPko kideak bidali ziren zonaldeko segurtasuna bermatzeko. Koordinatzaile zapatistak eta gobernuz kanpoko hainbat erakundek "EZLN-arekiko probokazio garbi" gisa hartu zuten.

Vicente Fox presidente kargurako hautatu zuten, eta bere lehen aginduetako bat armada gatazka gunetik kentzea izan zen. Gertakari honen ondoren, Marcos komandanteordeak elkarrizketa berrartzea onartu zuen. Bakea lortzeko baldintzak jarri zituen, adibidez, gobernu federalak gainerako talde armatu edo paramilitarrak desegitea.

2001

Urtearen hasieran, Marcos komandanteordeak Informazio-gune Zapatistaren sorrera iragarri zuen, non gerrilleroen bidaien inguruko informazioa partekatu edota mobilizazioak abian jarriko ziren.

Vicente Foxek urtarrilaren 9an eskatu zion EZLN-ari gobernuarekin hizketaldi bat mantentzeko, baina hauen erantzuna negatiboa izan zen. Eskatutako zazpi posizio militarrak itxi ezean, ez zutela eurekin hitz egingo. Bien bitartean, Armada federala Cuxuajal, Ocosingoko komunitatetik irten zen.

2005

2005ean igorri zen "Lacandona Oihaneko Seigarren Aldarrikapena". Bertan, armak utzi eta politika egingo zutela adierazten zuten.[3]

Abuztuaren 5tik irailaren 18ra, EZLNak Seigarren Aldarrikapena onetsi zuten ezker alderdiko erakunde politiko, erakunde indigena, erakunde sozial, gobernuz kanpoko erakunde, erakunde edo talde kulturalekin, adineko, heldu eta haurrekin bilerak izan zituen. Bilera horietan, sei puntu eztabaidatu ziren: kanpainaren aldaketak, nor deitu eta nor ez, kanpainaren antolaketa egitura, beste antolaketa ahaleginak eta berehalako lanak.

2012

2012ko abenduaren 21ean, hamar milaka pertsona EZLNari babesa emateko Chiapasko bost hiritan zehar ibili ziren isiltasunean: Ocosingo, Las Margaritas, Palenque, Altamirano eta San Cristobal. Martxa amaitu eta ordu batzuetara, adierazpen bat zabaldu zen poema forman, Marcos komandanteordeak sinatuta.

2012ko abenduaren 21a

A quien corresponda:

¿Escucharon?

Es el sonido de su mundo derrumbándose.

Es el del nuestro resurgiendo.

El día que fue el día era noche.

Y noche será el día que será el día.

¡DEMOCRACIA!

¡LIBERTAD!

¡JUSTICIA!

Hegoekialdeko mendietatik, EZLN, Marcos Komandanteordea.

Itzulpena:

Dagokionari:

Entzun al duzue?

Zuen mundua eraisten ari den soinua da.

Geurea suspertzen ari dena.

Eguna izan zen eguna, gaua zen.

Eta gaua izango da eguna izango den eguna.

DEMOKRAZIA!

ASKATASUNA!

JUSTIZIA!

Mobilizaio horrek 40.000 zapatista inguru bildu zituen: jendetsuena izan zen 1994ko altxamenduaz geroztik. La Jornadaren arabera, horietatik erdiak San Cristóbalen ibili ziren, 7.000 Las Margaritasen eta 8.000 Palenquen. Bestalde, El Paísen arabera, San Cristóbalen 10.000 bildu ziren.[4] Zifrez agin, isiltasuna faktore adierazgarria izan zen ekintza hartan. Hermann Bellinghausen poeta eta kazetariak horrela amaitu zuen bere kronika:

Bat-batean "agertzeko" tebeak, indigena errebealdeak "desagertu" egin ziren modu txukun eta isilean, goizaldean hiri honetara iritsi ziren modu berean. 1994. urteko EZLN-aren altxamendutik bi hamarkadetara, arduraturik, kuriositatez eta inongo gutxiespenik gabe harrera egin dion hirira. Alkatetzaren arkuen azpian, gaur bere lanak eten dituenak, hamarnaka okosingar bildu ziren mugikor eta kamerekin kaputxadunen kontzentrazio harrigarriari argazkiak ateratzeko. Tetriseko jolasean bezala bete zuten parkea, jardineren artetik aurrera eginez, koreografia bat zirudien antolamenduaz, goizean jarritako eszenatokira igo, ukabila altxa eta isilka esateko, "hemen gaude". Beste behin ere.

2015

2015eko ekainean, EZLNak El Rosarion indigena batzuek aurkako ekintzak salatu zituen. Salaketa Moisés komandanteordeak sinatu zuen eta erasoa urte horretako hilabete horretan gertatu zela baieztatu zuen. Bestalde, Las Abejas Gizarte Zibilaren Erakundeak ekainaren 23an indigena tzotzil bat hil zutela salatu zuen.

Oinarrizko printzipioak

EZLNaren ekintzak oinarrizko hiru printzipioren gainean planteatzen dira:

  • Historikoki, Mexikoko herri indigenei ezeztatu zaizkien eskubide kolektibo eta indibidualen defentsa.
  • Demokrazia, askatasuna eta justizia oinarrizko printzipio gisa dituen nazio eredu berria erakitzea.
  • Humanismoaren izenean eta neoliberalismoaren kontra, erresistentzia sare bat sortzea.

EZLNaren politika adierazpenak

EZLNak komunitate multzo bat eratzea erabaki zuen, Aguascalientes eta Caracoles izenekin bataiatuak.

Aguascalientes

1994 aldera, Konbentzio Nazional Demokratikoaren markoan, EZLNak topaketa politikoak eta kulturalak egiteko espazio bat eraikitzeari ekin zion: Aguascalientes deitu zion. 1995 amaieran Aguascalientes berrien eraikuntza proposatu zuten, erresistentzia eta errebeldia sinbolo gisa. 1996rako  Aguascalientes I (La Realidad), Aguascalientes II (Oventic), Aguascalientes III (La Garrucha), Aguascalientes IV (Morelia) eta Aguascalientes V (Roberto Barrios) izan ziren EZLNaren egoitza politiko-kulturalak. Zentro horiek auditorioak, klinikak, komunak, bainerak, liburutegiak, gradak eta logelak zituzten. Chiapastik kanpo, beste Aguascalientes batzuk ireki ziren.

1996ko urtarrilean, Chiapaseko “gobernadore” insurgente Amado Avedaño Figueroak beste Aguascalientes bat zabaldu zuen Tijuana, Kalifornia Beherean. Hiriko erdigunean, ikasleek eraiki zuten nagusiki. Xochimilcon ere antolakunde indigena batzuen artean ere beste Aguascalientes bat sortu zuten.

Caracoles

2003ko abuztuaren 8tik 10era bitartean, ordu arte Oventiceko Aguascalientesen, Caracoles eta Juntas de Buen Gobierno neozapatisten sorrera festa ospatu zen EZLNean gertatu ziren aldaketa batzuen ondorioz.

Erabakia Aguascalientesen funtzionamenduari buruzko analisi kritiko eta autokritiko luzearen ondoren hartu zen. Zapatismoa herrialdeko komunitate eta herri indigenengana gerturatu zen Gobernu Federalarekin sinatu zuten San Andresgo Akordioekin, nahiz eta horiek ez zituen legeak jaso 2001ean onetsi zen kultura eta eskubide indigenen atalean.

Gauzak horrela, Caracolesek Aguascalientes ordezkatu zuen, baina haien lurraldeak errespetatuz. Gobernu onaren batzordeak Caracol Zentroa izenekoan kokatu ziren.

Lehen Intergalaktikoa

1996ko uztailean, Ana María Maior Insurgenteak Aguascalientes II-an, Oventic-en irakurri zuen ongietorri hitzaldia, “I. Humanitateagatik eta Neoliberalismoaren aurkako Kontinentearteko Topagunean”ean. Nazioarteko 4.000 pertsona inguru bertaratu ziren. Bost hitzaldi eskaini zituzten:

  1. Zein politika dugu eta zein politika behar dugu?
  2. Auzi ekonomikoa, beldurrezko istorioa.
  3. Kultura guztiak denontzat. Eta baliabideak? Pintetatik ziberespaziora.
  4. Bada gizarterik zibila ez denik?
  5. Mundu honetan mundu askorentzako tokia dago.

Lanetan, jende ospetsu askok parte hartu zuen; hala nola, Danielle Mitterrand, Eduardo Galeano, Daniel Viglietti, Alain Touraine, Yvon Le Bot, Carlos Monsivais, Adolfo Gilly, Octavio Rodríguez Araujo, Gisèle Halimi, Tessa Brisac, James Petras, Douglas Bravo, Pablo González Casanova, Luis Villoro, Ofelia Medina edota Leon Giecok.

Amaiera gisa, EZLNak Errealitatearen Bigarren Adierazpena igorri zuen. Bertan, humanitatearen izenean eta neoliberalismoaren aurkako kontinentearteko erresistentzia sareak sortzea proposatu zuten, egiturarik, nagusirik eta hierarkiarik gabekoak. Horrez gain, topagunean parte hartu zuten herrialde eta nazioetan Humanitatearen aldeko eta Neoliberalismoaren aurkako Kontinentearteko Kontsulta egitea proposatu zuten. Azkenik, Bigarren Intergalaktikoa Europan egitea ere bai.

Bigarren Intergalaktikoa

1997ko martxoan, Humanitatearen Aldeko eta Neoliberalismoaren kontrako Topagune Europarrean, Pragan, Bigarren Intergalaktikoa gauzatzeko erabakia hartu zen. Egoitzak Madrilen, Katalunian, Arrostan (Aragoi), Almuñecarren eta El Indianon (Andaluzia) zeuden; gainera, Mendebaldeko Saharan Hirugarren Intergalaktiko bat antolatzeko proposamena egin zen.

1997ko komunikatu batean, Lehen Intergalaktikotik urte bat igaro ondoren, EZLNak manifestatu zuen topagunearen helburua “Mexikoren beste aurpegia erakustea zela; Mexiko indigena, Mexiko errebeldea eta beste herrialdeen parean historian bere lekua okupatzeko borrokan dirauena, amore ematen ez duen Mexiko, bere iragana onartzen eta etorkizuna eraikitzen duen Mexiko”, alegia.

48 herrialdetatiko 3.000 pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte Bigarren Intergalaktikoan. Topagunetik atera ziren ondorioak Munduko Merkataritza Erakundearen eta Maastrichteko Itunaren aurka borrokatuko zen kontinentearteko sarea sortzea izan ziren. Handik tarte batera, Herrien Ekintza Globala (AGP) sortu zen 71 herrialdeetan; euren borroka nagusia Inbertsioen Akordio Multilateralaren (AMI) aurka egitea zen.

"La Digna Rabia" festibala

2008ko abenduko eta 2009ko urtarrileko hainbat egunetan, “La Digna Rabia” festibala ospatu zen. Abenduaren 26tik 29ra “Charros Reyes”, Iztapalapan; abenduaren 31n Oventiceko Caracolesen, Chiapasen eta urtarrilaren 2tik 5era San Cristóbal de las Casasen. Festibalaren helburua EZLNaren bosgarren urteurrena ospatzea zen eta bide batez, euren ideiak zein ziren erakustea.

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak

  1. «Primera Declaración de la Selva Lacandona - Wikisource» es.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  2. (Gaztelaniaz) «Expulsarán a más extranjeros transgresores*Rosario Green: autoridades paralelas aquí. no» Columna Pulso Político 1998-04-13 (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).[Betiko hautsitako esteka]
  3. «Diario EL PAIS - Montevideo - Uruguay» web.archive.org 2010-06-28 (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  4. (Gaztelaniaz) C.V, DEMOS, Desarrollo de Medios, S. A. de. (2012-12-22). «La Jornada: Se movilizan más de 40 mil zapatistas en 5 municipios de Chiapas» www.jornada.com.mx (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).