Antzina sorturiko herria da feniziarrek Sexi izeneko kolonia eratu baitzuten bertan. Gaur egun turismo gune garrantzitsua da eta fruitu tropikalen ekoizpena ere jarduera ekonomiko aipagarria da, ahuakateak, txirimoiak, mangoak eta mizpirak ekoizten baitira.
Etimologia
FeniziarrekṢkṣ izena eman zioten haiek sorturiko asentamenduari. GrezierazἝξι (Héxi) eta latinezSexi izan zen. Estrabonen bidez iritsi zaigu Sexi izenaren informazioa[1]. Erromatarrek Sexi Firmum Iulium edo Firmum Iulium Sexitanum deitu zuten Mundako borrokan hiritarrek Julio Zesarren alde borrokatu zutelako.
Gaur egungo Almuñécar toponimoak arabiar jatorria du. Hauek حصن المنكّر (ḥiṣn al-Munakkar) izena eman zioten tokiari, "mendiz inguraturiko gotorlekua" esan nahi du[2].
Gazteleraz almuñecarko biztanleei sexitano/a eta almuñequero/a izenak ematen zaizkie.
Geografia eta klima
Kokapen geografikoa eta erliebea
Granadako kostaldean kokaturik dago, Salobreña du ekialdean eta Nerja (Málaga) mendebaldean. Almuñécarreko alde zaharra Seco eta Verde ibaien haranen artean dago, bi haran hauetan nekazaritza da nagusi. Alde zaharretik mendebaldera La Herradura auzoa dago, badia txiki bat izateagatik hartzen du izen hori. Udalerria malkartsua da eta San Cristobal mendiak eta Almijara mendilerroak mugatzen dute iparraldean.
Kostaldean labarrak dira nagusi. Maro-Cerro Gordo labarren paraje naturala luzatzen da Almuñécar eta Nerjaren artean[3].
Klima
Klima mediterranearra du. Urtean zehar 340 eguzki egun izaten ditu baina tenperatura epela du, beti 12ºC-tik gora eta 17,6ºC batazbeste. Udak beroak eta hezeak dira baina mendialdetik jeisten den korronte termikoak freskura ekartzen du gauetan.
Historia
Sexi
Indusketa areologikoek erakutsi dute Brontze Aroan (K.a. 1500 urte) ingurua populaturik egon zela.
K.a. IX mendearen amaieran feniziarrek Iberiar penintsularen hegoaldea kolonizatzeari ekin zioten eta Sexi kolonia eratu zuten. Hainbat izenekin ezagutzen da; Sexi, Seksi, Sexsi, Sexs, Secks, Eks edota Ex, txanponetan SKS hizkiak agertzen dira.
K.a. III. mendean erromatarrak iritsi ziren eta hiri egituratua aurkitu zuten. Arrain gazitegiak zituen[1], garum saltsa ekoizten zuen eta txanponak egiten zituen. Mundako borrokaren ondoren SexiFirmum Iulium izenarekin municipium bihurtu zen, Ponpeioren aurkako borrokan Julio Zesarren alde egiteagatik[4]. Hurrengo mendeetako berri handirik ez dago.
Almuñecar
755. urtean Abd ar-Rahman I.a Almuñecarreko portura sartu zen, Damaskoko matxinada batetik ihesi, eta urtebete beranduago Kordobako Kalifa-herria sortu zuen[5]. Gotorleku bat eraiki zen eta izen berria hartu zuen herriak, "mendiz inguraturiko gotorlekua". Al-Idrisi bidaiariak XII. mendean hiria bisitatu zuen eta arabiarren aurreko hiri baten hondarrak zeudela aipatzen du[6]. Merkataritzaren garapen handia izan zuen, azukre kanabera, bananak, mahaspasak eta zerealak ekoizten zituen eta arrantza ere jarduea garrantzitsua zen. Harresietatik kanpo arrabalak eratu ziren eta merkatua eta meskita nagusi bat ere bazituen. Kalifa-herria taifatan banatu zenean Granadako taifaren barnean gelditu zen Almuñécar, izan ere taifa haren kostaldeko hiri garrantzitsuena bihurtu zena. Nazarien erresuman ere ez zen Almuñécarren garrantzia jeitsi.
Aro modernoa
1489an Baza erori zenean gaztelarren aurrean errenditu egin zen Almuñécar. Bertan sinatu ziren Granadako kapitulazioak. Karlos I.ak gotorleku handi bat eraiki zuen, San Migel gaztelua. Gotorleku handi horretan tropa frantsesak zeuden 1812an eta ingelesek lehertarazi egin zuten[7].
1562an La Herradura parean Juan de Mendoza kapitainak gidaturko 28 itsasontzitako flotatik 25 urperatu egin ziren, Espainiako Itsas Armadaren katastrofe handienetakoa izan zen. Itsaso eta haize aldaketa baten ondorioz galeoiek kostaldeko harkaitzak jo zituzten eta 1.000-5.000 marinel artean hil ziren[8]. Hain sonatua izan zen Cervantesek 1604an argitaraturiko On Kixote Mantxakoa liburuan ere aipatu zuela[9].
1569an Alpujarretako matxinada gertatu zen Andaluzian. Aben Abooren matxinatuek 3.000 gizonekin erasotu zuten hiria baina honek gogor eutsi zion. XIX. mendean pirata turkiarrek sarritan erasotu zuten eta populazioaren zati handi batek mendialdera ihes egin zuen leku babestiagoetan herrixkak eratuz. Inguruko herrietan bezala azukre kanaberaren ekoizpenak garrantzia handia izan zuen. Hainbat ingenio izan ziren Almuñécarren. XX. mendearen hasieran ordea industria honen gainbehera etorri zen.
Ekomonia
Turismoa da Almuñécarreko jarduera ekonomiko nagusia. 19 km hartzen dituzte hondartza eta kalek. Guztira 18 hondartza daude Almuñécarren, mendebaldetik ekialdera: Cantarriján, Calaiza, La Herradura, Los Berengueles, El Muerto, Cotobro, La Veintiuna, El Rincón de La China, San Cristóbal, Caletilla, Puerta del Mar, Velilla, El Tesorillo, El Pozuelo, Calabajío, Cabria, Curumbico eta Barranco de Enmedio. Hondartza gehienen alboan urbanizazio zabalak eraiki dira. Ur gazizko akuapark bat ere badu, Aqua Tropic izena duena[10].
Aste Santuko jaiak interes turistikokoak izendatu zituzten 2003an eta 15 kofradiak 16 prozesio egiten dituzte. Kofradia hauek 1980. eta 1990. hamarkadetan sortu ziren, gehienak behintzat[12].
Maiatzeko gurutzeen eguna maiatzaren 3an izaten da.
Udan jai ugari izaten dira Almuñécarren. San Juan suetati hasi, Carmengo Amaren eguna uztailaren 16an eta Virgen de la Antiguaren omenezkoak izaten dira udako jai patronalak. Abuztuaren 9 eta 15 artean ospatzen dira.
Gastronomia
Mediterranear kostaldeko gastronomia du, arabiar kutsu nabarmenarekin. Arbendolak, kanela, anisa eta almibarra bezalako lehengaiak erabiltzen dira. Honako hauek dira plater tipikoak:[13]
La cazuela mohína (jatorri mozarabea)
La torta de al-Hajú (jatorri hispano-arabiarra)
Merengazo (jatorri sefardia)
Kirolak
Hainbat futbol talde daude Almuñécarren, aipagarriena AD Almuñécar 77. Horretaz gain udan itsas-kirolak egiteko aukera zabala izaten da.
Ondasun nabarmenak
San Migel gaztelua
La Herradurako gaztelua
Akuedukto erromatarra
El Majuelo, feniziarren gazitze lantegia
Zazpi jauregien leizea (La Cueva de los Siete Palacios)