Protohistoria historiaurrearen eta historiaren arteko trantsizio aldia da, ahozko tradizioetatik jasotako argibideak dituena.[1] Historiaurrea bukatu zenetik historia (idazkera) hasi arteko aldiari esaten zaio protohistoria; historiaren atariko aldia da, beraz. Dena den, ez du ez kronologia zehatzik eta ez kokaleku jakinik, zeren eta, Ekialde Hurbilean lehen zibilizazioak eta idazkerak sortu ziren garai bertsuan, Europa Eneolitoan bizi baitzen. Beraz, Europako herri gehienetan, oro har, Bigarren Burdin Aroan gertatzen da protohistoria; Ekialdeko Europa mediterraneoan lehenago eta Euskal Herrian, erromatarrak sartu ziren garaian, bigarren burdin aroaren amaieran alegia.
Ez da "aro" jakin bat, besteak diren moduan: brontze aroa, burdin aroa, antzinaroa, erdi aroa... kontzeptu historiografiko gisa erabiltzen da batez ere. Protohistoria ideia, idazkeraren lehen urratsekin dago lotutua erabat. Idatzitako iturrietan, eskualde edo herri bati buruzko lehen berriak ematen direnean, edota herri horrek idazten hasten denean, informazioa oso apurra eta sakabanatua izan ohi da eta horregatik, metodo arkeologikoak pisu handia du oraindik ikerketetan. Une horretan, banako pertsonai batzuren eta herrien izenak ezagutzen hasten gara, nahiz eta horiek kokatzea eta identifikazioa zaila izaten den.
Protohistoria Euskal Herrian
Erromatar historialarien (Estrabon, Ptolomeo, Plinioren eta Julio Zesar) izkribuak dira Euskal Herriko protohistoriaren iturri nagusiak. Haien arabera, garai hartan Euskal Herria sei leinu nagusitan banatua zegoen; akitaniarrak, baskoiak, barduliarrak, karistiarrak, autrigoiak eta beroiak. Akitaniarren lurraldea Behe Pirinioetatik Landetaraino iristen zen; baskoien eremuak Nafarroa eta Gipuzkoako ipar-ekialdeko muturra (Pasaia eta Bidasoako harana) hartzen zituen, eta, ekialdetik, Zaragozako eta Huescako probintzietaraino iristen ziren haien mugak; barduliarren lurraldea oraingo ia Gipuzkoakoa osoa, Araba ekialdea eta agian, Nafarroa mendebaldeko zati batean zablatzen diren; karistiarren eremua Deba ibaitik Nerbioi ibairaino hedatzen zen iparraldetik eta Arabako lautadarairo iristen zen hegoaldean; autrigoien lurraldea Bizkaiko Enkarterrietan kokatzen zen eta Arabako sartaldea eta Burgosko probintziako zenbait ibar ere hartzen zituen; beroiak gau egungo Errioxa inguruan bizi ziren.
Erreferentziak
Kanpo estekak