Paco de Lucía, jaiotzako izen-deiturez Francisco Sánchez Gómez (Algeciras, Espainia, 1947ko abenduaren 21a - Cancún, Mexiko, 2014ko otsailaren 25a[1]) flamenkoko gitarra-jotzaile andaluziarra izan zen. Flamenkoko gitarrista handientzat hartzen da, eta rock- eta jazz-musikagile nagusiekin batera aritu zen lanean, Carlos Santana, Jonh McLaughlin eta Al Di Meolarekin, besteak beste. 2004an Arteen Asturiasko Printze Saria irabazi zuen. Malú pop-abeslariaren osaba zen.
Ibilbidea
Gazte-gaztetatik nabarmendu zen gitarra jotzeko zuen trebetasunagatik. Bere anaia Peperekin hasi zen flamenko-elkarteetan jotzen, Los Chiquitos de Algeciras izenarekin. 1960ko hamarkadaren hasieran, lan hauek grabatu zituen: Balada de los tres ríos, Romance a Mary Paz, Soleá de Alcalá eta Tanguillos de Málaga.
1962an, anaiarekin batera, Arte Flamenkoko Nazioarteko Lehiaketan, epaimahaiaren sari berezia lortu zuen. Hamalau urte zituela, José Grecoren konpainian sartu zen, eta harekin bira bat egin zuen Ipar Amerikara, Europako hainbat hiritara eta Australiara. 1965etik aurrera Camarón de la Isla, Carmen Heredia, Enrique de Melchor, Juan Peña eta abarrekin batera aritu zen kontzertuak ematen eta diskoak grabatzen.
Canciones andaluzas para dos guitarras lanarekin, ordu arteko arrakasta handitu egin zen, eta, ondoren, Dos guitarras flamencas en América Latina kaleratu zuen, Agustin Lara, Ernesto Lecuona, Chabuca Granda edo Carlos Gardelen lanekin.
1968an Arte Flamenkoko Nazioarteko Lehiaketako sari nagusia irabazi zuen. Urte horretan bertan, Fantasía flamenca kaleratu zuen, eta hurrengo urtean Paco De Lucía y Ramón De Algeciras en Hispanoamérica. Bi lan horiengatik, Gitarra Flamenkoko Sari Nazionala eman zioten.
1972an El duende flamenco kaleratu zuen. Hurrengo urtean izugarrizko arrakasta izan zuen Fuente y caudal diskoko "Entre dos aguas" abestiak. Abesti hura mundu osoko rock- eta jazz-musikagileen gustukoa izan zen, eta 1976. urtetik aurrera Europako antzoki nagusietako ateak zabaldu zizkion. Chick Corea jazz piano-jotzailearekin hainbat bira egin zituen, eta baita diskoak grabatu ere. Europaz gainera, Japonia eta Ipar Amerika ezagutu zituen.
Beste disko batzuk kaleratu zituen: Manuel de Fallari omenaldia (1978), Sólo quiero caminar (1981), Sirico (1987) eta Lucía (1989).
Irudi-galeria
Erreferentziak
Kanpo estekak