Nanjing[1] —lehen Nankin[1]— (txinera sinplifikatuz 南京, pinyinez Nánjīng) Jiangsuko probintzian kokatua. Guztira, 7.500.000 biztanle inguru dauzka eta 6.598 kilometro karratuko azalera.
Real Sociedad futbol taldearen babeslea izan zen Qbao.com enpresa txinatarraren egoitza Nanjing hirian dago.[2]
Inguru naturala eta kokapena
Nanjing hiria, Txinako garapen ekonomiko handiena duen gunean dago, Yangtze ibaiaren deltan. Yangtze ibaia bera, hiriaren mendebaldetik igarotzen da, eta Ningzhen mendizerrak iparralde, ekialde eta hiriaren hego-ekialdea mugatzen ditu. Nanjing Shanghaitik 300 kilometrora eta Txinako hiriburu den Beijingetik 1.200 kilometrora.
Azpiprobintzia mailako Nanjing hiriaren mugakideak honakoak dira: Anhui probintzia iparraldean, Yangzhou ekialdean Yangtze ibaiaren iparraldeko aldean eta ZhenjiangYangtze ibaiaren hegoaldeko aldean, Changzhou hego-ekialdean, eta Zhejiang probintzia hegoaldean.
Yangtze ibaia hiria bitan banatzen du mendebaldetik ekialderako norantzan.
Klima
Hiriko klima azpitropikala, Asia ekialdeko montzoiaren eraginpean dago. Udak euritsuak eta nahiko beroak izaten dira. Yangtze ibaiak zeharkatzen dituen Chongqing eta Wuhan hiriak bezala, Nanjingek uda sargoriak izaten ditu. Urteko batez besteko tenperatura 16 gradukoa da. Urtarrilean batez besteko maxikoa 7 gradukoa eta minimoa -1 gradukoa den bitartean, uztailean maximoa 32 gradu eta minimoa 25 gradukoa da. Neurtutako tenperaturarik altuena 43 gradukoa izan zen 1934kouztailaren 13an eta baxuena -16,9 gradu 1955ekourtarrilaren 6an.
Urteroko egun euritsuak 117 inguru izaten dira batez beste, eta prezipitazioak 1.100 eta 1.200 bitartekoak dira.
Nanjing hegoaldeko Txinan sortutako hiririk antzinakoenetakoa da. Kondairak dionez, Fu Chai, Wu estatuko jaunak Yecheng (冶城) izeneko hiria sortu zuen (kristo aurreko 495. urtean) gaur egun Nanjing dagoen kokagunetik gertu. Ondoren, k.a. 473. urtean Yue estatuak Wu konkistatu eta Yuechengo (越城) hiria eraiki zuten handik gertu. K.a. 333 urtean, Yue estatua deuseztu ostean, Chu estatuak Jinling Yi (金陵邑) hiria sortu zuen, hirigunearen ipar-mendebaldean.
Ordutik hiria hainbat aldiz berreraiki behar izan dute, gerra eta gatazka ezberdinek eraginda. 1937an armada japoniarrakTxina inbaditzean, Nanjing hiriari eraso egin zion eta bertan Nankingo sarraskia izenez ezagututako hilketaldia burutu zuen.
Hilketak sei aste iraun zituen, eta 200.000 pertsona baino gehiago hil ziren. Horrez gain, soldadu japoniarrek milaka emakume txinatar bortxatu zituzten. Datu zehatzik ez dagoen arren, bortxaketak 20.000 eta 80.000 bitartean izan zela uste da. Datu hau, Japoniako gerra auzitegiak eman zuen jakitera, eta beharbada, bortxaketa kasuak gehiago izan ziren.