Moskun jaioa, XVI. mendetik aurrera Errusiar Inperioan bizi zen familia eskoziar baten ondorengoa zen. Penza probintziako Tarjany herrian bizi izan zen, eta han daude bere gorpuzkiak gordeta. Vasili Zhukovski eta Aleksandr Puxkinen belaunaldi berekoa izan zen.
Haurtzaroan amonaren ardurapean hazi zen, eta ahalik eta heziketa onena eman zion. Irakasle partikularrak jarri zizkion amonak, eta atzerritarrak ziren tutoreekin ingelesa, frantsesa eta alemanera ikasi zituen txikitatik[1]. Arte eta letrekiko sentikortasuna eta talentua laster agertu zitzaizkion; poesia, pintura, musika eta antzerkian hasi zen.
Fakultateko ikasketak erdizka utzi behar izan zituen eta 1832an Militar Akademian sartu zen, eta militarra izan zen handik aurrera[1]. Alexander Puxkin poeta errusiarraren zentzugabeko heriotzak sumindurik, ospetsu bihurtu zuen Poetaren heriotza (Smert poeta, 1937) poema idatzi zuen. Tsarrak gaizki hartu zuen, eta Kaukasora bidali zuen Txetxeniako errebeldeak menderatzeko[1].
1838anSan Petersburgora itzuli zen, baina 1839an berriz ere Kaukasora bidali zuten duelu batean parte hartzearen ondorioz[1]. Garai honetan idatzi zuen Gure garaiko heroia (Geroy nashego vremeni,1840) protagonista, Pechorin, bere islada izanik.
Maitasun kontuetan zorte txarrak minduta, umore txar eta mingain biziko gizon honek zenbait duelutan hartu zuen parte eta, azkenean, 1841ean, Martynov komandantearekin izandako duelu batean hil zen[2].
Idazle ibilbidea
Puxkin eta Byron imitatu zituen bere lehen poemetan, baina bere estilo poetikoa berehala finkatu zen, argi eta garbi antzematen da gaien aldaketa. Beste poema batzuetan sutsu islatzen du ikasle gazteen sentimendu eta pentsamendua, mendekoen egoeraren aurrean haien haserrea erakusten duena, tsaristarendespotismoaren aurkakoa eta askatasunaren nahi sutsua adierrazten. 1832-1834 urteetan idatzitako Vadim eleberri amaitugabean, nekazari zapalduak defendatzen ditu eta Yemelyan Pugacheven matxinadaz hitz egiten du.
Zentsurak debekatutako Maskarad antzezlanean, Lermontovek nobleziari eraso egiten dio. Bere olerki ezagunenen artean, Demon, Mtsyri eta Pesnia pro tsariá Ivana Vasílievicha, molodogo opríchnika i udalogo kuptsá Kaláshnikova.
Lanak
Lord Byron poeta ingelesaren eta Puxkinen eragina izan zuen bere lehen poesietan, baina laster bere estilo propioa garatu zuen.[3]
Pesnya pro tsarya Ivana Vasilyevicha, molodogo oprichnika i udalogo kuptsa Kalashnikova (Kantu bat Ivan Vasilyevitx tsarrari, bere lepazain gazteari eta Kalashnikova merkatari saiatuari, 1837)