Meskita nagusia edo Jameh meskita (persieraz: مسجد جامع اصفهان – Masjid-e-Jāmeh Isfahān) Isfahan hirian dagoen kongregazio meskita da. Etengabeko eraikuntza prozesu baten emaitza da, 771 hasi zenetik XX. mende amaiera arte. Isfahango Bazar Handia meskitaren hego-mendebaldeko hegalerantz aurkitzen da.
Meskita Nagusia Iranen zutik dirauen zaharrenetakoa da. Omeiarren garaian eraikia lehen aldiz, kondairak dioenez Damaskoko kalifak berak ezarri zuen lehen zutabea. Meskita bilakatu baino lehen, zoroastrismoko tenplu bat zegoen bertan.
Meskita honek "lau-iwan" izeneko antolamendu arkitektonikoa jarraitzen du, hau da, lau gangadun areto ireki (iwan) aurrez aurre sarrera gisa patio nagusian ezartzea. Antolamendu hau oso ohikoa da Iranen. Qibla iwan handia meskitaren hegoaldean dago eta muqarnak erabiliz gangatu zuten XIII. mendean. Muqarna estalaktita edo erlauntza itxurako egitura geometrikoak dira, tronparen, arku edo gangaren eta kupulen arteko trantsizioak geometrikoki ahalbidetzen dutenak[2]. Patio nagusia bi solairuko arkupez inguratua dago, hainbat areto kupuladunez hornitua.
Iwanen artean dauden gune hipostiloetako kupula eta zutabeak estilo ugari eta garai ezezagunekoak dira, eraldatze etengabeak direla-eta: konponketak, berreraikuntzak eta gehigarriak[3].
Meskita ezaguna da adreiluzko bi kupula dituelako, seljukdarrek eraikiak. Hegoaldekoak mihraba estaltzen du eta 1086–1087an eraiki zuen Nizam al-Mulk-ek, Malik Xahren bisirrak, eta beste edozein baino handiagoa zen garai hartan. Iparraldeko kupula urtebete geroago eraiki zuen Taj al-Mulk-ek, Nizam al-Mumk-en arerioak. Bigarren kupula honen funtzioa ez dago argi. Nahiz eta ipar-hego ardatzean kokatua izan, meskitaren mugetatik kanpo zegoen. Aurreko erantzun gisa eraiki zen, eta hain ondo eraiki ezen persiar arkitekturaren maisulantzat hartzen den, dituen egitura soil eta oreka geometrikoagatik.
Historia
VIII. mende amaiera, arabiar motako meskita eraiki zen gaizki orientatua, sasandar garaiko Suaren Tenplu baten gainean. Gero, 841 aldera, orientazioa zuzentzeko abbastarrek partzialki berreraiki zuten. Ondoren, X. mendetikXII.enera, seljuktarrek lan handiak egin zituzten, bereziki zutabe bujidak eta iwanak.
XIV. mende aldera mozafartarrak iritsi ziren, batez ere ekialdeko atala eraiki zutenak, eta gero timurtarrak (XIV-XV. mendeak) eta safaviak (XVI-XVIII. mendeak) meskita mendebalderuntz zabaldu zutenak. Azkenean, qajarrek sarrera nagusia eraiki zuten.