Artikulu hau atal arkitektonikoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Zutabe (argipena)».
Zutabea edo koloma, arkitekturari dagokionez, atal arkitektoniko bertikal bat da, forma luzangakoa, orokorrean, egituraren pisua eusteko balio duena, modu apaingarrian ere erabil daitekeen arren. Bere sekzioa biribila izan ohi da, eta karratua denean, pilare edo pilastra esaten zaio. Normalean, zutabea hiru zatiz osatua dago: harroina, fustea eta kapitela.
Zutabe batua edo faszikulatua: Harroin eta kapitel berbera duten fuste anitzekoa, oso ohikoa arkitektura gotikoan.
Zutabe oroitarria
Kasu aparte bat, zutabe oroitarriarena da. Ez da eraikin baten egitura atala, berez, gertaera edo pertsonaiaren baten monumentu oroitarria baizik. Podio altu batean, neurri handiko fuste bat altxatzen da, bere azalera osoa estaltzen duten baxuerliebeekin apaindua, eta goialdeko muturrean, pinakulu eran, irudi edo estatua bat altxa daiteke.
Erromatarrek, estatu garrantzia zuten gertaerak oroitarazteko erabili zituzten, edo baita euren enperadoreak loriatzeko ere. Ospetsuak dira Trajanoren zutabea, 113. urtean altxatua Trajano enperadoreak Daziako probintzia konkistatu izana oroitarazteko, edo Marko Aurelioren zutabea, Antoninoren foruan 180an altxa zena (gaur egun Colonna de Romako enparantzan), germaniarren aurka lortutako garaipenak oroitarazteko.
Zutabeak kaltzitaz osatutako formakuntzak dira, eta espeleotemen barruan kokatzen da. Zutabe bat estalaktita bat eta estalagmita bat elkartzean sortzen da, eta ez dira zertan erabat bertikalak izan, estalgmitak ez daudelako beti estalaktiten azpi-azpian.