Bere lanetatik 17 film zinemaratu dute, nagusiki AEBetako ekoizpenak izanda, baina baita beste herrialde batzuetan egindako bertsioak ere (Mexiko, Turkia eta Iran).
Biografia eta ibilbide literarioa
1902ko otsailaren 27an jaio zen Salinas, Kalifornian. Jatorri Alemaniar, Irlandar eta Ingelesa dauka. Bere aitonak, Johann Adolf Großsteinbeck (1828-1913), abizena laburtu zuen Steinbeck-era Estatu Batuetara migratu zuenean.
1920an Standfordeko Unibertsitatean hasi zituen goi mailako ikasketak amaitu gabe utzi ondoren (1926), arazo sozialek sortzen zioten kezkak bultzatuta, sartalderantz lan bila zihoan nekazari talde batekin elkartu zen. Idatzi zituen lehenengo liburuek arrakasta izaten hasi aurretik, denboraldi luzea eman zuen besalari gisa lanean, eta aisialdietan idazten. Bizimodu horrek egiatasun-handiagoa eman zion bere kontakizunetan deskribatzen zituen langileen bizitzari.
Esperientzia horretatik sortu ziren obren artean aipagarriena In dubious battle da (1936) : fruta biltzaile batzuek marxismoaren jarraitzaile batzuek bultzatuta antolatzen duten greba bati buruzko historia, krisi handiaren garaian sortu zen samintasuna azaltzen duena eta besalarien lan baldintzak salatzen. Antzeko gai bati buruz idatzi zuen bere eleberri famatuenean, The Grapes of Wrath[1] (1939, Suminaren mahatsak), OklahomatikKaliforniara lan bila doan nekazari talde baten gertaera dramatikoak kontatzen dituena, orduko ekonomia sistema esplotatzailearen gogortasuna salatzearekin batera. Liburu horren eragin politikoa XIX. mendean Tom osabaren etxolak izan zuenarekin parekatu izan da. Liburuak Pulitzer saria irabazi zuen eta hura oinarri hartuta film bikaina egin zen hurrengo urtean John Ford filmegileak.
Baina arazo sozialak salatzen dituzten eleberriak ez ezik beste erdi pikaresko erdi erromantiko batzuk ere idatzi zituen : Tortilla Flat[2] da horietako bat (1935, Koro Navarrok euskaratua), Montereyko lagun talde baten gorabeherei buruzko kontakizun samurra, haren lehenengo liburu arrakastatsua izan zena. Of mice and men (1937, Saguak eta gizonak[3]) eleberria emigratutako bi besalariren arteko harreman konplexu bitxiari buruzko kontakizun berezia eta patetikoa da (besalarietako batek bestea babesten du, izugarri indartsua baina inozoa) ; argitaratu zen urte berean antzerkirako moldatu zen eta film bat egin zen hura oinarri hartuta.
Bigarren Mundu gerran Estatu Batuetako gudarostearen zerbitzura jarri zuen bere idazle ospea, eta berriemaile gisa eta propagandako liburuak idazten aritu zen. Liburu horien artean aipagarria da, oso oihartzun zabala izan baitzuen, The moon is down (1942, Ilargia sartu da), nazien mendean egondako norvegiar batzuei buruzko eleberria. Bigarren Mundu Gerraren ondorengo lehen urteetan hiru liburu idatzi zituen erreskadan ; bere lanetan ohi zuen bezala, kritika sozialaren elementuak badituzte ere, liburuok aurrekoak baino ingurune lasaiagoetan girotuta daude eta sentiberatasun handiagoa darie : Cannery row (1945), behartsuen alaitasunari, arduragabetasunari eta ontasunari egindako kantu bat, The Pearl (1947, Perla[4]), eta The Wayward Bus (1947).
Azken urteetan denbora-pasako eta kazetaritzako lan arinagoak idatzi zituen, eta ez zuen sekula lortu gerra aurrekoetan adinako maila, baina idatzi zituen oso lan onak ere, eleberrigilearen bikaintasuna erakusten dutenak : Burning Bright (1950), East of Eden (1952), The Winter of Our Discontent (1961, Nahigabea hartu genuen negua). East of Eden, Kaliforniako nekazari baten eta bere bi semeen arteko harremanei buruzko kontakizun epikoa, oinarri hartuta film bikaina egin zuen handik urte gutxira, 1955ean, Elia Kazan filmegileak.
Steinbeckek zenbait filmetako gidoiak ere idatzi zituen, Forgotten Village (1941, Herri ahaztua) eta Viva Zapata! (1952, Gora Zapata), besteak beste. The Pearl (1948, Perla[5], Ruper Ordorikak itzulia) eta The Red Pony (1949, Poni gorria) kontakizunen zinemarako bertsioen gidoiak ere berak idatzi zituen.
1962an Literaturako Nobel Saria eman zioten. Handik urte gutxira hil zen, 1968ko abenduaren 20an, New Yorken. Baina 1976an haren beste lan bat argitaratu zen, 1956 eta 1959 bitartean landutakoa, Thomas MaloryrenArtur erregearen heriotzaren interpretazio modernoa emateko asmoz : The acts of King Arthur and his noble Knights (1968, Arturo erregearen eta haren zaldun nobleen ekintzak). Liburu horrek haren alderdi ezezagunena azalarazi zuen: alegia, haren erudizioa eta adimen zorrotza, sarritan ezkutuan igaroa, eta kontakizun teknikaren erabilera argia.
Lanen zerrenda
Cup of Gold: A Life of Sir Henry Morgan, Buccaneer, With Occasional Reference to History1929