Ama espainiarra eta aita, berriz, Mexikoko indiarra izanik, gaztetandik sentitu zuen bere burua kulturen arragoa bezala. Mexikoko Iraultzak txikitan harrapatu zuen. Unibertsitate ikasketak bukatu ondoren, literaturan murgildu zen buru-belarri eta 1931n literatura aldizkari bat sortu zuen. Bi urte geroago, hemeretzi urte zituela, bere lehen poema bilduma argitaratu zuen: Luna silvestre (Basa ilargia). 1937anEspainiara joan zen gobernu errepublikanoari laguntzera Gerra Zibilean, eta bat egin zuen idazle antifaxisten aliantzarekin.
Parisen ere izan zen eta harremanetan jarri zen surrealistekin. Mexikora itzuli zenean lan handia egin zuen aldizkariak eta antzerki taldeak sortuz, besteak beste, poesia idazten jarraitu bazuen ere: A la orilla del mando (1942, Munduaren ertzean). Zenbait urtetan India eta Japoniako mexikar enbaxadetan aritu zen lanean, eta Sortaldeko kulturak ezagutzeko, eta bere pentsamoldea zabaltzeko, aukera izan zuen [1].
1968an Octavio Pazek uko egin zion enbaxadore karguari, ikasle mugimendu demokratikoak Mexikoko gobernuaren aldetik jasaten zuen jazarpenaren kontra protesta egiteko. Hurrengo urteetan Europan, Mexikon eta Estatu Batuetan bizi izan zen txandaka. Estatu Batuetan, adibidez, eskolak eman zituen Harvard Unibertsitatean. 1981eanCervantes saria irabazi zuen eta 1990eanNobel saria.
Idazgintza
Harreman eta eraginen sorta zabal horren itzalpean, Pazen poesia munduari eta hizkuntzari buruzko hausnarketa handia bilakatu zen. 1957anPiedra de sol (Harrizko eguzkia) argitaratu zuen, funtsezkoa Latinamerikako poesia modernoan, Libertad hajo palabra (1960, Askatasuna zinpean) bezala, 1953-1958 bitartean idatzi zuen poesia guztiaren bilduma, haren poema hoberenetako batzuk dituena.
Octavio Pazen eragina saiakeragile gisa ez da poeta gisa izan zuena baino txikiagoa izan. 1950eanEl laberinto de la soledad (Bakardadearen labirintua) argitaratu zuen, idazlea mundu osoan ezagutarazi zuena. Bai liburu honek bai arestiko poesia bildumak Mexikoko sustrai espiritualei buruzko gogoeta sakona eratu zuten. Pazek zioen Hego Ameriketako kultura sintesiaren fruitua zela, ez bazterketarena, eta zenbait liburu idatzi zituen teoria horren euskarri, sortaldeko artea eta haikua aztertuz, batetik, eta Kristobal Kolonen aurreko Ameriketako kulturen erro autoktonoak aztertuz, bestetik.
Beste poesia lan aipagarri batzuk hauek dira: Salamandra (1962), surrealistenetako bat; Blanco (1967) eta Topoemas (1968), Indiako egonaldiaren ondorengoak, Sortaldeko pentsamenduari buruzko gogoetak eta hitzaren eta irudiaren arteko harremanaz egin zituen azterketen emaitza; La Centena (1969), Posdata (1970), Hijos del aire (1981, Airearen seme-alabak).
Berrikuntza erradikalenekin bat eginez, poema birakorrak egin zituen diskoetan, eta poema kolektiboak ere idatzi zituen. Erotismoari eta kanpoko munduari emandako lehentasuna, hitz poetikoaren baitako gatazka, eta aurkarien adiskidetasuna artistaren kontzientzia sortzailean, horra Pazen poesiako elementu eta gai nagusiak. Pazen poesiari buruzko ideiak, eta poesiak berak, eragin handia izan zuten mexikar poeta gazteengan.
Haren saiakerek, bestalde, bere poesiaren intuiziozko askatasuna eta bizitasuna gorde dute, gaur egungo historiari eta poesiari buruzko gogoeta sakonak izateaz gainera. Horien artean aipagarrienak hauek dira: Los hijos del limo (1974, Lupetzako seme-alabak), El ogro filantropico (1979, Ogro filantropikoa), Sor Juana Ines de la Cruz o las trampas de la fe (1982, Sor Joana Ines gurutzekoa edo fedearen tranpak), Hombres en su siglo (1984, Gizonak bere mendean).
Bere bizitzako azken urteetan ere lanean jarraitu zuen, eta hainbat lan argitaratu zuen, besteak beste, La otra voz. Poesía y fin de siglo (1991), La llama doble (1993), Amor y erotismo (1993) eta Vislumbres de la India (1995).