Musikalki, rock & roll eta blues elektriko amerikarraren eragina jaso zuen eta bere taldea zen The Jimi Hendrix Experiencekin Europan arrakasta lortu ondoren, AEBetan ospe handia lortu zuen 1967an Montereyko Pop jaialdian emandako kontzertua eta gero. 1969an, Woodstock jaialdian hartu zuen parte eta, 1970ean, Wight uharteko jaialdian, 27 urte zituela hil aurretik.
2003an, Rolling Stone aldizkariak historiako gitarra-jolerik onena izendatu eta saritu zuen.[1]2004an, garai guztietako artistarik hoberenetarikotzat jo zuen (6). Urte berean, Total Guitar aldizkari britainiarrean, 4.000 irakurlek eginiko bozketan historiako gitarrajole onena zelako emaitza agertu zen.
Johnny Allen Hendrix 1942koazaroaren 27an jaio zen Seattlego (Washington, AEB) King County ospitalean. Ama amerikarra zuen eta aita, berriz, afroamerikarra. Izena aldatu zioten eta James Marshall Hendrix jarri, bere aitaren anaia zendutakoa zen Leon Marshall Hendrixen omenez.
Jimiren lehen urteak auzo umil batean izan ziren eta bere haurtzaroan zartako galanta jaso zuen gurasoak banandu zirenean. Umeak 9 urte besterik ez zituen eta, aitaren aldeko amona Nora Rose Mooreri eman zitzaion zaintza eskubidea.
4 urte besterik ez zituenean lehen instrumentua izan zuen: aho-soinua. Aitaren soka bakarreko ukelelea ordezkatu zuen lehen gitarra akustikoa 14 urterekin lortu zuen, 5 dolarren truke. Etengabe hasi zen jotzen eta bere kasa ikasi zuen B.B. King edo Muddy Waters bezalako musikariei begira.
1958an, ama hil zitzaion urtean, aitak lehen gitarra elektrikoa erosi zion, Supro Ozark gorri bat, anplifikadorerik gabekoa, eta honekin jo zuen herriko talde batzuetan. Eskola utzi eta buru-belarri ekin zion gitarra-jole handienak jarraitzeari: B.B. King, Muddy Waters, Albert King, Robert Johnson, Leadbelly eta Chuck Berry.
1960ko hamarkadaren hasieran, legearekin izan zituen arazo batzuk medio, Jimik soldadutza ala kartzela aukeratu behar izan zuen. Horrela, 1961ekomaiatzaren 31n, Hendrix soldadutzara joan zen, 101st Airborne dibisioan sartuz, eta trebatze epe baten ondoren, Fort Campbellera bidali zuten, Kentuckyn.
Abentura militarrak ez zuen asko iraun. Hango giro zorrotzak frustrazioa eragin zion eta musikan jardun nahi zuela erabaki zuen. Jimi Hendrixek, armak uzteko, behin baino gehiagotan joan behar izan zuen armadako psikologoarengana, zenbait iturriren arabera, homosexuala zela argudiatu zuelarik. Hendrixen hainbat elkarrizketak diotenez, badirudi jausgailuan salto egin ondorengo bizkarreko arazoak jarri zituela aitzakia gisa.
Baja lortu ondoren, Buster (izen hori ematen zioten sendian eta lagunartean) Clarksvillera (Tennessee) joan zen bizitzera. 1962an hasi zen jendaurrean agertzen bere laguna zen Billy Coxekin batera eginiko King Casuals bandan. Taldeak inguruko lokaletan jotzen zuen Nashvillera joatea erabaki zuten arte. Han Jefferson Street inguruko lokaletan mugitu ohi ziren, betiko Nashvilleko komunitate afroamerikarraren bihotzean eta, garai hartan, rhythm and blues musikan murgildua. Giro honek sustatu eta eragin itzela izango zuen Hendrixen lehen zuzenekoetan.
Hurrengo hiru urteetan, Jimik bizimodu desordenatua izan zuen: Chitlin' Circuit biran hartu zuen parte eta ez zuen sekula huts egin King Casuals bandaren gitarrista bezala, edo beste banda batzuek ondoan, bai blues, rhythm and blues edo soul musikan, Chuck Jackson, Slim Harpo, Tommy Tucker, Sam Cooke edo Jackie Wilsonen ondoan. Erabakiorra izan zen hau Jimiren garapen musikal eta estilistikoarentzat. Testuinguru honetan, Hendrixek blues musikaren erroetan sakontzeko aukera izan zuen.
Formazio garai honen ondoren, 1964an, Hendrix New Yorkera joan zen, Harlem auzora. Arthur eta Albert Allen bikiak (Taharqa eta Tunde-Ra Aleem) egin zituen lagun eta adiskidetasun hura erabakigarria izan zen Hendrixen ibilbidearentzat. Era berean, garrantzi handikoa izan zen gero emaztegaia izango zuen Lithofayne "Fayne" Pridgeonekin hasi zuen harremana. Emakume honek laguntza handia eman zion Hendrixi New Yorkeko giroan eta Harlemeko giro musikal undergroundean sartzeko orduan.
Lehen arrakastak
1964a izan zen urte erabakiorra. Isley Brothers taldeko gitarrista sartu zen eta bira egin zuten AEBetan zehar, Chitlin' Circuit lokaletan eta guzti. Garai honetan izan zuen Testify tema estudioan jotzeko aukera eta arrakasta handia lortuko zuen irratian.
1964 eta 1965 artean, Hendrix bandatik bandara ibili zen: NashvillenIsley Brothers utzi eta Gorgeous George Odell bandari atxiki zitzaion; Atlantan, Upsetters taldean sartu zen, Little Richardekin zebilen taldea. Jimiren idolo handienetakoa zen Little, baina haserrealdi handiak izan zituzten bien artean. Gehienetan, Richardek Hendrixen antzerkirako gehiegizko joera ezin zuelako jasan izan ohi zen eta, bolada batez, Hendrix Richardetik aldendu eta Ike eta Tina Turnerrekin aritu zen, baina ez zuen asko iraun, berriro aurreko taldera itzuli baitzuten. Azkenean, lana galdu zuen Washington D.C.ra zihoan autobusa galdu zuelako.
1965ean, Knight ezagutu zuen hotel baten hall-ean eta Hendrix Curtis Knight and the Squires bandara erantsi zitzaion. Bi hilabetez jarraitu zuen Joey Dee and the Starliters bandarekin berriro, New Yorken, Squires bandara itzuli baino lehen.
Azkenean, 1965ekourriaren 15ean, Jimik zine kontratu bat lortu zuen 3 urtetarako Ed Chaplinekin. Urte batzuk geroago, elkarlana bertan behera geratuko zen eta kontratua apelatu egingo zuen Hendrixi buruhauste bat baino gehiago eraginez.
1966an, Hendrixek lehen banda osatu zuen azkenean: Jimmy James and the Blue Flames. Randy Wolfe 15 urteko kaliforniarra taldekide izango zuen eta, bi Randy zeudenez, Jimik Randy California deituko zion gazteari. Besteari, berriz, Randy Texas.
Garai honetarako, orduko musikari eta artista asko bezalatsu, Jimik marihuana erretzen zuen eta LSD ere hartzen zuen.
Hendrix eta bere talde berriak arreta piztu zuten New Yorken. Garai hartan ezagutu zuen Frank Zappa handia eta honen eraginez egingo zuen bere wah-wah efektua gitarran.
The Jimi Hendrix Experience
1966a izan zen Hendrixen urtea. West 21st Streeteko Cheetah Clubeko gau batean, gitarra-joleak garai hartan Keith Richardsen emaztegaia zen Linda Keith ezagutu zuen. Harreman estua sortu zen bien artean eta Lindak The Rolling Stonesen managerra zen Andrew Loog Oldham eta Seymour Stein ekoizlea aurkeztu zizkion. Ez zen ezer asko jazo bilera hartan, baina Lindak ez zuen etsi eta The Animals bandako baxu-jotzailea zen Chas Chandler aurkeztuko zion hurrengoan. Oraingo honetan arrakasta izan zuten, Chandler The Animals uztear baitzegoen. Hendrix Hey Joeren bertsio bat egiten saiatu zen eta emaitzak txundituta utzi zuen Chandler. Londresera eraman zuen kontratua sinatzera eta musikariak bilatzeari eman zioten. Audizio batzuen ondoren, power-trio eran osatu zuten taldea eta bi ingeles hautatu zituzten horretarako: Noel Redding gitarrak baxua joko zuen eta Mitch Mitchell piroteknikoak bateria. Jimi Hendrix Experience jaio zen horrela.
Emaitza erabateko berrikuntza izan zen; Europan eginiko emanaldietan, Hendrixen doinuek, Mitchellen bateriak eta Reddingen baxuak arrakasta handia izan zuten Londresko musika munduan. Gitarra-jolearen bortizkeriak Eric Clapton edo Yardbirdseko kide zen Jeff Beck liluratu zituen eta The Who banda bere diskaetxea zen Track Recordsen proposamena onar zezan ahalegindu zen.
Prentsari eskaini zioten lehen bertsioa Hey Joe izan zen eta Stone Free blues sakona eta latza eraman zuen atzealdean singleak. Salmentak ondo joan ziren eta hurrengo bikotea atera zuten: Purple Haze eta The Wind Cries Mary. Zuzenekoetan ez ziren falta abesti hauek eta, kontzertuetan, Howlin' Wolfen Killing Floor izan ohi zen lehen kanta. B.B. KingenRock Me Baby eta The Troggs bandaren Wild Thing ere jotzen zuten maiz.
Monterey Pop Festival
1967ko maiatzean, Are You Experienced? lanaren salmentak oso ondo joan ziren EuropanThe BeatlesenSgt. Pepper's Lonely Hearts Club Bandren atzetik. ExperienceAEBetara joateko gogoz zegoen eta 1967ko ekainean etorri zitzaien aukera.
The Jimi Hendrix Experience bandak ez zuen abagunea alferrigaldu eta aktuaziorik hoberenetarikoa egin zuen. Kontzertuak iraun zuen 40 minututan, Hendrixek Stratocasterra sekula ikusi ez bezala erabili zuen, mimika sexuala irudikatuz, hortzekin joz, bizkar atzean, mikrofonoaren eutsgailuan edo anplifikadorearen kontra izugarrizko zarata eraginez. Azkenean, su eman zion eta kolpeka hautsi zuen.
Hendrixen gitarraren hondarrak errekuperatua izan ziren eta, gaur, SeattlekoExperience Music Projecten daude erakusgai.
Hirukotearen emanaldiak oiartzun itzela izan zuen AEBetan.
1967an, Are You Experienced? lanaren ondorengoa etorri zen: Axis: Bold as Love. Hau ere kutsu mikatz eta esperimentalean grabatua izan zen, baina aurrekoa baina leunagoa zen eta James Brownenfunk eta Blues eta Rythm & Bluesetik gertuago.
Bold as Love-en esperimentatzen jarraitu zuen eta emaitza guztiz berritzailea lortu zuen. Gainera, gitarra tonu erdi bat beherago zegoen, ondoren gitarrajolearen ekoizpen guztietan egingo zuen bezala.
Oztopo bat edo beste aurkitu bazuen ere, diskoa kaleratzea lortu zuen:
Hendrixek zinta orijinala taxi baten atzeko eserlekuan ahaztu zuen eta ez zegoen berreskuratzeko itxaropenik. A aldeko lan osoa berriro nahastu beharrean gertatu ziren eta gau bakar batean egin zuten.
Gaizkiulertu batean, Hendrixek arbaso indigenak atera nahi baitzituen portadan, Hendrix, Redding eta Mitchell agertzen ziren Durga eta Visnú jainkoak balira bezala.
...
Hala ere, albumak arrakasta handia lortu zuen eta emanaldiak egiteko eskaria hazi zen, Experience gero eta toki handiagoetara eramanez. Hala ere, birak ez zuen ondo bukatzea lortu. Banda Eskandinavian zegoen bitartean, 1968kourtarrilaren 4an, Hendrix atxilotu zuten Estokolmon, alkohola eta drogaren eraginez, hoteleko logela suntsitu zuela-eta.
Electric Ladyland
Hendrixen azken estudio LPak ere arazoak izan zituen ateratzeko. Electric Ladyland egiten hasi ziren bezain pronto, Chas Chandler ekoizleak, berarekin zituen haserrealdiak zirela-eta, alde egin zion Hendrixi. Ezin ulertu ugari zegoen bien artean. Chandlerrek ez zuen hainbeste arriskatu nahi, 5 minutuko kantak nahi zituen... Hendrix, berriz, gelditu gabeko aldaketa zen. Jimi Hendrix Experienceren lehen bi LPetan Chandlerren eragina nabarmentzen da eta poparen ohiturei jarraitzen die, 4-5 minutuko kantuekin. Aldiz, Electric Ladyland lanean, Hendrix autentikoa da, abesti laburrak eta jam session luze baino luzeagoak tartekatuz.
Chandlerrek alde egiteko beste arrazoia Hendrixen diziplinarik eza izan zen, ezin lana atera programatuta zuten bezala, bira eta bira aldatu lana... Gehienetan bazekien nondik abiatzen zen; ez, ordea, nora iritsi behar zuen. Musikari ugarik hartu zuten parte, askotan zertarako argi ez bazegoen ere: Al Kooper tekladista, Jefferson Airplaneko Jack Casady baxujolea edo Traffic-eko Steve Winwood. Ez da harritzekoa hain denbora gutxian Hendrixek utzitako material pila.
Jimi Hendrix Experienceren amaiera
Chandler ez zen galdu zuen kide bakarra izan. Noel Redding baxuak ere ez zuen Hendrixen lan egiteko era jasaten. Zenbaitetan, baxuak alde egin behar zuen Hendrixen muturkadaren aurrean eta, itzultzean, baxua grabatua aurkitzen zuen, Jimik berak egin zuelako.
1969kootsailaren 24an izan zen azken emanaldia LondreskoRoyal Albert Hallen. Erabat beteko zuten aretoa bi emanaldietan eta dokumentala izateko grabatu zituzten, oraindik editatu gabe badaude ere.
Noel Redding ez zen gustura sentitzen baxua jotzen, gitarra nahiago baitzuen. 1968an, bere banda propioa osatu zuen, Fat Mattress eta, behin baino gehiagotan izan zen Experience beraren kide. Hori gutxi balitz, Experience inguruan beti zegoen histeria puntua eta gero eta gehiago nabarmentzen zen hori. 1969koekainaren 29an, ezin eraman ugari nabarmendu zen eta bortizkeria nagusitu zen publikoan. Poliziak parte hartu behar izan zuen kontrola ezartzeko taldekideek alde egiten zuten bitartean. Reddingek hurrengo egunean adierazi zuen hausteko asmoa.
Hendrixen arazoak ez ziren bandara mugatu. 1969komaiatzaren 3an, Torontoko Pearson International Airporten hartu zuten atxilo. Ez zekiela drogak nola iritsi ziren bere maletara adierazi zuen eta ondo atera zitzaion jokaldia.
Woodstock eta formazio berria
1969an, Woodstock jaialdia ikuskizun esanguratsuenetarikoa izan zen. Bakezaletasunaz gain, Jimi Hendrix benetako ikono bihurtu zen. 1969ko abuztuaren 18ko gauerako programatu zuten bere kontzertua, bake, amodio eta musikaren 3 egunetako jaialdiaren amaieran.
Arazo tekniko ugari izan zuten, euri zaparrada ikaragarria bigarren egunean eta zale kopurua murriztuta zegoen, jada. Hendrixek jo zuenean, audientzia bazegoen, baina ez uste bezalakoa: 180.000 bat ikusle, nekatuta erabat, gogorik gabe.
Aurkezleak Jimi Hendrix Experience iragarri zuen, baina Hendrixek Gipsy Sun and Rainbows zetorrela zuzendu zuen. Bi orduko emanaldia etorri zen, "The Star-Spangled Banner" AEBetako ereserkiaren bertsio gitarreroa tartean. Vietnameko auzoetako bonbardaketak simulatu zituen, sirena antiaereoak, guduaren zaratak... dena bere gitarra erabiliz.
Hurrengo urteko abuztuaren 26an berriro izan zen han Wight Uhartean ospatuko zen Woodstock edizioan.
Jimi Hendrixen heriotza
1970ekoirailaren 18an hil zen Londresen 27 urte zituenean. James Marshall Hendrix somnifero eta alkohol nahasketa baten ondorioz hil zen, bere gonbitoen artean itota.[2] Festan ibili zen eta bere emaztegaia zen Monika Dannemannek bere Samarkand Hoteleko apartamentuan utzi zuen.[3]
Urte batzuk geroago, heriotza kamilan zeramatenean gertatu zela argitu zen.
Gaur egun hipotesi ugari aipatzen dira heriotza dela eta. James Wrighten esanetan -Rock Roadie (2009)- Michael Jeffery ordezkariak erail zuen, Hendrixek kalera bota nahi zuelako. Musikaria hil eta gero, Michael Jefferyk asegurua kobratzeko aukera izango zuen. Wrighten hitzetan, Michaelek berak esan zion hau dena, hegazkin istripu batean hil baino lehen.
Horrela edo hala, gauza da Jimi 27koen klub ezaguneko kide bilakatu zela, adin horretan etorri baitzitzaion heriotza.[4]
Experience Music Project
2000n, Frank Gehry estatubatuar arkitektoak diseinaturiko Experience Music Project inaguratu zuten Seattlen, Jimi Hendrix eta beste estatubatuar rock banden omenez eraikitako museoa. Eraikinak, artxibo historikoaz gain, erakusketa aretoak, rock musika laborategia, denda eta zuzenekoak antolatzen diren jatetxea ere baditu.
Diskografia
The Jimi Hendrix Experience
Are You Experienced (1967)
Axis: Bold as Love (1967)
Electric Ladyland (1968)
Bakarlanean
Band of Gypsys (1970) (zuzenean)
First Rays of the New Rising Sun (1997, hil ondoren)
Valleys Of Neptune (2010)
People, Hell & Angels (2013)
Besteak
Singleak
Blues (1994).
BBC Sessions (1998): 1967 eta 1969anBBCn emisoran eginiko grabazio ofizialak.
Live at the Fillmore East: 1970eko bezperan eginiko Band of Gypsysen lehen bi kontzertuak.
Live at Woodstock (1999): 1969koWoodstock jaialdiko aurkezpenaren edizio ofiziala.