Holokaustoa (grezieratikː ὁλόκαυστον, holos, «guztia» + kaustos, «erreta»)[1] , Shoah izenaz ere ezaguna (hebreerazkoהשואה izenetik), genozidio sistematikoa izan zen, naziek eta haien laguntzaileek Bigarren Mundu Gerra bitartean gauzatu zutena juduen aurka.[2]
Alemanian hasi ziren juduen kontrako lehen erasoak, Hitler agintari zela. Hala, 1938tik aurrera indartu egin ziren juduen kontrako neurriak; kontzentrazio esparruetan sartu zituzten, eta askok eta askok Europako beste herri batzuetara edo Ameriketara ihes egin behar izan zuten. Bigarren Mundu Gerran naziek beren mendean zuten Europako lurralde guztietara zabaldu ziren juduen kontrako erasoak. 1942tik aurrera, juduak hiltzeko Endlösunga (Azken Konponbidea) jarri zuten indarrean: gas ganberak eta labeak prestatu eta han hil zituzten 5.700.000 judu inguru[3].
Naziek genozidioa praktikara eramateko erabakia 1941eko udaren amaieran eta udazkenaren hasieran hartu zuten, eta programa genozidak 1942ko udaberrian hartu zuen punturik gorenena. 1942ko bukaeratik aurrera, biktimak karga-trenetan garraiatzen ziren, batez ere kontzentrazio-esparruetara bideratuak; han, gehienak sistematikoki hiltzen zituzten gas-ganberetan. Horren guztiaren planifikatzailea eta administratzaile nagusia Heinrich Himmler izan zen.
Gainerakoan, Adolf Hitlerren erretorika antisemita errepikatuak sustatu zuen hilketak gauzatzea eta, horretaz landa, Hitlerrek berak onartu zuen. Hala, 1941 eta 1945 artean, Europako juduen populazioa sistematikoki jazarri eta hil zen, XX. mendeko genozidio handienean. Hala ere, sarraski hori ez zen juduetara mugatu, opresio eta hilketa-ekintzak beste talde etniko eta politikoetara zabaldu ziren. Alemaniako estatuaren beso bakoitzak genozidioaren logistikan parte hartu zuen, eta Hirugarren Reicha Estatu genozida bihurtu zuen.
Nazien biktima ez juduak honako hauek izan ziren: komunistak eta politika ezkertiarreko sektoreetako kideak, homosexualak, ijitoak, Jehovaren Lekukoak, ezgaitu fisiko eta mentalak eta gerrako presoak.
Terminologia
«Holokausto» terminoak suak kontsumitutako sakrifizioari egiten dio erreferentzia; lehen erabiltzaileak 1950eko hamarkadaren amaierako historialari juduak izan ziren[4]; hitza 1960ko hamarkadaren amaieran orokortu zen. Shoa izenaz ere ezaguna da: hebreeratiko hitza da, "hondamendia" esan nahi duena.[5]
Juduak izan ziren Holokaustoaren biktima nagusiak, Azken Konponbidea izeneko operazioan. Erailen kopuru aipatuena 6.000.000koa da, nahiz eta batzuetan 5.000.000 erail zituztela aipatu. Baina orobat genozidio hori nozitu zuten beste giza talde batzuek ere, hala nola 220.000 ijitok (Europan zirenen laurden bat), Sobietar Batasuneko 2,8 milioi gerra presok, errusiarrek (18 miloi zibil),[6] poloniarrek (3 milioi poloniar judu, eta judu ez ziren beste 2 milioi), elbarriek, homosexualek, Jehovaren lekukoek, komunistek, eta politikaren nahiz erlijioaren arloko beste hainbat aurkarik.
Historialari guztiek halere ez dute talde horien guztien jazarpena Holokaustoaren definizioan sartzen. Batzuen ustez, juduen jazarpena baizik ez da sartzen Holokaustoaren barruan. Beraz, zein definizio hartzen den, biktimen kopurua asko aldatzen da.
Oinarri ideologikoak
Hirugarren Reicharen helburu nagusietako bat Europako arraza-berregituraketa izan zen. Bertan, antisemitismoak funtsezko eginkizuna izan zuen, honek aldarrikatzen zuen «judua» gaitz guztien jatorria zela, bereziki internazionalismoa, bakezaletasuna, demokrazia eta marxismoa, kristautasunaren, Ilustrazioaren eta masoneriaren sorreraren erantzulea zela. Ideologia horretaz gain, genozidioaren exekuzioaren euskarria Alemaniako gizartea izan zen, Europako gizarte modernoena eta garapen tekniko handiena zuena, eta burokrazia antolatu eta eraginkorra zuen.[7]
Weimarko Errepublika Alemanian demokrazia liberala eratzeko lehendabiziko saioa izan zen. Garai gatazkatsua izan zen, eta Errepublikak ezin izan zion aurre egin. 1929ko krisi ekonomikoa zela eta, langabezia guztiz zabaldu zen Alemanian barrena. Miseria-giro hartan eskuin muturreko Alderdi Nazionalsozialistak gora egin zuen eta, 1933ko urtarrilean, aginpidea hartu zuen Hitlerrek, hauteskundeetan lehen indarra izan zirenean.
Nazien diktaduraren makina abiarazia zen: oposizioa gupidagabe suntsitu ondoren, jaun eta jabe bihurtu ziren, Gestapo polizia politikoan oinarriturik: naziek Reichstag-i su emandakoan, komunistak eta sozialistak garbitu zituzten; juduen aurkako esetsaldia izugarri areagotu zen eta, azkenik, alderdi nazionalsozialista barneko oposizioa deuseztatu zuten («Labana luzeen gaua», 1934ko ekainaren 30ean). Reichsführer bihurturik, Hitlerrek Alemania gerrarako prestatu zuen.
Antisemitismoa alemaniar gizartean
Alemanian, kristautasunaren sorreratik Europan izan zen konstante historiko (antijudaismoa) baten sentimendua, XIX. mendearen amaieran nabaritu zen, antisemitismoaz hitz egiten hasi zen momentuan. Mende horretan zehar, judu batzuk beren erlijioaren marjinaltasuna konpontzen saiatu ziren, bai kristautasunarekin parekatuz, bai judaismo mota berri bat sortuz. Horren ondorioa antisemitismoa zabaltzea izan zen, inguru intelektualetan barne.[8]
Antisemitismoa nazismoan
Testuinguru horretan sortu zen Alemaniako Langile Alderdi Nazional Sozialista (NSDAP), alderdi nazia, 1919an Munichen. 1920ko programa ofizialak alemaniar guztiak Alemania Handi baten barruan batzea proposatzen zuen, eta odol edo arraza alemaniarreko pertsonak bakarrik izatea nazionalak zehazten zuen. Esplizituki, gainera, NSDAPek kristautasun konstruktiboa aldezten zuen, eta espiritu «judeomaterialistaren» aurka borrokatzen zuen herrialdearen barruan eta kanpoan.[9]
Bere buruzagi nagusiaren lehen deklarazio politiko ezaguna, Adolf Hitler armada alemanaren kabo ohia, 1919ko irailaren 16ko gutunean azaltzen da, juduen auziari buruzkoa zen, komunitate judua arraza-talde hutsa zela eta ez talde erlijiosoa zioen.[10]
Bere oinarri nazionalista eta antisemitekin, alderdi nazia pixkanaka garatzen joan zen, militanteen eguneroko jarduera bizi eta deigarrian oinarrituta. 1919 eta 1924 artean, Bavariara mugatu zen bere ekintza-eremua. Han, alemanen masa heterogeneoa atzeman zuen, antzinako soldaduek, antikomunistek eta antisemitek osatua, eta, oro har, iraultza nazional baten ideiak erakarritako desklasatuek osatua.
Bere ideia antisemitak Hitlerrek nahiz beste nazi batzuek, hala nola Alfred Rosenberg, Julius Streicher edo Hermann Esser-ek emandako diskurtsoetan azaltzen ziren maiz, eta juduen aurkako neurri sendoak hartzeko beharra azpimarratzen zuten, Alemaniako gizartean zuten eragina erabat ezabatzeko.
Juduen aurkako neurri nagusiak
1933:
Medikuen, merkatarien, irakasleen, abokatuen eta ikasle juduen aurkako boikota.
Juduei medikuntzan eta abokatutzan aritzea eta kargu publikoak izatea debekatu zitzaien.
Juduen eta alemaniarren arteko harremanak debekatu ziren.
Juduei Reicheko bandera altxatzea debekatu zitzaien.
1938
Haur juduei eskolara joatea debekatu zitzaien.
Juduek bost mila markotik gorako ondasunak aitortu behar zituzten.
Juduen jabetzako industriak edo saltokiak desjabetu ziren.
Mediku eta abokatu juduek beren tituluak galdu zituzten.
Izen judua ez zuten juduek "Sara" edo "Israel" jarri beharko zuten aurretik.
Juduei J letraz markatutako pasaporte berriak eman zitzaizkien.
Juduei toki publikoetara joatea (antzokiak, zinemak, lorategiak, geltokiak), garraiobideak erabiltzea, eta goi-eskoletan matrikulatzea debekatu zitzaien.
1941
Juduak bortxazko lanak egitera behartu zituzten.
Irailak 3. SSetako funtzionarioek lehenengo gasestatze-saioak egin zituzten, Ziklon B gasa erabiliz, Auschwitzeko kontzentrazio-esparruan.
Sei urtetik gorako juduek ikur identifikatzaile bat eraman behar zuten arroparen kanpoaldean: Daviden izarra.
1942
Azken konponbidea edo azken irtenbidea jarri zen martxan: nazien kontzentrazio-esparrutan juduak sarraskitzea.
«Juduen Auziko Azken Konponbidea» (alemanezEndlösung der Judenfrage) Adolf Eichmannek asmatutako esapidea da. Azken Konponbidearen gauzatzea Holokaustoko fase hilkorrena izan zen. 1942an Azken Konponbidea erabat gauzatu baino lehen, milioi bat judu hilaraziak ziren. Baina judu populazio osoa desagerrarazteko erabakiarekin batera, sarraskitze-esparruak eta Europako juduen hilketa sistematikoa abian jarri zen. Erabaki hau Wannseeko Konferentzian hartu zen, 1942kourtarrilaren 20an. Bilera horretako oharrak ukigabe aurkitu zituzten Bigarren Mundu Gerrako aliatuek, eta frogatzat erabili ziren Nurenbergeko epaiketetan.