Hazizurria (edo parotiditisa) gaixotasun infekziosoa da, jatorri birikoa duena, umeak batik bat jotzen dituena eta listu-guruin batzuen hantura (parotidenak) eragiten duena.
Hazizurriaren eragilea Paramixobirusen taldeko birus bat da. Birus hauek RNA dute material genetiko gisa, kapside helikoidal batez babestua. Hazizurria sortzeaz gain, talde horretako birusek elgorria eta pneumonia mota bat ere eragiten dute.
Gizakia da hazizurriaren gordailu bakarra.
Infekzioa
Parotiditisa oso kutsakorra da. Gaixoak kanporatzen dituen listu-tanten bidez (eztula edo doministiku egiterakoan) transmititzen da, arnas aparatuari eragiten dioten beste gaitzen antzera (hotzeria, gripea, pneumonia, elgorria...). Birusa arnas jariakinetan dago, eta gaixoak kanporatutako aerosol tantetan milioika birus patogeno daude.
Arnas traktuko zelulakinfektatu ondoren birusa odolaren bidez gorputz osora hedatzen da, organo desberdinetara iritsiz: barera, barrabiletara, nerbio-sistema zentralera eta parotidaguruinera, besteak beste.
Infekzioa pasatutakoan bizitza osorako immunitatea garatzen da. Hots, hazizurria behin besterik jasan daitekeen gaixotasuna da.
Sintoma klinikoak
Infektatuen %25ak ez du inongo sintomarik, ez du gaixotasunik garatzen, alegia. Hauengan, birusaren aurkako antigorputzak dira infekzioaren aztarna bakarra.
Sintomak daudenean gaitzaren inkubazio epea 2-3 astekoa da. Nagusiak honako hauek dira: buruko mina, sukar arina, ondoeza eta listu-guruinen hantura.
Zenbait kasutan beste organo batzuk kaltetzen dira gaitzaren ondorioz: area (pankreatitisa agertzen), barrabilak (orkitisa agertzen) edo nerbio-sistema (meningitisa agertzen). Konplikazio hauek ez dira oso ugariak, zorionez.
Konplikazioak
Hazizurriaren konplikazioak elgorri, hazizurri eta errubeolaren txertoa jaso aurretik eta ostean
Klinikoa izan ohi da, sintomatologia aztertuz. Listu-guruinen hanturak asko laguntzen du diagnostikoa egiten. Laborategiko probak ez dira normalean egin behar.
Profilaxi eta tratamendua
Hazizurriaren aurkako txertoa dago, birus moteldu batekin egindakoa. Euskal Herrian eta herrialde garatuetan ume guztiei ematen zaie, elgorri eta errubeolaren txertoekin batera (txerto hirukoitz biriko delakoa erabiliz). Txertoa bi dositan ematen da, lehenengoa urte batekin eta bigarrena 4 urterekin. Txertaketa masiboari esker hazizurriaren intzidentzia %95ean jaitsi da Europan.
Hainbat gaixotasun birikorekin gertatzen den moduan, ez dago birusaren aurkako tratamendu espezifikorik. Gaitzaren sintomak arintzeko antipiretikoak eta analgesikoak erabiltzen dira (parazetamola, esaterako). Ume txikiei ez zaie aspirina eman behar, botika horrek Reye-ren sindrome larria eragin baitezake.