Gabai iluna (Ardenna grisea) Procellariidae familiako itsas-hegaztia da. Atlantiar ozeanoan, Barean eta Indikoan bizi da. Hegalari handia da, egun bakarrean 910 kilometro ere egin ditzake hegan eta urtean 74.000 kilometro ere egin izan ditu[1].
Deskribapena
Tamaina ertaineko itsas-hegaztia da, 40-51 cm arteko luzera eta 94-109 cm arteko hego-zabalera dituena. Izenak adierazten duen bezala lumaia iluna du, goialdean eta behekaldean, baina hegoen azpialdean luma zilarkara batzuk agerten ditu. Mokoa eta hankak ere oso ilunak dira. Hegan ari denean hankak buztanetik haratago ateratzen zaizkio. Ez du sexu dimorfismorik ageri eta gazteak eta helduak ere oso antzekoak dira[2].
Hegakera zuzena du baina haizearen alde ari denean sarritan aldatzen du norabidea.
Habitata
Hegazti hau itsaso zabalean bizi da eta kumatzeko ez bada ez da lehorrera inguratzen[2]. Ozeano handien hegoaldetako uharteetan kumatzen du, Australian, Tasmanian, Zeelanda Berrian, Txilen eta Falkland uharteetan besteak beste. Udan eta udazkenean ikusten dugu gure latitudeetan[3]. Atlantiar Ozeanoan Falklandetatik Norvegiara elikatzera joaten denean 14.000 kilometroko distantzia egiten du eta antzerako distantzia Ozeano Barean ere Zeelanda Berritik Aleutiar uharteetara joaten denean.
Elikadura
Arrainak eta zefalopodoak harrapatzen ditu batez ere. Airetik harrapakina ikusi eta amildu egiten da. Normalean ur azalean harrapatzen ditu baina 68 metrotako sakonerara ere murgildu daiteke[1], askotan baleei jarraituz, hauek murgiltzen direnean izutzen dituzten arrainen bila.
Ugalketa
Urria aldera hasten da ugaketa garaia. Kolonia handiak sortzen ditu eta habian arrautza bakarra jartzen du. 53-56 egunetan zehar txitatzen du eta txitak jaio ondoren hiru hilabete behar ditzute hegan hasteko. Bost eta bederatzi urte artean ugaltzeko heldutasuna lortzen dute[2].
Taxonomia
Johann Friedrich Gmelin naturalista alemaniarrak 1789. urtean deskribatu zuen aurreneko aldiz[4] eta Procellaria grisea izena eman zion[5]. Beranduago Puffinus generora aldatu zuten, gainerako gabaiekin batera taldekatuz. 2014an ADNmitokondrialaren ikerketak egin ondoren Ardenna generoan sartu zituzten gabaien zazpi espezie[6]. Ez zaizkio azpiespezierik ezagutzen[7].
Gizakiarekin harremana
Ehiza
Zeelanda Berrian 250.000 gabai ilun harrapatzen dira urtero. Maoriek beren haragia eta gantza aprobetxatzen dute[3]. Habian dauden gabai gazteak hartzen dira, lumatzen hastear daudenak. Lumak kendu eta gatzetan kontserbatzen dira.
The Birds filma
Alfred Hitchcock-ek 1963 urtan zuzenduriko The Birds filmaren oinarrian 1961eko gertakizun bat dago[8]. 1961eko abuztuaren 18an Kaliforniako Montereyko badian gabai ilunek kostaldea inbaditu zuten, sardinak oka eginez, objetu eta etxeen kontra talka eginez eta lurrera hilda eroriz. Egindako ikerketek erakusti zuten gabaiak erotu egin zirela alga toxikoak irenstearen erruz[9].