Fentaniloa[1] eragin azkarreko opioide sintetikoa da, nerbio-sistema zentrala eta arnasketa deprimitzen dituena. Heroina baino 50 aldiz eta morfina baino 100 aldiz indartsuagoa da, eta gaixoen mina segundo gutxian arintzeko balio du, baita hartzaileei euforia eta ongizate sentipena eragiteko ere.[2]
Ameriketako Estatu Batuetan, fentaniloa masiboki eta kontrolik gabe kontsumitzeak droga horren mendeko bihurtu ditu hainbat eta hainbat pertsona.[2] Erabiltzaileek arrisku oso handiak dituzte garuneko kalte iraunkorrak izateko, koman sartzeko eta hiltzeko.[3]2022an, 100.000 pertsonen heriotza eragin zuen AEBetan.[4]
Historia
Paul Janssen belgikar kimikariak sintetizatu zuen fentaniloa 1959an.[2] Lehenbizi, zain barneko anestesiko gisa erabiltzen zen, Sublimaze izenarekin. Horren arrakastaren ondorioz, Sufentanil, Alfentanil, Lofentanil eta Remifentanil analogoak garatu ziren. 1990eko hamarkadaren erdialdean, fentanilo txaplatak merkaturatu ziren, sendagaia transdermikoki eman ahal izateko. Txaplata azalean ezar zitekeen, eta baliagarria zen, esate baterako, minbizia zuten pazienteen min kronikoa tratatzeko.[5] Geroago, mihipeko pilulak eta sudurretik hartzeko soluzioak ere garatu dira.[6]
2017an medikuntzan gehien erabilitako opioide sintetikoa izan zen.[7] Larruazaleko txaplata transdermikoa da emateko modurik ohikoena.[5]
Erabilera terapeutikoa
Fentaniloa oso analgesiko indartsua da, min handiko kasuak tratatzeko erabiltzen dena, beste analgesikoei erantzuten ez dietenean. Era horretan, minbiziari lotutako min bortitza tratatzeko egokiesten da; txupatzeko pilula, mihipeko pilula[8] edo sudur-lainoztatze moduan eman daiteke.[9]
Horretaz gain, minbiziaren eta beste gaixotasun kroniko batzuen mina tratatzeko ere erabiltzen da.[9] Praktika klinikoko gida batzuetan lehen aukerako sendagaia da min onkologikoan edo onkologikoa ez den min kronikoan; beste batzuetan irensteko arazorik izanez gero soilik gomendatzen da. Txaplata transdermiko moduan aplikatzen da. Txaplatak ahalbidetzen du farmakoa zenbait egunez era iraunkorrean askatzea.[6]
Gaindosi kasuetan, gaixoaren arnasa asko moteltzen da eta guztiz gelditzera iritsi daiteke. Horrek garunera iristen den oxigeno kantitatea murrizten du eta hipoxia gerta daiteke. Hipoxiaren ondorioz koma, garuneko kalte itzulezinak eta heriotza gerta daitezke, kasurik larrienetan.[10]Naloxona da gaindosiaren aurkako antidoto nagusia.[2]
Legez kanpoko kontsumoa
Fentaniloak, eta haren analogoek, zerikusi zuzena dute 2010eko hamarkadaren amaieratik aurrera Ipar Amerikan pairatutako opioideen epidemiarekin. Epidemia horrek gaindosi heriotza anitz eragin ditu: 57.834 2020an, 71.238 2021ean.[13] Bata bestearen atzetik gertaturiko zenbait faktore daude hondamendi horren oinarrian:[14]
1990eko hamarkadan, opioideak (oxikodona batez ere) oso modu zabalean agintzen hasi ziren minaren aurka, baita min traumatikorako edo iraupen laburreko hanturazko minerako ere (belauneko edo bizkarreko minerako, adibidez). Horrek adikzioa eragin zuen paziente askorengan, politika murriztaileagoak ezarri ziren arte.[15]
2000ko hamarkadaren erdialdetik aitzina, kostu txikiko eta purutasun handiko heroina merkaturatu zen AEBetan, Mexikoko eta Kolonbiako legez kanpoko opio-laborantzan jatorria zuena. Hurrengo urteetan heroinaren kontsumoa asko emendatu zen herrialdean.[16]
2010eko hamarkadaren hasieran, oxikodonaren salmenta-erregulazioa aldatu zen. Horren ondorioz, mendekotasuna zeukaten milioika pertsona pilulak erosteko aukera gabe geratu ziren, eta horietako asko heroina edo fentaniloa kontsumitzen hasi.[15][14]
2010eko hamarkadan, fentaniloa sintetizatzeko laborategi klandestinoak sortu ziren Mexikon. Oso kantitate handiak ekoizten hasi ziren, Txinatik inportatutako aitzindari kimikoetatik abiatuta, Mexikoko lo-belar landak ia desagerrarazi arte. Horrek guztiak fentanilo-fluxu merke bat sortu zuen, bi erabiltzaile mota konbinatzen dituen merkatu batera bideratua: adikzioa garatu zuten agindutako opioideen erabiltzaileak, eta iraupen luzeko heroina kontsumitzaileak.
Maiz metanfetaminarekin batera erabiltzea da gaindosiagatiko hilkortasun handiaren arrazoietako bat.[14] Zaldientzako xilazina lasaigarriarekin nahasia ere hartzen da askotan, eta horrek hilgarritasuna biderkatzen du.[3]