1015ean hasi ziren eraikuntza lanak, Vosge mendietatik ekarritako hareharri gorria erabiliz,[1] eta 1439an amaitu.[2] 142 metroko dorrea urrundik ageri da Alsaziako lautadan, eta munduko eraikinik garaiena izan zen 1647-1874 bitartean. Gaur egun ere, munduko elizarik altuenetan seigarrena da. 1988anGizateriaren ondare izendatutako Estrasburgo, Uharte Handia eta Neustadt-en parte da.[3]
Historia
Lehenbiziko templuak
Gaur egun katedrala dagoen tokian, erromatarrekArgentoratum izeneko soldadu kokapena ezarri zuten K.a. 12. urtean. Hurrengo mendeetan merkataritza gune garrantzitsu bihurtu zen; hasieran ardoa eta aleak salerosten ziren, eta ondoren ehunak eta bitxiak ere bai. 313. urtean, Konstantino I.akMilango Ediktua promulgatu zuen, Kristautasuna Inperioaren erlijio ofizial bihurtu zuena.[1]. Ezagutzen den Estrasburgoko aurreneko apezpikua Amand izan zen, eta jakina da 346an eta 347anKoloniako eta Sardikeko kontzilioetan hartu zuela parte. Klovis I.a errege frankoak emandako ediktuari esker eliza paleokristau bat eraiki zela uste da, baina ez da haren aztarnarik aurkitu.
Jacques Twinger Koenigshoffengoa kronikagilearen arabera, Arbogasto apezpikuak eraikiarazi zuen lehenbiziko katedrala 550-575 aldean, baina ez da horren frogarik. 778. urtearen inguruan, Karlomagnoren agintaldian, Remi apezpikuak aldarea eta kripta sagaratu zituen. Karolingiar eliza horrek habeartea, absidea eta alboetan kapera bana zituen, eta egurrezko estalkia.
1015ean, Wermer apezpikuak berak ezarri zuen katedral berriaren aurreneko harria. Garai hartarako oso eraikin handia diseinatu zuten, egungoa baino 10 metro laburragoa besterik ez. Mendebaldean lau angeluko bi dorre zituen, hurrengo mendean eraiki ziren katedral gotikoen antzera. Hiru nabe zituen, erdikoa garaiagoa alboetakoak baino, 55 metroko transeptua, eta zirkuluerdi formako absidea. Ekialdean lau angeluko dorre bat zuen, eta bi kapera haren alboetan.[4]
Eraikinaren estalkia egurrezkoa zen, eta lau aldiz hartu zuen suak XII. mendean: 1136, 1140, 1150 eta 1176an.[5] Berriztatze lanak egin ziren arren, estilo erromanikoa atxiki zuen: horma sendoak, leiho txikiak eta zutabe handiak.
Katedral erromaniko-gotikoa
XII. mendearen amaieran, Heinrich I.a von Hasenburg apezpikuak katedral berria eraikitzea erabaki zuen, amaitu berria zen Basileakoa baino ederragoa izango zena. Kripta erromanikoa mantendurik, mendebalderantz eraiki zuten. Orduko Frantzia iparraldean sorturik zegoen estilo gotikoko elementuak gehitu zizkioten artean erromanikoa zen eraikuntzari; esate baterako, 1200-1228 bitartean gurutze ganga zorrotzak eraiki zituzten iparraldeko transeptuan, zutabeak nabarmen arinduz eta hormak ere asko mehetuz. 1240 eta 1274 bitartean, habearteen altuera 27 metro altxatu zuten eta hormen goialdean beirateak ezarri zituzten. Zutabe berrietarako Paris iparraldeko Saint-Denis basilika hartu zuten eredu.[1]
Hurrengo urrats nabarmena mendebaldeko aurpegia eraikitzea izan zen. 1275ean hasi zen fatxada erromanikoaren eraispena, eta 1277ko maiatzaren 25ean Konrad von Lichtenberg apezpikuak berriaren aurreneko harria ezarri zuen.[6]Hormabularrak eta horma bikoitzak erabili ziren, eta 122 metroko altuera izango zuten bi dorre proiektatu zituen Erwin von Steinbach arkitektuak. XIV. mendean zehar jaso ziren, eta ordukoa da arrosa leihoa ere.
1439an amaitu zen iparraldeko dorrearen gaineko orratz oktogonala, Johannes Hültzen proiektuari jarraiki, eta 142 metroko garaiera erdietsi zuen.[7]StralsundekoAndre Maria elizaren dorrea altuagoa zen garai hartan (151 metro), baina 1647an suak hartu zuen. Geroztik, Estrasburgoko katedrala munduko eraikinik altuena izan zen, harik eta 1874. urtean Hanburgoko San Nikolas eliza eraiki zen arte. Hegoaldeko dorrea, berriz, bere hartan gelditu zen.
1681ean, Luis XIV.a Frantziakoak hiria anexionatu zuen eta, urriaren 23an emandako mezaren ondoren, katedrala Katolizismora itzuli zen.[9]Kontrarreforma aintzat hartuta berdiseinatu zen barnealdea. 1252ko koroa ezabatu eta handiago bat eraiki zen, eta 1682analdare nagusia ere eraitsi zen.[10]1744an, sakristia barroko txiki bat gehitu zitzaion ipar-ekialdeko transeptuan, eta 1772-1778 bitartean galeria neogotiko bat eraiki zen katedralaren inguruko merkatarien postuak antolatzeko.[11]
1793. urtean, Frantziako Iraultzaren ondoren, enragés ("haserretuak") ezizeneko iraultzaileek katedralean sartu eta arpilatu zuten, bai eta 235 estatua suntsitu ere. Atarietako tinpanoetan zeuden eskultura ugari salbatu ziren "Liberté-Egalité-Fraternité" zeritzoten plantxak ezarri zituztelako haiek estaliz. Beste batzuk hiriko jardin botanikoan lurperatu zituzten ikonoklasten oldarretik babesteko. 1793ko udazkenean, "Arrazoiaren Tenplua" izendatu zuten katedrala.[12]
1794ko apirilean, enragés taldea dorrea eraisteko antolatzen hasi zela ikusita, Estrasburgoko Hiriko Kontseiluak frigiar txano erraldoi batez estaltzea erabaki zuen. Frigiar txanoa zen enragés-en ikurra, eta horri esker lortu zuten dorrea errespetatzea.[12][13]. Zazpi ezkila, ordea, dorretik jaitsi zituzten eta metala urtu kainoiak egiteko.
1801eko uztailaren 15ean, Elizak berreskuratu zuen katedralaren kontrola. 1811 eta 1827 artean, estatuak beren tokietara itzuli zituzten, eta 1837-1880 bitartean lehengoratze lanak egin ziren, Gustave Klotz arkitektuak zuzendurik.[12] Besteak beste, kripta berregin zen, eta beirate berriak ipini. 1870-1871koFrantzia-Prusia Gerran hiria setiaturik egon zen, eta suak hartu zuen tenplua. Frantziar porrotaren ostean, Alemaniar Inperioak Alsazia bereganatu zuen. Gerra ondoan, estilo neorromanikoan berreraiki zuten gurutzaduraren gaineko kupula.
XX. mendea
1903an, Johann Knauth arkitektoak arrakalak aurkitu zituen iparraldeko lehenengo zutabean, eta 1915-1926 bitartean katedralaren zimentuak sendotu ziren, betoia erabiliz. 1918an, Lehen Mundu Gerra amaitzearekin, Frantziak Estrasburgo eta Alsazia berreskuratu zituen.
Bigarren Mundu Gerran, katedrala sinbolo bihurtu zen gerran zeuden bi alderdientzat. Adolf Hitler bertan egon zen 1940ko ekainaren 28an; tenplua "alemaniar herriaren santutegi" bihurtzea zen haren asmoa. Beste aldean, Leclerc jeneralak adierazi zuen ez zituztela armak utziko Estrasburgoko katedraleko dorrearen gainean Frantziako bandera ikusi artean. Gerrak iraun zuen urteetan, beirateak 74 alditan gorde behar izan zituzten.[13]
1944an, britainiarren eta estatubatuarren aire bonbardaketek hiriaren erdigunea kaltetu zuten, eta baita katedrala ere; 1990eko hamarkadara arte ez ziren bukatu konponketa lanak. 1988an, Joan Paulo II.a aita santuak meza eman zuen bertan; hilabete batzuk lehenago, Estrasburgoko apezpikutzaren maila goratua zuen, artzapezpikutza bihurturik.[14] Dorrearen zaharberritzea 2006an amaitu zen.[1]
Kanpoaldea
Mendebaldeko aurpegia
Mendebaldeko fatxada, tenpluaren sarrera nagusia, eraikuntzaren azken aroan eraiki zen, 1277 eta 1490 artean. Lau hormabular estuk eusten dute, eta bakoitza eskulturaz apaindurik dago. Hiru solairu bereizten dira; atarien solairua, hiru atari daude enparantzaren mailan, errosetoiaren solairua eta goiko solairua, balaustrada batez hornitua.
Atari nagusiko tinpanoan amabirjina eta haurra daude. Haren gainean dago errosetoia, 1345ean gotiko estiloan egina eta 14 metrotako diametroa duena. Errosetoiaren gainean 11 apostolu daude, Judas falta da.
Aurpegi honetan zutabe estu ugari daude, apaingarri gisa baino funtzionatzen ez dutenak, eta sarritan aropa baten sokekin konparatu izan dira.
Elizako hiru atariak
Atari bakoitza habearte bati loturik dago eta gai baten inguruan apaindurik dago. Ezkerreko ateak Kristoren haurtzaroa irudikatzen du, erdikoak (nagusiak) Kristoren erredentzioa eta eskumakoak azken judizioa. Eskultura ugari aurkitzen dira eta XIII. mendean egin ziren Reimsko katedrala eredu hartuz, baina hangoek baino errealismo handiagoa dute.
Atari nagusiko tinpanoan eskulturen saturazio bat dago. Kristo Jerusalemen sartzen, Gurutziltzaketa eta Kristoren pasioa elkarren jarraian irudikaturik daude. Ezkerreko atarian Kristoren haurtzaroa irudikatzen duen horretan, aingeruak, apezpikuak eta santuak ikusten dira eta eskumakoan, Azken Judizioari dagokionean, Kristo tronuan agertzen da pertsona onak eta gaiztoak banatzen ari da[1].
Iparraldeko horman San Lorentzo atea
Jacob von Landshutek gehitu zuen 1495 eta 1505 artean eta Hans von Aachen eta Conrad Siferren eskulturak ditu. Jatorrizko tinpanoa Frantziar Iraultzan suntsitua izan zen eta ondoren Jean Vallastrek berria eraiki zuen. Santuaren martiria irudikatzen da estilo gotiko flamigeroan[15].
Hegoaldeko horman Amabirjinaren atea
1220. haamarkadan eraikitako atea da, erloju astronomikoaren garaikoa. Enperadorearen justizia dekretuak ate honen aurrean irakurtzen ziren. Atariaren gainean hiru eskultura agertzen dira, Amabirjina, San Petri eta San Lorentzo. Honen gainean zodiakoaren zeinuak dituen erloju koloretsu bat dago eta gainean gotiko flamigero estiloan eraikitako balaustrada eta bertan 1493ko eguzki erloju bat. Erlojuaren gainean bi errosetoi txiki ikusten dira[1].
Kanpandorre oktogonala eta orratza
Katedrala diseinatzerakoan bi dorre irudikatu baziren ere bakarra eraiki zen. 1399an hasi zen dorre oktogonalaren eraikuntza, Ulrich von Ensingen izan zen arkitektua[16]. Hura hil zenean, 1419an, Johannes Hültzek hartu zuen ardura eta orratza gehitu zion. 1439an amaitu zituzten lanak[17].
Garaiko katedral gotikoen dorreak baino estuagoa da, hiru aldiz handiagoa baita altuera zabalera baino. Lau dorrek inguratzen dute eta eusten diote, eta kiribilezko eskailera du[1].
Orratza zortzi aldetako prisma zorrotza da, eta puntaraino igotzen den eskailera ere badu. Linternatren gainean amabirjinaren irudia ezarri zuten, haren omenez sagaratu baitzen katedrala, baina 1488an lorehandi batek ordezkatu zuen eta haren gainean gurutze zentral handi bat dago eta inguruan lau gurutze txikiago eta hostiaren eta kalizaren irudiak, eukaristiaren liturgiaren irudiak denak ala denak[1].
Kupula eta absidea
Kanpandorreak bezala kupulak ere zortzi alde ditu, oktogonala da. Elizako gurutzaduran kokaturik dago, transeptua eta koroa elkartzen diren tokian. Transeptua 1330ean berriztu behar zela aprobetxatuz eraiki zen. Bi mailatan ditu arkuak, behealdean bi ahundi aurpegi bakoitzean eta goiko mailan zazpi txiki eta itsuak. Hainbat aldiz berriztu izan da kupula, gaur egungoa neoerromanikoa da. Bigarren Mundu Gerrako bonbek oso kaltetuta utzi zuten eta 1988 eta 1992 artean berreraiki zen.
Abdisea katedralaren ipar-ekialdeko muturrean kokaturik dago eta hasierako katedral erromanikoaren aztarnak kontserbatzen ditu, behe mailatan batez ere. Kalonjeen klaustroari begiratzen dio eta katedraleko zatirik soilena da. Bi dorre zilindriko ditu alboetan eta leiho estuek eta puntadun teilatuak gotorleku militar baten itxura ematen diote. Absidearen alboetan San Andres eta San Joan kaperak daude[1].
Barnealdea
Espazioak
Bi zutabe erraldoik bereizten dute nartexa eta habearteak. Habearte nagusiak 61'5 metrotako luzera eta 16 metrotako zabalera du eta alboetan 10 metro zabal diren habearteak daude. Ganga 32'616 metrotako altueran kokaturik dago.
Aldarearen atzean absidea dago, zirkulo erdiaren itxura duena. Hormetako irudiek elizaren eta ordena erlijiosoen sortzaileak erakusten dituzte. Édouard Steinlé margolariak egin zituen 1877-79 artean bizantziar estiloan. Absidearen ardatzean Alsaziako Amabirjinaren beirate bat dago, Europako Kontseiluak katedralari eman ziona 1956an[1].
Aldare naguiak hilobi baten itxura du. 1759ko suteak eta Frantziar Iraultzak suntsitu zuenaren itxura berarekin eraiki zuen Pierre-Valentin Boudhors arkitektoak 1809an. Jacques Zimmer eskultoreak kerubinen brontzezko buruak gehitu zizkion.
Bi kapera ere badaude, Joan Bataiatzailearena bata eta San Andresena bestea.
Katedralaren zati zaharrenak bi kripta erromaniko dira. Zaharrena 1110-1120 artean eraiki zen eta bigarrena 1150 inguruan[1].
Beirateak
Aipagarriak dira hormetan dauden beirateak (bi mailatan daudenak) eta mendebaldeko hormaren erdi erdian dagoen errosetoia ere.
Iparraldeko horman beheko lerroan dauden beirateetan Germaniako Erromatar Inperio Santuko bederatzi enperadore ikusten dira[18]. Goiko lerroan 84 santuren irudiak daude.
Hegoaldeko hormako beheko lerroan emakumezko santuak ageri dira, tartean Alsazia eta Estrasburgokoak ere bai.Diademak eta loreak dituzte ilean eta zuhaitz adarrak eta fruituak daramatzate. Gokio lerroan soldaduak, aita santuak, apezpikuak eta beste hainbat gizonezkoren irudiak daude.
Joan bataiatzailea eta Joan Ebangelista
Salomon eta Sabako erregina
Lau enperadore
Azken afaria
Erloju astronomikoa
Katedralaren barnealdeko elementu ezagunena da. 1352-54 artean eraiki zen aurreneko erlojua eta 1500 arte iraun zuen. Dreikönigsuhr ("hiru erregeen erlojua") izena eman zitzaion.
1547an erloju berri bat eraikitzen hasi zen Christian Herlin baina katedrala katoliko bihurtzean lanak gelditu egin behar izan zituzten. 1571an Conrad Dasypodius eta Habrecht anaiek erloju berri bat eraikitzeari ekin zioten eta figura mekaniko gehiago ezarri zituzten. Bigarren erloju honek 1788 artean iraun zuen. Gaur egungo erlojua Jean-Baptiste Schwilguẻ-k eraiki zuen 1837 eta 1842 artean[1].
Erlojuaren atal guztiak batera hartuta 18 metrotako altuera du. Orduaz gain, asteko eguna (bakoitza jainko mitologiko batek ordezkatzen duena), hilea, urtea, zodiakoaren zeinua, ilargiaren fasea eta hainbat planetaren kokapena erakusten du. Erlojuaren azpian Apolo eta Diana jainkoen estatuak daude liturgia egutegi zirkularra aurkeztuz. Inguruan antzinako lau inperio handien irudiak daude; Grezia, Asiria, Persia eta Erroma.
Azpiko zatian Zeruko bola bat dago, 13 ordu, 56 minutu eta lau segunduro bira ematen duena. Bertan Ptolomeok identifikaturiko 1.022 izar daude Estrasburgoko horizontetik ikusten diren eran jarrita[1].
Beste elementu batzuk
Pulpitua laugarren zutabeari loturik dago eta Hans Hammerrek diseinatu zuen 1485ean. Oso apaindua dago eta irudi aipagarriena Jesukristo gurutziltzatua da.
Organoari dagokionez jakina da 1260. urtean jadanik bazela bat. 1298an berreraiki zen, ondoren 1324-27, 1384, 1430 eta 1489an ere. 1327an ezarri zen organoa orain dagoen tokian. Gaur egun dagoen organoa 1716an eraiki zuen André Silbermann-ek. Figura mugikor batzuk ditu apaingarri, bata Sanson lehoiaren ahoa irekitzen eta beste bi tronpetajole bat eta pretzel saltzaile bat. 1807an elektrifikatu egin zen eta ordutik ere hainbat aldiz berriztu behar izan da. Katedralak organo txikiago bi ere baditu, koroaren iparraldean (1878koa)[19] eta kriptan (1998koa)[20].