Frigiar txano

Frigiar txano
txanoa

Frigiar txanoa buru-estalki koniko leuna da, feltrozkoa edo artilezkoa, aurrerantz makotzen den gainalde zorrotza duena. Antzinaroan, Ekialdeko Europako, Anatoliako eta Asiako herrialde askotan erabili zen. Frantziako Iraultzan (1787–1799), "askatasunaren txapel gorri" gisa hartu zuten, eta harrezkero Liberté-ren figura alegoriko nazionalari loturik dago.[1]

Frigiar txanoa Antzinaroan

Frigiar txanoak Antzinaroan Anatolian bizi izan ziren frigiarrei erreferentzia egin badie ere, haiek baino lehenago Irandar herri batzuek erabili zuten, hala nola, eszitiarrek, mediarrek eta persiarrek.[2] Antzinako Greziako iturrien arabera, irandar aldaera ere buru-estalki biguna zen eta tiara izena ematen zitzaion.

K.a. IV. mendean, garai helenistiko goiztiarrean, Atis frigiar jainkoari loturik zegoen. Garai berean, Midas errege mitikoaren eta beste frigiar batzuen irudietan agertzen da, pintura eta eskultura grekoetan.[3] Betiere, Antzinako Grezian frigiar txanoa ekialdeko atzerritarren kapelatzat jotzen zuten, zehazki, Anatoliako biztanleena.[2]

Erromatarrek beretu eta zabaldu zuten frigiar txanoaren sinbolismo hori. Trajanoren zutabea-n, esate baterako, era horretako kapela daramate buruan daziar gerlariek,[4] eta partiarrek Septimio Severoren arkuan.[5] Horretaz gain, I. eta IV. mendeen artean, Mitraismoarekin lotutako izakiak ere frigiar txanoarekin agertzen ziren. Hasierako kristau arteak jaso zuen konbentzio hori, eta Jesus gurtzera joandako Errege Magoak frigiar txanoak jantzita irudikatu ohi ziren.[6]

Askatasunaren ikurra

Frigiar txanoaren antzekoa zen pileoa, Erromatar Errepublikan askatutako esklaboek erabiltzen zutena. Julio Zesarren hilketaren ostean (K.a. 44), Brutusek eta gainerako konspiratzaileek Zesarren diktaduraren amaieraren ikur bihurtu zuten kapela hori.[7]

Erdi Arotik 1797 arte Veneziako dogoek jantzi zuten corno ducale-a ere frigiar txanoaren aldaera zen.[8] Garai hartan, Veneziako Errepublikaren askatasunaren sinbolo izan zen, eta horrela ageri da Paolo Veroneseren Veneziaren Apoteosia (1585) margolan alegorikoan.

Askatasuna, herriaren gidari, Eugène Delacroixen margolana, 1830.

Frantzian, 1675eko Paper zigilatuaren matxinadan egin zen ezagun frigiar txanoa. Antzinako Erregimenaren aurkako protesta hori Bretainian piztu zen, eta matxinatuek (bonnets rouge) txanoak zeramatzaten.[2]

Frantziako Iraultzan (17891799) askatasunaren eta errepublikanismoaren ikono bilakatu zen. Sans-culotteen janzkeraren parte zen, eta Marianne, Frantziako Errepublikaren alegoria, frigiar txanoa jantzita irudikatzen da. Horrela ageri da Eugène Delacroixen Askatasuna, herriaren gidari (1830), non iraultzaile andana bat gidatzen duen Parisko kaleetan barrena.[2]

Ameriketako Estatu Batuen Independentzia Gerran, monarkiaren aurkako eta errepublikaren aldeko sinboloa izan zen. Columbia bera, Ameriketako Estatu Batuen pertsonifikazioa, buruan frigiar txanoa zuela irudikatzen zen hasieran. Baina, AEBetako Senatuaren zigiluan sartu zuten arren, ikur nazional gisa ez zen erabat onartua izan. 1854an, Thomas Crawford eskultorea Kapitolioko Askatasunaren Estatua egiten ari zelarik, Jefferson Davis Gerra idazkariak frigiar txanoa ez paratzeko galdatu zion, "amerikar askatasuna jatorrizkoa zela eta ez esklabo askatu batena" argudiatuz.[2]

Latinoamerikako iraultza antikolonial anitzetan Frantziako eta AEBetako iraultzen sinbologia hartu zuten, frigiar txano gorria barne. Gaur egun, askatasunaren ikur gisa, Ameriketako zenbait nazioren armarrietan agertzen da, hala nola, Argentina, Bolivia, Kolonbia, Kuba, Haiti, Nikaragua, El Salvador eta Paraguaikoan, eta baita probintzia eta hiri askotakoetan ere.

Beste erabilera batzuk

Erreferentziak

  1. Phrygian cap. britannica.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-18).
  2. a b c d e Bird, Danny. The Phrygian cap: how did an item of ancient headgear become a symbol of liberty?. historyextra.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-20).
  3. The Phrygian cap. ghorbany.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-20).
  4. Coulston, Jon. Trajan's Column. arts.st-andrews.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2024-11-21).
  5. Harland, Philip A.. Parthians: Scenes from the Arch of Septimius Severus (early third century CE). Ethnic Relations and Migration in the Ancient World, philipharland.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-21).
  6. Appell, Johann Wilhelm. Monuments of Early Christian Art: Sculptures and Catacomb Paintings : Illustrative Notes, Collected in Order to Promote the Reproduction of Remains of Art Belonging to the Early Centuries of the Christian Era. G. E. Eyre and W. Spottiswoode. 15–17, 22, 27–29, 54–55 orrialdeak, books.google.es (Noiz kontsultatua: 2024-11-21).
  7. El denario de Bruto: la moneda más importante del mundo antiguo. panoramanumismatico.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-21).
  8. Pasnadide, Mehrdad. The Inception of the Phrygian Cap. thisisnotahat.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-21).
  9. Origen de la barretina. barretina.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-22).

Kanpo estekak