El guardián invisible (euskaraz Zaindari ikusezina) 2017ko Fernando González Molina nafar zinema zuzendariak zuzendutako thriller film bat da. Dolores Redondo donostiar idazlearen Baztango Trilogia osatzen duen izenburu berdineko lehenbiziko eleberrian oinarritua dago. Marta Etura, Elvira Mínguez, Francesc Orella, Itziar Aizpuru, Carlos Librado, Miquel Fernández, Pedro Casablanc, Colin McFarlane, Benn Northover, Paco Tous, Manolo Solo, Ramon Barea, Patricia López Arnaiz, Quique Gago, Mikel Losada, Susi Sánchez, Miguel Herrán, Richard Sahagún eta Javier Botet aktoreek antzeztu zuten.
Euskal Herriko Bortziriak eskualdeko Lesaka udalerrian, Baztango Elizondo udalerrian, Malerrekako Leurtzako urtegian eta Madril hirian filmatu zen.
2017ko otsailaren 22an Iruñeko Baluarte jauregian estreinatu zen.
Argumentua
Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.
Euskal Herriko Baztan haranean, Baztan ibaiaren bazter batean, aurrez jazotako erailketa beste batekin lotura arrastoak dituen nerabe baten gorpua agertu berri da. Amaia Salazar (Marta Etura) foruzain inspektoreak kasua ikertzeko ardura jaso eta Elizondora bertaratuko da, hain zuzen ere, bera hazi zen herria. Kasuaren gorabeherez gain bere iraganeko mamuei aurre egin beharko die, erlojuaren aurkako ikerketa batean hiltzaile gupidagabea atzeman beharko du, bide batez bertako Euskal Mitologian ere barneratuz.
Boikota
2017ko martxoaren 4an polemika handia piztu zen Euskalduna naiz, eta zu? saioa Covitek salatu zuenean. El guardián invisibleko aktore bat Miren Gaztañaga zenez eta saio horretan esan zituenaz suminduta, boikotera deitu zuten milaka espainiarrek[1]. Honek Grupo Planeta ikaratu zuen, ekonomikoki arazo bat bihurtu ahal zelako boikota ondo ateratzen bazen. Besteak beste honegatik Miren Gaztañagaren aurka egin zuen eta komunikatu publiko batean, pelikula honetan Miren ia parte hartzen ez zuela eta berak esandakoaren aurka zegoela esan zuen[2].
Ika-mikak ika-mika, badirudi boikoterako deiek ez zutela helburua lortu[3].
Aktoreak
Ikus gainera
Erreferentziak
Kanpo estekak