2.040 hektarea ditu parkeak, eta Bertizaranako udalerriaren zati handi bat hartzen du. Bertako zuhaitzek oihan zabalak osatzen dituzte, eta pagoak dira nagusi, haritz eta haltzekin batera. Animaliei dagokienez, orkatz, basurde eta orein ugari bizi dira ingurune hartan.
Pagadi, txilardi eta iralekuetan basurdeak, oreinak, orkatzak eta basakatuak ere bizi dira. Erreketako ur fresko eta garbietan, berriz, desman piriniotarra, hau da, ugaztun txiki intsektujalea. Erreka bazterretan, Soldanellavillosa hazten da, hots, lurrari begira dauden lore moreetako landarea.[1]
Abeltzaintza mendeetan izan da Bertizko aprobetxamendu nagusietako bat, baina bestelakoak ere izan dira: zura, ehiza, arrantza, eta egur-ikatza nahiz karea edo kisua egitea, kareharriak erabiliz.[1]
Sarreran berean, Libanoko zedro handi batek ematen dio ongietorria jendeari; monumentu natural izendatua dago. Naturaren Interpretazio Zentroa lorategi barneko Tenientetxea baserrian dago kokatua, Nafarroa osoko ekipamendurik osoenaz dago hornitua, erabilera publikoari, sentsibilizazioari eta ingurumeneko hezkuntzari dagokienez.[1]
Ziga-Fernandez senar-emazteek hainbat gauza eraikiarazi zituzten, besteak beste: antzinako jaurerria berregin zuten, gaur egun Baztan ibaiaren gainetik doan sarbidea eta zubia egin zuten, eta gaur egungo lorategian iturriak, urmaelak, pergolak, otorduetarako estalpeak, behatoki bat eta basilika bat eraiki zituzten. Gerora, 11 kilometroko pista egin zuten Aizkolegiko gailurreraino, eta han jauregi modernista bat eraiki zuten, gaur egun ondo ez dagoena.[2]
Ibilbideak
Milaka bisitari bisitatzen dituzte urtero lorategi historiko-artistikoa eta Parke Naturala. Parkea ezagutzeko 6 bidexka daude seinaleztatuta
Aizkolegi (22 km) Aizkolegiko kaskoa (830m), Bertizko lekurik gorena da. Bertiz osoa eta inguruko ibarrak arras ongi ikusten dira. Goian dago jauregi bat baina hondatua dago.
Plazazelai- Aizkolegi (5 km) Bide honi “lastoaren bidea” erraten zaio. Izan ere, Ziga senar-emazteek Aizkolegiko pista egin ondoren, baimena ematen zuten lastoz beteriko orgak hortik joateko. Baztango Orabidea auzora joateko bideak oso txarrak baitziren.
Erreparatzea (1,5 km) Bidasoa ibaiaren bazterrean barna doa, Parkeko sarrera nagusitik Erreparatzea zubi eta jauregiraino. Bide hau Bertizko sarbide nagusia izan zen Oronoz-Mugairiko zubia eraiki artean.
Irretarazu (11 km) Parkearen pista nagusitik abiatzen da, txondorraren parean. Hasieran usadiozko oihan-erabilerak azaltzen dituzten panelak daude: ikazkintza, artzaintza, gaztainak gordetzeko eraikuntza txikiak, … Bidea Aizkolegiko pistaraino doa, aparkalekutik 3,6 km-ra
Plazazelaiko ataka (8 km.) Bertizko Jaurerria eta Baztan arteko muga da. .Hauxe da txirrindulariendako baimendurik dagoen ibilbide bakarra.
Suspiro (9 km) Ibilbide hau Irretarazu bidearen aldaera motzago bat da. bidearen erdialdean edo Suspiroko oihan pistarekin elkartzen da eta horrek Aizkolegiko pistaraino eramanen gaitu, aparkalekuitk 2,4 km-ra.
Iturburua (6 km) Bide hau Suspirokoaren aldaera da, baina motzagoa.
Irudi galeria
Jaurerriko kaperari atxikita dagoen markesina eta bertako beirate modernista.