Egan musika taldea Xabier Saldias kantaria buru zuela 1970. urtetik plazarik plaza ibilitako musika talde arrakastatsua da. Errepertorioa gehienbat bertsioz osatua dute, eta horietako batzuk arras ezagunak egin dira. Guztira 18 disko kaleratu dituzte. 1994an taldea banatu egin zen: SaldiasekEgan Berria izenarekin jarraitu zuen (aurrerago jatorrizko izenera bueltatuko zen), eta beste taldekideek Trabuko Egan sortu zuten, eta geroago Irailerako 6 eta Keinu.
Xabier Saldiasek (ahotsa eta gitarra), Jose Luis eta Alberto Frantzesena anaiek (teklatuak eta bateria, hurrenez hurren) eta Iñaki Arenasek (baxua) sortu zuten Egan, Azpeitian (Gipuzkoa). Jose Luis Frantzesena Schubert-ek Ez Dok Amairu sortzeko lehen bileretan parte hartu zuen eta Ordiziako Yoloak taldean aritu zen. Xabier Saldias berriz, Olatz arrebarekin aritutakoa zen Benito Lertxundiren eta Nemesio Etxanizen kantuak abestuz, baina 1968an bakarka kantatzen hasi zen. Irunen egindako lehiaketa batean lehen saria eskuratu zuen "Nere herriko langillea" kantuarekin, eta Arrasateko dantzaleku batean bi sari irabazi zituen: abesti ezezagunetan lehenengo saria, eta protesta kantuetan, bigarrena. Lehen aipatutakoaz gain, "Euskara, ialgi adi mundura" abestu zuen. Geroago single bat kaleratu zuen, Xabier Saldias izenekoa.
Xabier Madina kantaria (Akelarre) laguntzeko elkartu ziren geroago Egan sortuko zuten kideak, eta 1970ekouztailaren 30ean egin zuten estreinaldia, San Ignazio bezperan, Gautxori tabernan. Emanaldiak eskaintzen hasi eta urtebetera, Jose Luis Frantzesenak taldea utzi eta Iñaki Kortak hartu zuen haren lekua. Ez zen aldaketa bakarra izango, geroago Gonzalo Pelaezek beteko baitzuen soldadutzara joandako Iñaki Arenasen hutsunea. Zenbait urtetan laukotean ibili eta gero, Joxe Mari Pelaez Peke gitarrista sartu zen Eganen Xabierrek "punteo" batzuk besterik ez zituen jotzen, eta berak dioen bezala, “gitarrarekin norbait egonez gero, ni lasaiago egongo nintzen abesten”, 1984ra arte iraungo zuen formazioa osatuz. Urte hartan, Imanol Aranburuk (Sakre) ordezkatu zuen Iñaki Korta, eta ez zen beste aldaketarik izango 1994a arte, taldea banandu zen arte.T
Herrietako jaietan euskal giroa jartzeko eta dantza egiteko musika modernoa egiteko sortu zen Egan, eta, hori lortze aldera, dantzaldietan euskal kantarien abestiak jotzen hasi zen, Xabier Leterenak eta Benito Lertxundirenak esaterako, baita atzerriko taldeenak ere, The Beatlesenak esaterako, euskaraturik. Segituan egin zen ezaguna Gipuzkoako herrietan, eta geroago beste herrialdeetara zabaldu zen taldearen oihartzuna, bereziki Bizkaiara. Akelarrerekin batera, dantzaldietara jendetza erakartzeari dagokionez puntan ibilitako taldea zen Egan, eta badira urtero hutsik egin gabe taldea kontratatu zuten herriak, hala nola Mutriku (Gipuzkoa). Dantzarako aproposak ziren kantu ezagunen euskarazko moldaketa atseginak lantzea, bost taldekideen arteko ahots harmoniak zaintzea eta Saldiasen taula gaineko karisma eta komunikatzeko dohaina izan ziren Eganen arrakastaren gakoetako batzuk. Urterik oparoenetan 200 emanaldi inguru eskaintzen zituen Eganek.
70eko hamarkadaren hastapenetan plazaratu arren, 1985era arte taldeak ez zuen kaleratu lehen diskoa. 1994a bitartean, zortzi disko eta bilduma bat argitaratu zituen. Urte hartan, Saldiasen eta gainerako taldekideen arteko liskarrak zirela medio, taldea banandu egin zen. Saldiasek musikari berriak bildu zituen, eta Egan izenari eutsi zion, Berria erantsita, eta besteek Trabuko Egan sortu zuten. Trabukotik beste bi talde sortu ziren epe laburrean: Irailerako 6 eta Keinu. Egan Berriak kantu propioen aldeko apustua egin zuen lehen diskoan, Berria (IZ, 1995), baina ez zuen oihartzun handirik izan. "Beti bertsioak egiten ibili eta gero, gure kantuekin atera genuen diskoak ez zuen batere arrakastarik izan. Egan, erromeria, rantxera, tirolesa... esparru horretara mugatu gaitu, nonbait, jendeak. Hasieran, gu rockeroak ginen, baina jendeak horretara eraman gaitu", zioen tonu etsian Saldiasek. Hortaz, bertsioetara itzuli zen hurrengo lanetan.
2002an abeslari berri bat sartu zen taldera: Idoia Uralde eta 2004ean formatu berria estreinatu zuen Xabierrek: musika tresnak sakrifikatu eta bi dantzari sartuaz, Jaione Zapiain eta Rosi Zubizarreta, jendeak hori eskatzen zuela eta; handik urte batzuetara, 2010eanAne Saldias, Xabierren alaba sartu zen dantzari. Joera berrietara egokitu beharra argudiatu zuen Saldiasek: "DJak plazan sartu dira, eta jendeari bost inporta zaio zeinek jotzen duen edo zein musika tresna dauden; jartzen duen giroak bakarrik axola du. Itxuraz arreta handiagoa jartzen zaie dantzariei eta ikuskizunari, musika jotzeari baino. Horregatik, joera hori ikusita, formatua aldatu dugu". Plaza giroaren gainbeherak ere eragin dio Egani, urteko emanaldi kopurua berrehunetik erdira murriztu baitzaio.