Doñana (gaztelaniazkoDoña Ana —«Ana andrea»— izenetik eratorria) Espainiako hegoaldeko naturagune babestu bat da, Andaluzia erkidego autonomoan kokatua. Guztira 108.086 hektarea ditu: 1969an eratutako Doñanako parke nazionalaren 54.251 hektareak, gehi 1989an sortu eta 1997an handitutako Doñanako parke naturalaren 53.835 hektareak. Doñanako espezie babestu ezagunena iberiar katamotza da.
Zatirik handiena gidari batekin bakarrik bisita daiteke. 1964az geroztik Espainiako Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluak (CSIC) ikergune ekologiko bat du han. Espainiako bigarren hezegunerik zabalena da. Hareatza eta dunez gainera, aintzira ugari ditu: Encanyissada eta Estella, besteak beste. Paisaian nagusi dira lezkadi, baratze, fruitu eta arroz soroak.
1998ko apirilaren 25ean, hondamendi izugarria gertatu zen Doñanan. Boliden AB Suediako meatzaritza enpresak handik hainbat kilometrora zuen urtegiko hondakin ur azidoa isuri zen, eta ibaiaren bidez Doñanaraino iritsi zen, dikeko horma hautsirik. Uhin pozoitsua sortu zen, aurrealdea 500 metro luze zuena. Bidean aurkitzen zuen guztia, landareak nahiz animaliak, hil eta Guadimar ibaira iritsi zen, Cadizko golkoaren aldera eginez. Kutsatutako urak azidotasun handia zuen: beruna, kobrea, zinka, kadmioa eta beste metal batzuk zituen, sufreaz gainera. Hondamendi hark kalte handia egin zion parkeari, hegaztiei bereziki. Bestalde, hondatutako inguruan 500 bat familia bizi dira, nekazariak eta arrantzaleak, beren lanpostua arriskuan dutenak. Hondamendi hura talde batek baino gehiagok iragarri zuen, meatzeetako hondakinak arriskutsuak zirenez eta ondo zainduta ez zeudenez. Jabeek, ordea, ez zuten jaramonik egin. Bestalde, garbiketa lanak atzeratu egin ziren, erantzulea nor zen erabaki arte (Andaluziako Autonomia Erkidegoko Gobernua, Espainiako Gobernua edo Boliden), errua eta garbiketaren kostua beste norbaiti leporatu nahian.
Gehiegizko ur ustiaketa
Legez kanpoko ureztatzeak egiten dira Doñanan, nekazaritza ustiaketarako. Ureztatutako azalera hazten aritu da urtez urte. Euria eta lurrazaleko ekarpenak urritu direnez, Doñanako parke nazionalaren barruko iparraldeko padura lehortu da; eta naturaguneko aintzira peridunarrek azalera galtzen dute etengabe. Akuiferoa narriatuz doa, uren kantitatearen eta kalitatearen aldetik. Eta berotze globalaren inpaktu nabariak kalteak areagotzen ditu.[1]
Horren aurrean, Espainiako Erresumako administrazio publikoek ez dituzte Doñana babesten duten legeak betearazi. Horregatik, 2021ean, Europar Batasuneko Justizia AuzitegiakEspainiako Erresuma kondenatu zuen. Auzitegiak ondorioztatu zuen Doñanako naturagunean «lurrazpiko uren neurriz gaineko ateratzeak» ez duela betetzen Europako Erkidegoko zuzenbidea —zehazki, Uraren eta Habitaten Esparru Zuzentarauak— eta, beraz, Espainiako Erresuma zigortu zuen.[1]