David Eric Grohl (Warren, Ohio, 1969kourtarrilaren 14a - ) estatubatuar rock musikaria da. 1990 eta 1994 urteen bitartean, Nirvana taldeko bateria-jotzailea izan zen. Kurt Cobain gitarra-jotzaile eta abeslariaren heriotzaren ostean, Nirvana utzi eta Foo Fighters taldea sortu zuen 1995ean. Grohl zenbait bandaren partaide izan zen 80. hamarkadan (Scream aipagarriena da) eta, geroago, Queens of the Stone Age, Garbage, Tenacious D eta Killing Joke bezalako taldeen grabaketetan esku hartu zuen. 2004an Probot izeneko diskoa editatu zuen, gustukoen zituen heavy metaleko abeslarien parte hartzeaz.
Biografia
Lehen urteak
Grohl txikia zela, bere familiarekin batera Ohio utzi eta Alexandriara, Virginian, joan ziren, hots Washington DC-tik gertu dagoen eremu batera. Handik hiru urtera, gurasoak banandu eta Dave amarekin geratu zen. Grohl abizenak Alemanian du jatorria.
Hamabi urterekin, gitarra klaseak jasotzen hasi zen, baina 15 urterekin utzi zuen. Geroztik, lagunekin jotzen hasi zen eta handik urtebetera, punk rockarekiko interesa piztu zitzaion. Izan ere, uda hartan bere lehengusu Tracyri bisita egin zionean, hark Grohl zenbait kontzertutara eraman zuen.
Nirvanarekin lan egiten zuen bitartean, Grohlek taldearen estilotik at zeuden zenbait abesti ondu zituen. Horregatik, Late! izenarekin Poketwatch demoa sortu zuen. Ehun bat ale editatu ziren soilik, Davek eremu pertsonalean banatu zituenak. Bertan, Color Pictures of a Marigold abestia ageri da, gerora Kurt Cobainekin batera Heart-Shaped Box Singlean berreditatu zena. Azkenik, 1997ko martxoaren 11n, Touch izeneko albuma editatu zuen Late!-ek: Touch izena ere zeukan filmaren soinu-bandan agertzen da.