Basagurbea edo mazpila (Sorbus torminalis) Sorbus generoko zuhaitza da. Bere fruituen ezaugarrietatik datorkio latinezko izena zuhaitz honi; "tormina"-k disenteria esan nahi du, eta, fruituak latzak eta astringenteak dituelako du izen hori. Mediterraneo inguruan eta Europa erdialdean zabalki hedatuta dago. Euskal Herrian ere, ugari izan gabe, lurralde guztian hedatuta dago eskualde mediterraneo lehorrenean izan ezik.
Ezaugarriak
20 m edo gehiagoko zuhaitza eta 1,3 m-tik gorako diametroa izan dezake bere zurtoinak. Zurtoinaren azala leuna eta grisaxka da, baina ezkatatsua; adinarekin xafla karratutan zuritzen da geruza marroi ilunagoak azalduz. Adaxkak lentizela zurixkaz pikartatuta ditu eta ilegabeak dira. Begiak ere ilegabeak eta apur bat likatsuak.
Hostoak
Hostoak dira bakunak, txortendunak, 5 - 9 gingil triangeluar akuminatuetan sakonki arrailduak eta ertzean finki zerratuak; berde ilunak eta pixka bat distiradunak gainaldean, argiagoak eta mateagoak azpialdean, gaztetan ilaundunak eta, gerora ia ilegabeak. Udazkenean kolore gorri bizi ikusgarria hartzen dute, erori aurretik.
Loreak
Muturreko korinbotan elkartuak, pedizeloa eta kaliza ilupadunak. 5 petalo zuriak edo apur bat arroxak; 20 estamine eta oinaldean soldatutako 2 estilo.
Fruituak
Pomo oboidea, kaliza mantendu egiten du. Azala arrea edo gaztaina-kolorekoa, lentizela argiagoz pikortatua. Zapore latzekoa, mikatzak eta ondo heltzen direnean apur bat gozotzen dira.
Lurzoru kalkareotan hobeto hazten da, baina azidoetan ere hazi daiteke. Basoen soilgunetako eta ertzetako espezie tipikoa da, argia behar baitu. Bereziki harizti eta pagadietan hazten da. Oso ongi egokitzen da negu hotzeko lekuetara.
Fenologia
Maaitz eta ekainean loratzen da; fruituak udaren azken aldera heltzen dira.
Erabilera
Fruituak latzak eta astringenteak direnez, beherakoa eta disenteria sendatzeko erabili izan dira.
Zura oso gogorra eta sendoa da eta, nahiz eta urria izan, lanabes-kirtenak egiteko oso estimatua izan da.