Aleksandr Vasilievitx Suvorov[1] (errusieraz: Алекса́ндр Васи́льевич Суво́ров, translit.: Aleksándr Vasíl‘evič Suvórov; Mosku, 1729koazaroaren 24a—San Petersburgo, 1800komaiatzaren 18a) errusiar militarra izan zen. Suvorov Rimnikeko konde eta Italiako printze izandakoa, inoiz gudu bat galdu ez zuen historiako jeneral handienetako bat izan zen. Ospetsu egin zen 'Garaipenaren zientzia' eskuliburuagatik, eta nabarmena "gogor entrenatzea, lasai borrokatzea" esaldiagatik.[2]
Bere lehen gerra esperientziak Zazpi Urteko Gerran eta Silesiako Hirugarren Gerran eduki zituen. Poloniako Bar-eko konfederazioari aurre egin zion. Errusiarren eta Otomandarren arteko bi gerretan parte hartu zuen. Pugatxoven altxamendua garaitzen lagundu zuen. Kubango nogaien atxamenduaren kontra ere aritu zen. Italian ere borrokatu zuen Napoleonen tropen kontra, garaipen handiak lortuz.
Bizitza
Jatorria
Arbateko mantsio batean jaio zen, Mosku inguruan. Etxea amaren aldeko aitonak eman zioen, ezkontzako dote gisa. Bere familia noblea zen, Novgorodekoa. Bere aita Vasily Ivanovich Suvorov zen, jeneral burua eta Gobernuko Senatuko senataria izan zen. Ezaguna egin zen Vaubanen lanak errusierara itzuli zituelako.[3] Bere ama Avdotya Fedeseyevna zen (Manukova gisa jaioa), eta Fedosey Manukov epailearen alaba zen.
Suvorovek kontatzen zuenez, bere familiaren jatorria suediar nobleziaren artean zegoen. Dena dela, Nikolay Baskakov eta Alexandra Superanskaya linguistek zalantzak ipini dute historia hau, eta haien ustez Suvorov abizena antzinako Suvor izen errusiarretik dator.[4] Beste hainbat ikerketak ere zalantzan ipini dute jatorri suediarra.
Haurtzaroa
Suvorov ume gaixobera zenez, haren aitak uste zuen zerbitzu zibilean lan egingo zuela etorkizunean. Hala ere, ikasle bikaina zela erakutsi zuen. Frantsesez, alemanieraz, polonieraz eta italieraz irakurtzen ikasi zuen. Aitaren liburutegi handiari esker, historia militarra ikasi zuen. Gai honi buruz idatzi zuten hainbat autore irakurri zituen: Plutarko, Kornelio Nepote, Julio Zesar edota Karlos XII.a, besteak beste. Irakurketa hauei esker, jakintza ugari lortu zituen hainbat arlotan; ingeniaritzan, setio tekniketan, artillerian edo gotortzean.[2] Dena dela, aitak ez zuen uste semea gai izango zenik karrera militarra egiteko. Hala ere, Gannibal generalak gaztearekin hitz egitea eskatu zuen, eta harrituta geratu zen. Hala, aita konbentzitu zuen semeari nahi zituen ikasketak egiten uzteko.[3]
Lehen esperientzia militarrak
Suvorov 1745ean sartu zen armadan eta Semyonovsky erregimenduan zerbitzatu zuen 9 urtez. Denbora gehiena barrakoietan pasatu bazuen ere, mezulari gisa ere bidali zuten Dresden eta Vienara. 1756tik 1758ra Gerra Kolegioan lan egin zuen. 1758tik aurrera erreserbako unitateetan egon zen eta Memel hiriko komandantea izan zen. Suvoroven lehen gerra esperientzia prusiarren aurka izan zen, Zazpi Urteko Gerran eta Silesiako Hirugarren gerran.[5][6][7] 1762an koronel bihurtu zen.[8]
Poloniaren eta Lituaniaren kontrako gerra
1768an Poloniako nobleek Bar-eko konfederazioa sortu zuten Bi Nazioen Errepublika defendatzeko. Garai hartan Suvorov Polonian egon zen. Poloniarrak garaitu zituen hainbat aldiz eta Krakovia hartu zuen, nahiz eta porrotak ere jasan zituen. Zauritu ere egin zuten.[9][10] General Nagusi kargua lortu zuen.[8]
Otomandarren kontrako borrokak
Suvorovek Otomandarren kontrako lehen gerran (1768-1774) parte hartu zuen, azken bi urteetan. Kozludsiko batailan garaipena lortu zuen, besteak beste.
1775ean Pugatxoven altxamendua zapaltzera bidali zuten, baina heldu zenerako Pugatxov atxilotuta zegoen, bere ingurukoek traizioa egin ondoren. Suvorovek lehen galdeketa egin zion atxilotuari.[8]
1777tik 1783ra Krimean eta Kaukasoan egon zen zerbitzen. Kubangonogaien altxamenduei aurre egin zien.[9][11] 1780an teniente general bihurtu zen, eta 1783an infanteriako general.[8]
1787tik 1791ra otomandarren kontra borrokatu zuen berriro, Grigori Potiomkin generalaren agindupean. Kinburneko batailan (1787) zauritu egin zuten. Otxakov hiriaren sitioan ere parte hartu zuen. Hemen, bala batek zauritu zuen, eta ezin izan zuen parte hartu hiriaren azken asaltoan.[9][12]
1789an garaipen handiak lortu zituen. Hasteko, Rimnikeko batailan. Errusiar eta austriar soldaduak gutxiago baziren ere (25.000, eta otomandarrak 100.000), irabazi egin zieten otomandarrai. Katalina Nagusiak konde izendatu zuen Rimnikski ohorezko tituluarekin, eta Jose II.ak Germaniako Erromatar Inperio Santuko konde.[9][8]
Bigarren garaipena Izmailko erasoan lortu zuen, 1790eko abenduaren 22an. Otomandar indarrak gotortu egin ziren, baina errusiarrek suntsitu egin zituzten.[13]
Finlandia
1791an Suvorov Finlandiara bidalil zuten, Suediako mugan gotorlekuak eraikitzeko. [9]
Berriro Poloniara
1794an berriro bidali zuten Poloniara eta hainbat bataila irabazi zituen. Azaroaren 4an Suvoroven indarrek Varsovia hartu zuten eta Kościuszkoren matxinadarekin amaitu zuten. Milaka pertsona hil zituzten errusiarrek, apirilean Varsovian egondako altxamenduan hildako errusiar soldaduak mendekatzeko. Iturri batzuen arabera hilketa hauek kosakoek burutu zituzten, eta zalantzan dago Suvorovek hauek gelditzeko ahaleginik egin zuen ala ez. Dena dela, ez du ematen Suvorovek hilketak agindu zituenik. [9][14][15][16][17]
Errusiarren garaipenaren ondorioz, hirugarrenez zatitu zuten Polonia. Katalina II.a enperadoreak landa-mariskal izendatu zuen Suvorov, eta Polonian egon zen 1795era arte. Urte hartan, San Petesburgoera itzuli zen.[18][8]
Paulo I.a enperadorearekin gatazka
1796an Katalina Nagusia hil zen, eta haren seme Paulo enperadore izendatu zuten. Honek, prusiarren estiloa ezarri zuen armadan. Suvorov ez zegoen ados, eta ez zituen Pauloren aginduak bete. Honek, haserre, desterratu egin zuen Borovitxi hirira eta haren gaineko kontrola ezarri zuen.[8][2][19]
Italiako kanpaina
1799ko otsailean Paulo I.ak bere karguak itzuli zizkion Suvorovi. Izan ere, enperadorea kezkatuta zegoen Frantzia Europan izaten ari zen garaipenekin. Suvorov Errusiar eta Austriar indarren buru ipini zen, eta Italiara jo zuen frantziar armada handik botatzeko. Austriar soldaduak errusiar general baten aginduetara ipintzeko, Suvorovi Germaniako Erromatar Inperio Santuko landa-mariskal titulua eman behar izan zioten.[5][8]
Suvorovek eta Napoleonek ez zuten sekula topo egin guda-zelaian. Izan ere, garai hartan Napoleon Egipton eta Sirian zebilen. 1796an eta 1797an Napoleonek Italia iparraldean konkistatutako lur gehienak Suvorovek birkonkistatu zituen 1799, Frantziako general nagusienak garaituz. Suvorovek Milan eta Turin konkistatu zituen, eta heroi bihurtu zen Iraultza Frantsesaren aurka zeuden pertsonen artean.[20]
Suvorovek Trebbiako bataila ere irabazi zuen: Jacques MacDonald frantziar mariskalak 20.000 soldadu baino gehiago galdu zituen haren aurka eta erretiratu egin behar izan zen.[21]
Noviko bataila, aldiz, Suvoroven bizitzako garaipen zailena izan zen, frantsesek defentsa posizio sendoak zituztelako eta errusiar eta austriarrek ezin izan zutelako euren zalditeria indartsuagoa osorik erabili. Dena dela, azken hauek irabazi egin zuten. Frantsesek 16.000 soldadu galdu zituzten eta Italiatik alde egin behar izan zuten (Itsas Alpeetan eta Genovan geratu ziren indar batzuk salbu). Suvorovek hainbat titulu irabazi zituen: Savoia etxeko printze, Piamonteko tropen mariskal handia, edota Italiako printze.[22][23][5]
Suitzako kanpaina
Italiako garaipenen ondoren, Suvorovek Parisera joan nahi zuen, baina Suitzara bidali zuten, han zeuden errusiar tropei lagundu eta frantsesak botatzeko.
Suvorov heldu aurretik, errusiarrek eta austriarrek porrotak jasan zituzten frantsesen kontra. Suvorovek erretirada bat zuzendu behar izan zuen. Bidean hainbat soldadu hil ziren, hotzak, goseak eta istripuek eraginda. Dena dela, erretirada hau arrakastatsua izan zen, soldaduen gehiengoa bizirik atera baitziren Suitzatik. 1799ko azaroaren 8an Suvorov Errusiako laugarren Generalissimo bihurtu zen.[5][24]
Desterraturik egon zenetik, Suvoroven osasuna kaltetuta zegoen. Italiako kanpainaren amaieran berriz hasi zen txarto sentitzen. Ezin izaten zuen oinez egin eta antzinako zauriek min ematen zioten. Suitzako kanpainak gehiago kaltetu zuen.[9]
Errusiara itzulera
Errusiara itzultzeko bidaiak hiru hilabete baino gehiago iraun zituen.
Suvorovek ospe handia lortu zuen Italiako eta Suitzako kanpainetan, eta Germaniako Erromatar Inperio Sakratuaren lurretan sartu zenean, begirada guztien erdigune bihurtu zen. Bidaiariak, diplomatak eta soldaduak bera zegoen lekuetara joaten ziren, batez ere Lindau, Augsburg eta Pragan egon zenean. Leku guztietan ondo hartzen eta agurtzen zuten.[9]
1800an San Petesburgora iritsi zen. Paulo enperadoreak ez zion audientziarik eskaini, ezagutzen ez diren arrazoiak tarteko. Nekatuta eta gaixorik, Suvorov 1800eko maiatzaren 18an hil zen, San Petesburgon.[9][8]
Suvoroven hileta generalissimo baten ohorearekin ospatu behar bazen ere, landa mariskal bezala lurperatu zuten, Paulo I.aren eraginez. HIletan egon ziren pertsona garrantzitsu bakarrak Lord Whitworth britainiar enbaxadorea eta Gavrila Derzhavin poeta izan ziren. Suvorov Alexander Nevski Monastegiko elizan dago lurperatua.[8]
Suvoroven ikasle izan ziren generalek paper garrantzitsua bete zuten hurrengo urteetan. Horien artean, Mijail Kutuzov zegoen, Errusiako Armada Inperiala zuzendu zuena Napoleonen kontra, honek Errusia inbaditu zuenean.[2]
Ezkontza eta seme-alabak
1774ko urtarrilaren 27an Suvorov ezkondu egin zen Varvara Ivanovna Prozorovskaiarekin. Emakume honen familiak nobleak ziren; Prozoroxski eta Golitsin familiak, hain zuzen ere. Seme bat eduki zuten (Arkadi Suvorov, generala izan zen) eta alaba bat (Natalia Suvorova).
Omenaldiak
Suvorov San Petesburgon lurperatu zuten, Alexander Nevski monasterioan.
Suvorov hil eta urtebetera, Paulo I.a enperadorea bere logelan hil zuten haren buruzagitzarekin ados ez zeuden militar batzuek. Honen semeak, Alexandro I.ak, hartu zuen enperadore kargua, eta Suvoroven omenezko estatua bat eraiki zuen San Petesburgoko Marteren parkean.
1900. urtean Suvorov Museoa zabaldu zuten San Petesburgon, militarraren heriotzaren 100. urteurrenean.[25] Beste hiri askotan ere badaude Suvoroven omenezko monumentu eta museoak, beste beste Sevastopolen, Khersonen edota Kaliningradon.
II. Mundu GerranSobietar Batasunak 1917 aurreko hainbat errusiar heroiren memoria berpiztu zuen patriotismoa indartzeko. Iosif Stalinek gehien aipatzen zuen militar tsarista zen Suvorov. 1942ko uztailaren 29an Sobiet Gorenaren Presidiumak Suvoroven Ordena sortu zuen, eta gaur egun ere oraindik ematen zaie etsai handien kontrako gerrako operazioetan lidertza berezia erakusten duten militar seniorrei.[26]
Bulgariako Varna probintzian dagoen Suvorovo herriak Suvoroven omenez dauka izen hori. Komunismoaren garaian ipini zioten izen berria. 1814an Ozeano Bareko Suwarrow irla aurkitu zuen txalupak ere Suvoroven izena zuen.
Transnistriako hainbat errublotan Suvoroven irudia agertzen da.[27]Tiraspol hiriburuan plaza bat ere badago haren izenarekin. San Petesburgon ere badago Suvoroven plaza bat.
Errusian Suvoroven izena daukaten bigarren mailako 12 eskola militar daude. Sobietar Batasunaren garaian sortu ziren. Minskeko eskola militar batek ere izen hori dauka.
1941ean Suvorovi buruzko pelikula bat ere egin zuten.
Ukrainako kasua
Komunismoaren aztarnak ezabatzeko politiken ondorioz, Kieveko Suvorov kaleari izena aldatu zioten 2016an (gaur egun Mikhailo Omelianovitx-Pavlenko deitzen da). Suvorovek ez zeukan loturarik komunismoarekin, baina Sobietar Batasunak propagandarako erabili zuen bere izena.[28]
2022ko irailean Dniproko Suvorov kaleari ere izena aldatu zioetan, eta Alan Shepard izendatu zuten. 2022ko urrian, Errusiak Ukraina inbaditu ondoren, Errusiako tropek Khersoneko Suvoroven monumentua hartu zuten eta beraiekin eraman zuten erretiratu zirenean.[29] Urte hartako abenduan Kieven Suvorov deitzen zen beste kale bati izena aldatu zioten eta Serthii Kotenko deitu zioten.[30]
2023ko urtarrilean Suvoroven irudia kendu zuten Odesako monumentu batetik.[31] Urrian Khersonen Suvorivskii barrutiari ere izena aldatu zioten eta Tsentralni deitu zioten (barruti zentrala).[32]
Suvorov literaturan
Suvoroven izena hainbat alditan agertu izan da literaturan.
Alexander Shishkov idazleak epitafio bat eskaini zion, eta Gavrila Derzhavinek hainbat poematan aipatu zuen eta Alexandro Handiarekin konparatu zuen. Alexander Pushkinek eta Mikhail Lermotovek ere hari buruz idatzi zuten, eta baita XVIII eta XIX. mendeetako hainbat poeta errusiarrek.
Kostrovek, Homero errusierara itzuli zuen itzultzaileak, Suvorovi buruzko oda bat idatzi zuen. 1795ean Irinarkh Zavalishin soldaduak, Suvoroven aginduetara borrokatu zuenak, honi buruzko poema heroikoa idatzi zuen, "Suvoriada" izenekoa. Sergei Glinkak 1799ko Suitzako espedizioari buruzko liburu bat idatzi zuen.[9][33][34]
Britainiar literaturan ere agertu izan da Suvoroven izena. Byronek Suvoroven karikatura bat idatzi zuen Don Juanen zazpigarren kantoan.
↑(Errusieraz)жизнь, Редакция журнала Наука и. (2005-08). «СУВОРОВ - СУРОВЫЙ»www.nkj.ru(Noiz kontsultatua: 2024-10-16).
↑ abcdPetrushevsky, Alexander F. (1900). Генералиссимус князь Суворов [Generalissimo Prince Suvorov]. Saint Petersburg: Типография М. М. Стасюлевича.
↑Zolotaryov, V. A. (2023). "СУВОРОВ АЛЕКСАНДР ВАСИЛЬЕВИЧ". Great Russian Encyclopedia. Electronic version.
↑Kipnis, Boris Grigoryevich (2021). Непобедимый. Жизнь и сражения Александра Суворова [Invincible. Life and battles of Aleksandr Suvorov]. St. Petersburg: Издательский дом "Питер".
↑ abcdefghijPetrushevsky, Alexander (1884). Generalissimo Prince Suvorov (errusieraz). Vol. 1 (1st ed.). Saint Petersburg: Типография М. М. Стасюлевича.
↑Petrov, Andrey (1874). Война России с Турцией и Польскими конфедератами. С 1769—1774 год [Russia's war with Turkey and the Polish confederates]. Vol. III. St. Petersburg: Типография К. В. Трубникова. Литейная, дом №42
↑Gutakov, Vladimir (2007). "Русский путь к югу. Часть вторая" [Russian way to the south. Part 2]. Вестник Европы. No. 21.
↑Osipov, K. (1939). Alexander Suvorov. Translated by Bone, Edith. London, New York, and Melbourne: Hutchinson & Co. (Publishers) Ltd.
↑Goodwin, J. (1998). Lords of the Horizons. New York: Henry Holt and Company.
↑Janusz Tazbir, Polacy na Kremlu i inne Historyje, Iskry, 2005
↑Davies, Norman (1996). Europe: A History. Oxford University Press.
↑Dixon, Simon (1999). The Modernisation of Russia, 1676–1825. Cambridge University Press.
↑John Leslie Howard, Soldiers of the Tsar: Army and Society in Russia, 1462–1874, Keep, Oxford University Press, 1995
↑Orlov, Nikolay Aleksandrovich (1892). Разбор военных действий Суворова в Италии в 1799 году [Analysis of Suvorov's military actions in Italy in 1799]. St. Petersburg: Тип. Тренке и Фюсно.
↑Elchaninov, A. (2003). История русской армии (in Russian). St. Petersburg: Полигон.
↑Semyonov, Boris (15 August 2019). "Битва при Нови. Самая трудная победа Суворова" [Battle of Novi. Suvorov's most difficult victory]. История.РФ (in Russian). Russian Military Historical Society.
↑Bogolyubov, Aleksandr Nikolayevich (1939). Полководческое искусство А.В. Суворова [A.V. Suvorov's art of leadership]. Moscow: Voenizdat.
↑Latimer, Jon (December 1999). "War of the Second Coalition". Military History: 62–69
↑Giangrande, Cathy; Norwich, John Julius (2003). Saint Petersburg: Museums, Palaces, and Historic Collections. Bunker Hill Publishing