1974. urtean Medikuntzako Nobel Saria eman zioten, zelula bizien biologiari buruz egindako ikerlanengatik. Nobel Saria Christian de Duve belgikarrarekin eta George E. Palade estatubatuarrarekin banatu zuen; zelulen biologia modernoaren aitzindari izan ziren hirurak. Clauderen ekarpen nagusia zelularen osagaiak bereizteko eta osagai bakoitza bere aldetik, elkarrengandik bereiz, ikertzeko zentrifugatzaile bat (hau da, lastertasun handian biratzen den tresna bat) erabiltzea izan zen. Zentrifugazio diferentziala deritzo Claudek asmaturiko prozedura horri, eta garrantzi handiko teknika da, ikerketa biologikoen alorrean. Bestalde, mitokondriak arnasketan betetzen duen zeregina zehaztu zuen, eta zelulen zitoplasman proteinak pilatzen diren mintza ere, mintz endoplasmiko deritzona, berak aurkitu zuen. Claude izan zen, orobat, ikerketa biologikoetan mikroskopio elektronikoa erabili zuen lehen ikertzailea (1942an, zelularen zatiak bereiz aztertzeko lanetan, hain zuzen ere).