Cyprinus carpio rubrofuscus (hego-ekialdeko Asiakoa)[3] Aditu batzuen arabera, agian Cyprinus rubrofuscus espeziea da.[4]
Deskribapena
Zamo helduak 60-90 cm-ko luzera eta 9 kg-ko pisua hartu ohi ditu baina 1'2 metrotako eta 40 kg-ko zamoak ere aurkitu izan dira[2]. 64 urteko adina zuen alerik ere aurkitu izan da[5]. Zamo basatiak haztegietan hazitakoak baino txikiagoak izan ohi dira.
Kolorez zilarkara da, bizkarraldea ilunagoa du eta sabelaldea argiagoa, arrainetan ohikoa den gisan. Ezkata luzeak ditu. Bizkarraldeko hegatsa luzea da eta arantza sarriak ditu.
Bizilekua eta ekologia
Ur gezatakoa izanik ibai eta aintziratan bizi da. Sardak osatzen ditu eta orojalea da. Ibai eta aintzira hondoetan intsektuen larbak, krustazeoak, moluskuak eta arraien arrautzak harrapatzen ditu, baina ur azaleko zooplanktona ere jaten du. Egun guztian zehar elikatzen bada ere gauez eta ilunabarrean aktiboagoa da[6].
Zamo bakarrak milioi bat arrautzatik gora jartzen ditu urtero eta animalia asko elikatzen dira arrautza horietaz. Zamo helduen harrapariak lutxoa, amerikar perka, hainbat hegazti (ubarroiak, lertxunak, zerrak, arrano arrantzaleak...) eta ugaztunak (igaraba...) dira.