Zadorra ibaiaren arroko zubiakZadorra ibaiaren arroan, Araban dauden 88 zubi dira, Eusko Jaurlaritzak babes berezia eman diena. Zubien izaera askotarikoa da, baina guztiak daude herrien arteko bideen zerbitzura. Honela, multzo monumental gisa sailkatzen dira[1].
Kokapena
Zadorra ibaia Arabako emaritsuena da. Guztira, 66 kilometro inguru ditu; Munain herritik gertu sortzen da, Entzia eta Iturrieta mendilerroen iparraldean. Arabako Lautadako behealdeko lurraldeak zeharkatzen ditu, ekialdetik mendebaldera, 17 kilometro inguru egin ostean, Ullibarri Ganboako urtegira heltzean, garai bateko bidea galtzen du, 49. kilometroan, gero berreskuratzeko, norabidea hego-mendebaldera aldatuta, urtegiari eusteko presa igaro ondoren, 44. kilometroan, eta Gasteiz inguratzen du, iparraldeko ertzari jarraituz. Argantzongo maskorrak zeharkatu eta Armiñon atzean utzi ondoren, Ebro ibaian isurtzen ditu urak, Lacorzanilla inguruan[1].
Zadorra ibaiak bi ibai-ertzetatik hartzen ditu askotariko izaera eta ezaugarriak dituzten ur-lasterrak. Ugariagoak eta handiagoak dira eskuinaldetik Zadorrara iristen diren ibaiak. Besteak beste, uren isurketaren ordenari jarraituz, Barrundia, Santa Engrazia, Zubialde-Zalla eta Oka ibaiak biltzen zaizkio eskuinaldetik. Ezkerraldetik, berriz, bigarren mailako ibaiak daude: Dulantzi ibaia, Ihuda ibaia, eta Gasteizko Mendietatik urak bildu eta Zadorrara zuzenean eramaten dituzten errekak.
Ullibarri Ganboako urtegia XX. mendearen erdialdean egin zuten, eta, horren ondorioz, Arabako Lautadako lurraldeen zati bat eta hainbat herri urpean geratu ziren (Orenin, Zuhatzu Ganboa, Mendizabal eta Landa[2]). Aldi berean, Zadorraren eta beste ur-laster eta erreka batzuen ibitik igarotzen ziren bidexken sareko zenbait zubi ere ezkutuan geratu ziren.
Zubien izaera
Maila desberdinetako bide-sare korapilatsua egina dute Arabako herriek, eta zubiak funtsezkoak dira hainbat jardueratarako: giza harremanak, merkataritza-trukea, erromesaldiak, produkzio-instalazioei zerbitzuak ematea, eta abar. Zubi horien oinarrian dagoen kultura materialari dagokionez, Zadorra ibaiaren arroari lotutako zubiak fabrikazko arkuaren modalitatekoak dira; hau da, egitura horiek ia lan guztia konpresio-esfortzuz egiten dute. Horrenbestez, harria, adreilua eta masa-hormigoia baino ez dute erabiltzen[1].
Zubi horiek, egitura funtzionalak izateaz gainera, garai historiko bateko kultura eta artea adierazten dute, eta, aldi berean, proiektatu eta eraiki zituzten garaian zientziak eta teknologiak egin zuten aurrerabidearen adierazle dira.
Fabrikazko arkuz egindako zubiak oso ohikoak dira Euskal Autonomia Erkidegoko herrien arteko harremanak eta komunikazioa bideratzeko sistema konplexu eta zabalean. Halaber, urrutiko erkidego eta herrialdeetako herri eta hiriekin komunikatzeko sare handiagoen osaeran parte hartzen dute zubi horiek. Jada erabiltzen ez den zubi mota da; dagokigun lurralde-esparruan XX. mendearen erdialdean izan zuen gainbehera. Euskal Herrian fabrikazko arkuz egindako zubien kontserbazio-egoera eta maila aldatu egin da, garai historikoen arabera.
Gizakien historian, oso antzinatik egin dira zubiak. Jarduera horrek ez du etenik izan, eta gaur egun ere egiten dira. Gizakiek, hasieran inguruko lurraldeetara eta gero urrunagoko tokietara joaten hasi zirenetik, jakin badakite abegi txarreko lurralde batean joan-etorriak egiteko ezinbestekoa dela ibaiak igarotzeko tresnak edo eraikinak egitea; esate baterako, zubiak. Zubi horiek, lehen begiratu batean, lurralde jakin bateko kartografian sakabanatuta daudela dirudite; ausaz banatuta, alegia. Baina, esparruan parte hartzen duten geruzei erreparatzen badiegu (ibaiak, herriak, bideak, eta produkzio-eremu jakin batzuk) zentzua hartzen dute.
Zubi horietako askok kultura material komun bat osatzen dute, eta ondarea aberasten dute, historiaren, estetikaren, paisaiaren eta ingeniaritzaren aldetik. Hala da fabrikazko arkuz egindako zubien kasuan, eta Zadorraren arroan halako hainbat eraikuntza daude.
Elementuak
Zubi hauek honako elementu hauek dituzte Zadorran[1]:
Ganga. Fabrikazko arkuz egindako zubi baten elementu erresistente nagusia ganga da. Erresistentzia-funtzioaren barruan, bi ezaugarri ditu gangak: formaren bidez lan egiten du, eta trakzio-tentsiorik jasateko gai ez diren materialez egina dago.
Betegarria. Kasu gehienetan, fabrika-gangaren, tinpanoen, horma-bularren eta errodadura-azalaren artean dagoen guztia biltzen du.
Tinpanoak. Alboetako elementu bertikalak dira tinpanoak, eta gangak dira haien euskarri.
Pilak. Fabrikazko arku baten barruan, pilen eginkizuna da gangek transmititutako karga zimenduetaraino eramatea
Zimenduak. Karga eta tentsio guztiei eutsi eta horiek guztiak lurzoruan deskargatzen dituzten elementuak dira zimenduak.
Horma-bularra. Obraren muturretako atala da horma-bularra, eta ibai-ertzetan ainguratuta dago.
Zubi-brankak eta ezproiak. Pilak bi fronteetan (uretan gora eta uretan behera) defendatzen dituzten babes hidrodinamikoak dira.
Laguntza-hormak. Horma-bularren ondoren galtzadari jarraipena emanez egin dituzten hormak dira.
Hegalak, desbideratze-hormak eta manguardiak. Horma-bularrak babestu eta urak zubiaren baoetara eramateko ardura duten hormak dira.