Yon de Luisa Saseta

Yon de Luisa Saseta

Bizitza
JaiotzaDonibane Lohizune, 1937
Herrialdea Lapurdi, Euskal Herria
HeriotzaMexiko Hiria2012ko otsailaren 24a (74/75 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jarduerakkimika-ingeniaria

Yon de Luisa Saseta (Donibane Lohizune, 1937Mexiko DF, 2012ko otsailaren 24a) Mexikoko euskal diasporako kide nabarmena izan zen.

Familia

De Luisa Lapurdin sortu zen, Espainiako Gerra Zibilean bertan errefuxiatutako familia gipuzkoar batean. Aita Jesus Luisa Esnaola zen, Euzko Gudarosteko ofiziala eta dantzaria; ama berriz, Irune Saseta Etxeberria, Emakume Abertzale Batzako kidea eta Candido Saseta komandanteburuaren arreba. Gerrak iraun zuen bitartean, aita Eresoinka kultura enbaxadaren partaide izan zen, zuzendaritza koreografikoa eramanez. 1941ean, familia Mexikora erbesteratu zen.[1]

Irune Sasetak eta Jesus Luisak hiru haur izan zituzten: Yon (Donibane Lohizune, 1937), Unai (Bidarte, 1938) eta Mari Paz (jada Mexikon jaioa).[1]

Ibilbidea

Formazioz ingeniari kimikoa, enpresaria ere izan zen: bere lehen enpresa karrera amaitu baino lehen sortu zuen, eta geroztik hainbat arlotan aritu zen, besteak beste meatzaritza, metala, mekanika, automozioa, kimika, ehunak, itsasontzi garraioa eta gozogintza. Guztira 59 urtez aritu zen lanean, haietako 30 euskal enpresekin. 2011an, euskal automobilgintza sektoreko aitortza jaso zuen, haiekin eginiko lana eskertuz.[2]

2009 urtean,[3] Celaya udalerriak (Guanajuato estatuan) Garapen Ekonomikoko Zuzendari Nagusia izendatu zuen. Azken urteetan Celayako El Bajío eskualdean bizi izan zen. Euskal enpresa eta ekimen industrial eta ekonomiko ugari biltzen duen lekua da Celaya, eta horiekiko harremana lantzen eta bideratzen lan egin zuen Yon de Luisak,[4] EmpreBask México ekimenean.[2]

De Luisa futbol munduan ere sartuta zegoen: Club America taldearen lehendakariorde izan zen. Yon de Luisa Plaza semea ere talde horren zuzendaritzan aritu zen.[3]

Udal politikan ere ibili zen, PAN alderdiko Rubí Laura Lopez Silva alkatearen lan taldean egon zelarik.[2]

Mexikoko euskal giroan

Euskal kulturan hezia, dantzan, musikan eta pilotan ikasi zuen, baita euskara ere; bizitza osoan mantendu zituen zaletasunok. Halere, euskal diasporako kideetan ohikoa denez, bere harrera-herria ere asko estimatzen zuen, "oso mexikarra" sentituz.[4]

1953ko uztailaren 26an jo zuen Yonek txistua lehen aldiz jende aurrean. Loiolako San Inazio ikastetxean (Colegio de las Vizcaínas) eginiko kermesse edo erromeria batean izan zen, non Euskal Etxeko "Comité de Damas y Señoras" antolatzaile nagusietako bat izan zen. Bi hile lehenagotik, Jesus Luisa aita ikastetxeko neskak dantzarako prestatzen aritu zen; argazkietan ageri denez, ekitaldiaren egunean atabala ere jo zuen, Yon semeari lagunduz.[5]

1950eko hamarkada amaieran, Euskal Etxean biltzen ziren gazteak Euskal Herrian gertatzen ari ziren gauzak komentatzen hasi ziren: Hegoaldeko gazteen protestak, ezkerreko mugimenduen gorakada, ikurrinaren aldarrikapena, kooperatibak, apaizen mugimenduak, ETAren sorrera, euskal kantagintza berria, argitalpenak, euskara batua... berriemale nagusiak Euskal Herritik etorritako pilotariak zituzten; EAJren egiturek edo prentsa ofizialak ez baitzuen informazio hori ematen. Garai horretan Yon de Luisa ardurak hartzen hasi zen: 1958ko Aberri Eguneko antolaketan adibidez, Jesus Galindez desagertu berria oroitzeko ekitaldiak barne. Denborarekin euskal errealitatearen informazioa zabaltzeko EAJtik aparteko talde bat eratu zen, bai Mexikoko euskal komunitatera begira, baita mexikar herritar guztien artera ere. Honenbestez euskal komunitatea zatitu zen, horren erakusgarri 1960-1975 artean ospatu ziren bi Aberri Egun ezberdinak; gero nolabaiteko batasuna lortu zen berriro ere. Yon de Luisa dinamika guzti hauen partaide izan zen. Bere esanetan, gazteen norabide berrian gehien eragin zuen pertsonetako bat Jose Manuel Agirre izan zen, ETAko sortzaileetako bat.[5]

De Luisak oso parte hartze aktiboa izan zuen Mexikoko euskal komunitatean. Mexiko DFko Euskal Etxeko zuzendaritzako kide izan zen 6 aldiz,[2] eta bertako dinamiken ohiko bizitzan parte hartzeaz gain, dantza erakusten jardun zuen Jakinda Suarez Begoñarekin batera; gainera, 1980ko hamarkadan bertako abesbatza berpiztu zuen.[5]

EAJko kidea zela, 1980ko hamarkada hasieratik euskal errefuxiatu eta iheslarien komunitatearekin harremana zuen.[6] Jose Antonio Ardanza lehendakariaren agintaldian (1985-1999) EAJren Mexikoko egiturako kide izan zen, baita Eusko Jaurlaritzak herrialdean zuen Ordezkaritzako diruzaina ere; denbora horretan Jon Azuarekin harreman handia izan zuen. Anai Artea elkartera hurbildu zen gero, alderditik urrunduz.[2]

XXI. mende hasieran, Euskal Diaspora Taldea interneteko eztabaida-foroko partaide aktiboa izan zen; idatziz zein presentzialki, Euskal Herrira eginiko bisitetan. Esate baterako, 2002ko irailaren 14ean, Batasuna alderdiaren legez kanporatzearen aurka Bilbon eginiko "Gora Euskal Herria" lelopean eginiko manifestazio handian izan zen, talde honetako kideekin.

2010ean jakin zenez, Espainiako eta Mexikoko poliziek zaintzapean zuten De Luisa familia, Mexikoko euskal komunitateko hainbat kiderekin batera, euskal iheslariekin zituzten harremanak ikertzeko.[7]

Candido Sasetaren gorpuzkinak

2008 urtean, Euzko Gudarosteko komandanteburu Candido Sasetaren gorpuzkinak lurretik atera eta Asturiasetik Hondarribiko kanposantura eraman ziren. Ekimena Sasetaren ilobek abiatu zuten, eta egun horretarako Mexikotik propio etorri ziren Yon eta bere anaia Unai.[4] Gorpuzkinak Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek berreskuratu zituzten,[8] eta Hondarribiko kanposantuan senideek Udal korporazioko kideak, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Gipuzkoako Foru Aldundikoak, alderdi abertzaleetakoak, eta hainbat elkarteko kideak lagun izan zituzten.[6]

Azken urteak

Bihotzeko arazoak zituen, aitak bezala, eta 2010an jada motibo horrengatik ingresatua izan zen.[3] 2012an hil zen Yon de Luisa Saseta, 75 urterekin, bihotzekoak jota.[4]

Erreferentziak

  1. a b (Gaztelaniaz) Gorriti, Un reportaje de Iban. (2023-03-27). «Jesús Luisa Esnaola, el comandante, dantzari y coreógrafo del Gobierno vasco» Deia (Noiz kontsultatua: 2023-11-15).
  2. a b c d e (Gaztelaniaz) Gorriti, Iban. (2012-04-08). «Un referente del mundo vasco en México» Deia (Noiz kontsultatua: 2023-11-14).
  3. a b c «PressReader.com - Digital Newspaper & Magazine Subscriptions» www.pressreader.com (Noiz kontsultatua: 2023-11-14).
  4. a b c d «Yon de Luisa Saseta, Diasporako euskaldun eta euskaltzale zintzoa hil da Mexiko Hiriburuan» Euskal kultura (Noiz kontsultatua: 2023-11-14).
  5. a b c GARRITZ RUIZ, Amaya. SANCHIZ RUIZ, Javier. 2003. Euskal Etxea de la Ciudad de México. Urazandi bilduma, 13. Vitoria-Gasteiz : Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia = Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco. https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/06_urazandi_coleccion/es_712/adjuntos/urazandi13.pdf
  6. a b «naiz: Oroitzapenak» www.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-14).
  7. Adrifadi. (martes, diciembre 20, 2011). «El Justo Reclamo: Cisen persigue en México a la comunidad vasca» El Justo Reclamo (Noiz kontsultatua: 2023-11-15).
  8. Ahaztuak1936-1977. (domingo, abril 27, 2008). «AHAZTUAK 1936-1977 / OLVIDAD@S 1936-1977: DESPUES DE 71 AÑOS EL JEFE DE LOS GUDARIS FUE RECIBIDO EN SU PUEBLO» AHAZTUAK 1936-1977 / OLVIDAD@S 1936-1977 (Noiz kontsultatua: 2023-11-16).

Kanpo estekak