Metalgintza da objektu utilitario, artistiko edo apaingarrien fabrikazioan metalak ekoizteko eta moldatzeko teknikak eta arteak. Langintza horrek barne hartzen ditu metal preziatuekin (hala nola zilarra eta urrea), gainontzeko metalekin bezala, egiten diren galdaketa- eta taila-teknikak. Errementari, urregintza eta bitxigintza biltzen ditu.
Metalgintza oso garrantzitsua izan da gizateriaren garapenean. Esaterako, historiaren azterketan, gizakiak hainbat metalen ekoizpenean eta lantzean nagusi izan ziren garaiei deitzen zaie modu berezi batean (Kobre Aroa, Brontze Aroa eta Burdin Aroa).
Osatze teknikak
Ziurrenik, metalak konformatzeko teknikarik zaharrena mailukatzea da. Kalkulatzen da K.a. 2500. urte inguruan hasi zela metal urtuan molde-isurtze teknika erabiltzen. Geroago, bihurritzeko, errematxatzeko eta soldatzeko teknikak erabili ziren.
Historia
Kobrea naturan berezko egoeran aurki daitekeen metal bakanetako bat da, hau da, beste elementu batzuekin konbinatu gabe. Horregatik, gizakiak erabili zuen lehenetarikoa izan zen. Beste berezko metalak urrea, platinoa, zilarra eta meteoritoetatik eratorritako burdina dira.
Urrea lantzeko erabiltzen ziren teknikak oso sinpleak ziren hasieran. Hotzean mailukatzeak forma desberdinak har zezaketen xaflak eta hariak ematen zituen. Geroago, baina oraindik goiz-aro batean, berotze eta urtze teknikak erabili ziren. Aurrerapen teknikoek formen dibertsifikazioa ekarri zuten.