Honshu uhartearen hegoaldeko kostaldean kokatuta dago, Tokioko Badiaren sartaldean. Ezaguna da bere arrain aniztasunarengatik. Kaia zela eta, Yokohama azkar garatu zen XIX. mendean Japoniako isolazionismoa amaitu zenean. Gaur egun, herrialdeko porturik garrantzitsuenetakoa dauka. Horretaz gain, siderurgia, ibilgailu-lantegiak eta ontziolak ere baditu.
Historia
Jatorriz arrantzale herria zen atzerritarrekin harremanik bat ere ez zuena. 1853an Matthew Perryren flota iritsi zenean Tokugawa shogunerriak hainbat kai atzerriko merkataritzari irekitzea erabaki zuen baina hasiera batean Yokohamakoaren ordez Kanagawa-jukukoa izan zen aukeratua. Dena dela Tōkaidō errepide nagusitik gertuegi zegoela iritzita Yokohamako kaiak ordezkatu zuen 1859an. Berehala hasi zen Yokohamaren garapena, 1861ean esate baterako Japoniako lehen egunkari ingelesa bertan plazaratu zen Japan Herald izenarekin.
Meiji berrezarpena gertatu ondoren Yokohama bihurtu zen zeta merkataritzaren erdigune, tratuak batez ere Britainia Handiarekin zituelarik. Atzerritik japoniara zetozen berrikuntzak Yokohamako kaitik iristen ziren gehienbat eta 1872an gas bidezko lanparek argitu zuten lehen hiria izan zen. Shinagawa (Tokio) eta Yokohamaren arteko trenbidea eraiki zen urte berean, eta Jules Vernek bere Munduari bira 80 egunetan argitaratu zuen. 1887an Samuel Cocking irlandarrak argi-indar ekoizteko zentral termikoa eraiki zuen. 1889an atzerritarrentzako eremuen mugak eraitsi zirenean Yokohama zen Japoniako hiri internazionalena eta nazioartean ezagunena.
XX mendearen hasieran industriak garapen izugarria izan zuen. 1923ko Kantōko lurrikara handiak hiriaren laurdena suntsitu zuen, eta 30.771 pertsona hil ziren. Berriro eraikitzean Yokohamako parkeak urbanizatu eta mendebaldeko hirien itxura hartu zuen. Bigarren Mundu Gerraren azken urtean, Estatu Batuetako gudarostearen bonbardaketek ia guztiz suntsitu zuten berriz hiria eta berreraikuntza berria ere estilo modernoan burutu zen.
Tokio gertu duenez, 1941etik aurrera hiri bietako kaiak batera administratzen dira. 1972an Yokohamako metroa eraiki zen. 1983an Tokioko Badiari kendutako lurretan Minato Mirai 21 eraikitzen hasi ziren eta urtez urte eraikinez bete da, aipagarriena 1993an altxatutako Yokohama Landmark Tower, oraindik ere Japonian dagoen etxebizitzarik garaiena.
Demografia
Hiru milioi eta erditik gora duen hiriko populazioaren gehiengoa japoniarra da eta 78.000 atzerritar bizi dira bertan, populazioaren %2'11. Hauen artean txinatarrak, korearrak, filipinarrak eta brasildarrak dira ugarienak.
Urtean 120 milioi tona salgai mugitzen ditu portuak. Batez ere petrolioa, metalurgiarako lehengaiak, kotoia, azukrea eta artilea inportatzen ditu. Bertatik, berriz, makineria eta manufakturak esportatzen dira. Hiriaren iparraldean eta kostan lantegi asko ditu eta errekaz eta ubidez lotuak dira portuarekin. Petrolioa fintzeko lantegiak, ontziolak, kimika industriak, metalurgia, siderurgia, autogintza, burdinbide gaien fabrikak, elektrizitatezko tresnen fabrikak, ehundegiak eta ehun fabrikak ditu.