Yamanashi kostalderik gabeko prefektura da. Prefektura mugakide hauek ditu: Tokio, Kanagawa, Saitama, Shizuoka, eta Nagano. Hegoaldeko mugan, Fuji mendia dago. Mendiek ez diote sartzen uzten aire hezeari; horregatik, Yamanashi Japoniako prezipitazio-mailarik txikieneko prefektura da (1.100 mm urtean). Japoniako bigarren mendi garaiena den Kita-dake ere bertan dago.
Kōfu hiriburuan eta inguruetan industria da nagusi; bitxigintza eta robotika-sektorea dira garrantzitsuenak. Gainerakoan, nekazaritzak garrantzi handia du, batez ere mahasgintza (ardogintzarako) eta frutagintza (haranak eta mertxikak). Horretaz gainera, ur mineral asko ekoizten da, batez ere Japoniako Hegoaldeko Alpeetan, Fiji mendiaren inguruetan eta Mitsutōge-ren inguruetan.
Historia
Meiji berrezarkuntza baino lehen, Yamanashi prefektura Kai probintzia izan zen. Sengoku Aroan, Takeda Shingen daimyō (jaun feudalaren) mende egon zen. XIX. mendearen erdialdetik aurrera, Meiji enperadorearen aroan, industrializazioa iritsi zen eskualdera, eta ehungintza eta ardogintza garatu ziren.
Bigarren Mundu Gerran, 1945ean, Kōfu gogor bonbardatu zuten Estatu Batuek.
Banaketa administratiboa
Hiriak
Japoniako beste prefekturekin konparatuta hiri txikiak ditu Yamanashik. Kōfu hiriburuaz aparte ez da 100.000 biztanletara iristen den hiririk.