Bere aita (Magnus Freiherr von Braun) banku garrantzitsu bateko zuzendari nagusia zen. Weimarko Errepublikan zehar, bere aita elikadura eta nekazaritzako ministroa izan zen. Aldiz, bere ama, Emmy von Quistorp, noblea zen. Zehazki, Prusiako Etxearen Jaunaren kide baten alaba[2]. Txikitan, astronauta izateko ametsa zuen, eta bere helburua gizakia Ilargira heltzea zen.
Wernherren erlijio baieztapenaren ondoren, amak teleskopioa eman zion opari. Horren ondorioz, astronomiarako grina piztu zitzaion. Familia Berlinera joan zen 1915ean, eta bere aita Barne Ministerioan aritu zen. 1924an, Wernherrek 12 urte zituelarik, Max Valierrek eta Fritz von Opelek aurrerapenetan, jakin-mina adierazi zuen. Hain zuzen ere, autoetan ezarritako suzirien abiadura-erregistroetan. Hauen lanean inspiratuta, jostailuzko bagoi bati, su artifizialak erantsi zizkion kale jendeztatu batean, ezinegon handia eraginez. Udaltzainek atxilotu zuten bere aita iritsi zen arte[2].
Ibilbidea Alemanian
1932an, ingenieritza mekanikoan graduatu zen Berlineko Unibertsitate Politeknikoan. Bi urte beranduago, Fisikan Doktoretza titulua lortu zuen. Hori baino lehenago, likidoz propultsatutako suziriekin esperimentatu zuen, eta, 21 urterekin, SS Nazien Poliziara batu zen. Nazientzat lanean zebilen bitartean, Ingenieritza Aeroespazialean lizentziadun izan zen.
1934ko uztailaren 27an, fisikako (ingeniaritza aeroespaziala) doktoretza lortu zuen Berlingo Unibertsitatean, "Errekuntza frogaren inguruan" (About Combustion Tests) izeneko tesiarekin. Bere doktoretza zuzendaria Erich Schumann izan zen. Hala ere, tesi hau von Braunen lanaren zati publikoa baino ez zen izan. Bere proposamen lan osoaren izenburua ondorengoa izan zen: Eraikuntza, Konponbide Teorikoa eta Arazo Esperimentalaren Emaitzari Propultsio Likidoko Koheteari (Construction, Theoretical, and Experimental Solution to the Problem of the Liquid Propellant Rocket). Nahiz eta 1934ko apirilaren 16an egin, alemaniar armadak ezkutuan gorde zuen, eta ez zen 1960. urtera arte argitaratuko. 1934. urtearen amaieran, bere taldeak erregai likidoko bi suziri jaurti zituen arrakasta handiarekin, 2,2 eta 3,5 km altuerara iritsiz[2].
Garai horretan, bere suziriak gerrarako arma bezala baino ez zituzten ikusten, eta Aliatuen aurka erabili ziren hainbat suziri diseinatu zituen, horien artean, V-2, Ilargira heldu zen suziriaren aurrekaria: 5.770 km/h inguruko abiadura zuen, eta 96 km-ko garaierara irits zitekeen (memento horretaraino gizakiak egindako tresna batek lortutako altuena).
Gestaporekin arazoak izan zituen, Hitlerren helburua berdin zitzaiolako, eta, bere helmuga bakarra espaziora iristea zela aldarrikatu zuenez, atxilotua izan zen. Beranduago, aske jarriko zuten A4/V2 suziriaren proiektuarekin jarraitzeko.
A4/V2 suziriaren egitura
A4/V2 suziriaren atalak zenbakiturik
1-) Ojiba
2-) Giroskopioaren kontrol automatikoa
3-) Irrati hargailua
4-) Ur- Alkohol nahasketarako biltegia
5-) Suziriaren gorputza
6-) Oxigeno likidoaren biltegia
7-) Hidrogeno peroxidoaren biltegia
8-) Nitrogeno botilak
9-) Hidrogeno peroxido deskonposizio biltegia
10-) Propergol ponpa
11-) Oxigeno-Alkohol zorroak
12-) Bultzada markoa
13-) Errekuntza ganbara
14-) Hegatsak
15-) Alkohol sarrerak
16-) Deflektorea
17-) Aleroia
Ibilbidea Ameriketako Estatu Batuetan
1945. urte hasieran, Sobietar Batasunaren armadaPeenemünde-tik 160 km-ra zegoen. Horiek, von Braun eta bere langileak bildu zituzten, eta galdetu zieten zeintzuk ziren amore emateko baldintzak, hau da, nola, zer egin behar zuten, eta sobietarren alde jartzeagatik zituzten abantailen berri jakinarazi zieten. Sobietarrengana jo nahi izan ez zutenez, von Braunek eta bere langileek estatubatuarren eskuetan erortzea nahiago izan zuten. Sobietar eremuko muturreko tenperaturez gain, estatubatuarrek eskainitako baldintza ekonomiko erakargarriagoa izan zen[2].
II. Mundu Gerra amaitzean Nazien porrotarekin, Paperclip Operazioaren barruan, AEBra eraman zuten, Amerikar Armadarentzat lanean jarriz (horren truke, bere iraganeko krimenak barkatu zizkioten).
Bere lana V-2 suziri espazial bihurtzea zen, eta, amerikarrekin elkarlanean, Redstone-a sortu zuen, NASAren astronautak lehen aldiz espaziora eraman zituena. 1969ko udan, Saturno V suziriak (von Braunen taldeak diseinatua) Apolo 11 ilargira eraman zuen, gizadiaren historian lehen aldiz[2].
Gainera, AEBko Army Ballistic Missile Agency-ko operazio-zuzendaria izan zen, non Jupiter-1 diseinatu zuen; Redstone eraldatu batek, Explorer 1a epaziora jaurti zuena (1958ko urtarrilaren 31n), mendebaldeko herrialdeen lehen satelitea izanik, AEBren espazio-programari hasiera eman zion gertakaria izan zen[2].
NASArentzat lanean
V2 suziria Estatu Batuek eta Sobietar Batasunak erabiltzen zuten espazio-suzirien aitzindaria izan zen. 1950ean, Von Braunen taldea AlabamakoHuntsvilletik gertu dagoen Redstone armategira joan zen, eta bertan eraiki zituzten NASAk erabilitako Mercury programa militarraren hasierako jaurtiketetako Jupiter misil balistikoa eta Redstone suziriak. 1960an, Estatu Batuen suzirien garapenerako zentro militarretik, NASAra pasatu zen, eta, han, Saturnoko suziri erraldoiak eraikitzea agindu zieten, gizakia Ilargian jarri zuena izanik handiena. Von Braun NASAko Marshall Space Flight Center-eko zuzendari eta Saturn V-aren diseinatzaile nagusia bihurtu zen[3], 1969 eta 1972 urteetan amerikarrak Ilargira eramango zituena.
1950eko hamarkadarako, von Braun jada ezaguna zen Estatu Batuetan herrialde horretako esplorazio espazialen bozeramaile gisa. 1952an, publizitate gehiago lortu zuen Collier aldizkarian (garai haietako astekari oso garrantzitsua zena) argitaratutako espazio-gaiei buruzko artikuluen bidez. Bere izena eguneroko ere bihurtu zen espazioaren esplorazioari eskainitako Disney telebistako hiru programatan parte hartu zuelako. Gizon bat Ilargian jartzearen balentria amerikarrak itzali egin zituen von Braun erasotzen zutenak nazien garaian langile esklaboak erabiltzeagatik.
Heriotza
Braun 1977. urteko ekainaren 16an hil zen pankreako minbiziagatik, 65 urte zituelarik. Ivy Hill kanposantuan lurperatu zuten (Alexandrian, Virginia).