Vera Hernáez Sañudo (Ortuella, 1938komaiatzaren 31), XX. mendearen bukaerako Portugaleteko moda diseinatzaile ospetsua da. Hernaezek begirada jarrita zeukan modaren aurrerapenean. Izan ere, gaur egungo proposamen estetikoekin oso parekatuak dauden diseinuak sortu zituen. Modu honetan, moda garaikidearen aitzindaritzat har dezakegu Hernaez, nahiz eta, emakumea izanda, Diseinuaren Historiak askotan alde batera utzi duen.
Biografia
Hastapenak
Vera Hernaez, 1938ko maiatzaren 31an jaio zen. Gudako alaba; ezkondu gabeko guraso errepublikanoen alaba da. Bizkaiko meategi batean erditu zuen bere amak, bere aita, tropa frankistetik ihes zegoen bitartean.
Ortuellan bizi zen guda bukatu arte, eta, Portugaletera bueltatu ziren; bere amaren herria zena. Han, aita ezagutu zuen lehen aldiz.
Bere bizitzaren lehen urteak, nahiko gogorrak izan ziren, egoera politikoa zela eta. Baserri batean bizi zela, bere haurtzaroa naturarekiko eta animaliekiko maitasunean oinarritu zen. Maitasun hori islatzeko pintura eta joskintza erabiltzen zuen. Beraz, txikitatik egin zituen pintura-lan txikiak eta zenbait saiakuntza joskintzan.
1949an, bere gurasoak behartuak izan ziren Hernaez barnetegi batera bidaltzera, egoera politikoa zela eta, haiek ezin izan zuten ezetza eman. Esan beharrekoa da Hernáezentzako nahiko urte gogorrak izan zirela bakardadean, bere familiatik aldenduta. Bi urte igaro zirela, bere aitaren heriotza zela eta, barnetegitik atera zen eta baserrira bueltatu zen. Aipatzekoa da, barnetegian bizi zituen egoera latzak, bere margoetan islatu zirela; kolore indartsuetan, marraren zurruntasunean… bere nortasuna asko kemendu zen. Bere barnean zeukan amorru guzti hori, pinturaren bitartez adierazten zuen; modu bizi batean. Esperientzia traumatiko hori alde batera utzi nahian, barnetegitik bueltatu zenean pintura errealista, narratiboa eta deskriptiboa egitetik, natura abstraituz joan zen gutxika-gutxika. Naturak produzitzen zitzaizkion sentsazioetan eta forma organikoetan oinarritu zen. Bere estiloa askatuz joan zen. Aldi berean, bere ama irakatsita, bete-betean sartu zen joskintzan; teknikoki asko trebatu zen. Ordea, oraindik azken hau behar bat bezala hartzen zuen, pintura bere benetako pasioa baitzen, nahiz eta joskintzan teknika paregabea izan.
Gaztaroa eta ikerketa garaia
Gaztaroa heldu zela eta bere egoera ekonomikoa zela eta, kunikultura ikasketak egin zituen; bere inguruan arlo horretan lana lortzea erraza zela pentsatuz. Bere benetako desioa bere bizitza sorkuntzara bideratzea zen arren. Izan ere, joskintzan, bere teknika hain ona zen, auzokideei josketa-klaseak ematen zizkien.
1956, Madrilerako bidaia egin zuen, kunikultore titulua lortzeko azterketak egitera. Madrilen egonda, arte museo eta galeriak bisitatu zituen. Madrilen artea ikasteko aukera on bat topatu zuen. Arte eskola batera joateko ez zuen baliabide ekonomikorik, baina, arte museoak bisitatuz eta artea ikusiz ikasi ahal zuela uste zuen. Beraz, Madrilen geratzea erabaki zuen eta garbitzaile moduan lortu zuen lanpostu bat Preciados galerietan. Modu honetan, mantenu ekonomikoa zeukan eta ikusten zuenaz ikasten zuen. Aldi berean, hortxe lan egiten, bere modarekiko gustua garatuz joan zen.
Urte bat geroago, saltzaile gisa lortu zuen lanpostua galerietan bertan. Lanpostu berri honekin, estudio txiki bat alokatu ahal izan zuen eta bere pinturak sortzeari ekin zion. Modu honetan, pinturan espezializatzen zen heinean, moda eta pinturarekiko harreman handia ikusten joan zen. Izan ere, Sonia Delaunay-ren ideiak Hernaezen aitzindaritzat har ditzakegu. Delaunay-k esaten zuen moduan, pertsonak bere diseinuekin artelan biziak eta mugimenduan dira. Bere artelanak, jantzietara transladatzen zituen. William Morrisen “arte totalaren” ideia mantenduz. Eta, artearen desagerpenaren ideia abangoardista oinarritzat hartuz: artea bizitza izango da.
Hortaz, zenbait jantzi egiteari ekin zion. Euskal Herriko natura eta koloreak oso presente zituen sortzerako orduan. Plastikoki, esperimentazioa zeukan oinarri; estampazio oso ezberdinak konbinatzen zituen, kolore argiak eta biziak erabiltzen zituen… bizitasuna eta arriskatzeko nahia nabaritzen zen bere diseinuetan.
Hernaezen lana ezagutuz eta lan paregabea ikusiz, 1961.urtean, María Dolores Pacheco, Madrilgo “De Gatas Confecciones” joskintza tailerraren arduradunak, lanpostu bat eskaini zion, josle gisa. Bertan, bere teknika perfekzionatu zuen eta nahiko joskin ezaguna egin zen tailerraren bezeroen artean. Beraz, modu batean, lanpostu ezin hobea zen Hernaezentzat; tailerrean teknikoki behar zuen guztia ikasten zuen, gero, bere diseinuetan aplikatu ahal izateko. Baina, urte gutxi igaro zela tailerrean, Portugaletera bueltatzeko beharra sentitu zuen. Bere ama, bakartasuna zela eta, depresioan erori zen. Beraz, 1963. urtean Portugaletera bueltatu zen.
Finkapena diseinatzaile gisa
Portugaletera bueltatu zenean, Santurtziko eraikuntzaren inguruko enpresa baten burua; Mariano Blanco ezagutu zuen. 1964ko maiatzean ezkondu ziren. Momentu honetan, Hernaezek denbora tarte batez, diseinua alde batera utzi zuen eta Blancorekin lan egin zuen enpresaren administrazioan. Baina, egia esan, bakarrik hilabete gutxi batzuk lan egin zuen bertan. Berehala, estudio txiki bat alokatu zuen bere kabuz. Estudioaren helburu nagusia, bere diseinuak sortzea zen baina, baita ere, enkargupean lan egiten zuen.
Urte hauetan mugimenduaren eta kolorearen ikerketan oinarritu zen. Baita ere, emakumearen gorputza beste modu batean janzteko saiakerak egin zituen, 1920ko Thayaht-ren “Tuta” jantzia erreferentzia moduan hartuz.
Baita ere, Portugaleteko “Gran Hotel Puente Colgante”-en “Reuniones de chocolate” ekimena sortu zuen. Hilabetean behin egiten ziren batzarrak ziren. Bertan, moda eta artearen inguruan hitz egiten zuten. Honi esker, bezero asko lortu zituen eta bere diseinuek ospea hartu zuten.
Publikoaren onarpena zela eta, 1967an “Galería Ángeles” ireki zuen Portugaleteko Gregorio Uzquiano kalean. “Vera Hernáez” marka komertziala sortu zuen; bere jarduera profesionala gorantz ari baitzen. Bere diseinuak garrantzi handia hartu zuten. Batez ere, emakumezkoaren arropan espezializatu zen. Emakume autonomo bat, emakumeentzat arropa egiten. Aldi berean, emakumearen gorputza askatzeko nahia antzematen zen eta indarra eskaintzeko gogoa. Ez zuen goi-mailako joskintza egin nahi, eguneroko emakumea jantzi nahi zuen eta prêt-à-porter-an sinesten zuen. Bestalde, modu batean, estilo aldaketa sakona nabaritu daiteke garai honetan. Kolore apalagoak eta ilunagoak erabiltzen zituen eta estanpatu gabeko edo estanpatu gutxiko oihalak. Arroparen funtzionaltasunean oinarritu zen gehienbat; apaingarriak funtzioaren menpe egongo ziren. Gainera, teknikari garrantzi askoz handiagoa ematen zion. Izan ere, bere teknika ezin hobea zela eta, “Perfección en Textil” saria irabazi zuen.
Baina, 1970an, bere lehen eta seme bakarra, Eulogio Blanco, jaio zela, bere osasuna asko hondatu zen. Horregatik, “Galería Ángeles” saldu zuen eta diseinua alde batera uztera behartuta sentitu zen.
1989an, bere semea Londresko University College-era ikastera joan zela eta bere senarretik dibortziatu zela, modan sartu zen bete-betean. Momentu honetan, bere hastapenetara bueltatu zen: kolore biziak, natura inspirazio iturri gisa, zurruntasuna… Askatasun gehiagorekin lan egin zuen. Bere diseinuek garrantzia galdu zuten publikoaren artean. Baina momentu honetan, Hernaezek ez zuen publikoaren eskakizunetarako lan egiten. Jantziak ez zituen eguneroko bizitzarentzat pentsatzen. Ikerketa plastiko eta estetikoan oinarritzen zuen bere egiteko era. Ez zuen estilo propio bat, bakarrik ikerketan oinarritzen zen. Teknikari ez zion garrantzi gehiegi ematen. Baina, bestalde, Hernaez alter ego bat zeukan. Lan egiten zuen enkarguka. Lan hauek modu oso sotilean eta garbian egiten zituen; perfekzio teknikoa bilatuz.
1999an, utzi zuen josteari. Bere asken diseinuek ez zuten arrakasta handirik izan, baina, modaren historiari zenbait ekarpen interesgarriak egiten dizkiete. Proposamen estetiko oso interesgarriak egin zituen.
Azken urteak
Diseinatzeari utzi zionean, bere estudioan gazteentzako batzarrak antolatzen zituen. Bertan, modari buruzko eztabaidak sortzen zituen. Alde batetik, josteko teknikak irakasten zituen eta bestalde, sorkuntza bultzatu nahi zuen; gazteei, sortzeko erremintak eskainiz. Oso emakume popularra egin zen eta herriko gazteek, amama Vera deitzen zioten.
2014an Alzheimer gaitza zela eta bere osasuna okerrera egin zuen eta betiko utzi zuen diseinua, joskintza eta estudioko batzarrak. Gaur egun, Barrikako zahar-egoitzan bizi da.
Bibliografia
DE FUSCO, R.: Historia del Diseño. Bartzelona, Santa&Cole, 2005
Mario De Micheli (2002): Las vanguardias artísticas del siglo xx.