Bizikletak garrantzi handia izan zuen emakumeen bizitzako hainbat esparrutan, eta bereziki garrantzitsua izan zen 1890eko hamarkadan, Europako eta AEBetako gizartean bizikletarekiko benetako sukarra garatu zenean.[1][2][3][4]
Aldi horretan, bizikletak mugimendu feministari lagundu zion, emakumeei mugikortasun sozial handiagoa ahalbidetuz.[3][5] Urte horietan, adibidez, Annie Londonderryfeminista izan zen munduan zehar bizikletaz bidaiatu zuen lehen emakumea.[6][7][8] Bestalde, bere prezioagatik eta enpresa estatubatuarrek eskaintzen zituzten finantzaketa-modu desberdinengatik, bizikleta herritar gehienen eskura zegoen.[3] Hala ere, askoz eragin handiagoa izan zuen klase ertain eta altuko emakume zurietan.[3] Horrek guztiak gizartean zuen papera eraldatu zuen, zaintzaile, emazte eta ama gisa eremu pribatu edo etxekora baztertuak izatetik presentzia publiko handiagoa eta komunitatean inplikazio handiagoa izatera pasatuz.[3][9] XXI. mendean ere, bizikletaz ibiltzea gai polemikoa da oraindik, Saudi Arabia eta Iran bezalako herrialdeetako feministek jorratua.
Historia
Draisina: 1860ko hamarkada baino lehen
Draisinak1817an asmatu ziren eta ospe handia izan zuten bi urtez. Oinezko abiaduraren bikoitza lortzen zen beraiekin. Ez zuten ez pedalik ez biraderarik, oinekin soilik bultzatzen ziren, pedalik gabeko entrenamendu-bizikleta modernoa bailitzan. Denis Johnsonek kuadro baxuko bertsio bat saldu zuen andreentzat.
Belozipedoak: 1860tik 1880ko erdialdera
1860ko hamarkadatik 1885era, bizikleta estandarra gurpil altuko bizikleta edo bizikloa zen, menperatzeko zaila eta erabiltzeko arriskutsua zena. Bizikloa gizonezkoek bakarrik erabiltzen zuten; emakumezkoek, berriz, bizikleta lagunkoia (bi plaza zituen), tandem bizikleta eta trizikloa.
1860ko hamarkadako azken urteetatik aurrera, lagun batekin bizikletan ibiltzea jarduera sozial herrikoia bihurtu zen gizon eta emakumeen artean. Ibilgailu horiek sozializazio mistoko modu berriak garatzeko aukera ematen zieten. Hala ere, 1880ko hamarkadaren erdialdera arte emakumeak batez ere gizonen mende zeuden txirrindularitza praktikatzeko. Gizon batek bizikleta lagunkoiaren kontrola eramateak emakumea bizikletaz bakarrik ibiltzeak berekin zekartzan arriskuetatik salbu mantendu ahal izatea esan nahi zuen, gizonezkoen autoritatea balioztatuz.
Beraz, elkarrekin bizikletan ibiltzea iraultzailea izan zen gizonen eta emakumeen arteko soziabilitatea garatzeko, baina emakumeak gizonak baino maila baxuagoan mantendu zituen, egoera horretan gizonak bizikletaren gaineko boterea zuela onartu baitzuen.[3][10]
Bizikletaren moda
1880ko hamarkadaren erdialdetik 1890eko hamarkadaren erdialdera arte segurtasun-bizikleta modernoa garatu zen eta bizikletan ibiltzea oso ezaguna egin zen.
Otomandar Inperioa
Alon Raab Kaliforniako Unibertsitateko Ikasketa Erlijiosoen irakaslearen arabera, Otomandar Inperioko txirrindularitzaren aurkako oposizioa berehala sortu zen kontserbadore eta fundamentalista erlijiosoen artean, askotan bizikletari buruz hitz egiten zutenak, Deabruaren Gurdia bezala.[11] Aditu ortodoxoek zioten bizikletan ibiltzeak emakumeen ugal-organoak kaltetuko zituela, sexu-permisibitatea bultzatuko zuela eta familia suntsituko zuela.[11] Halaber, Raabek kritika horien azken helburua emakumeak beren etxeetan giltzapetuta mantentzea eta gizonen eta emakumeen artean gainbegiratu gabeko kontaktua mugatzea zela adierazi du. Bestalde, Raabek dio agintari erlijioso musulman askok gogor kritikatu zutela emakumezkoen txirrindularitza "bida" (heretikotzat jotzen den edozein berrikuntza tekniko) izateagatik.[11] Adierazi du, halaber, emakumezkoen txirrindularitza ez zela soilik hedabideetan eta legearen bidez zigortu, baizik eta zenbait lekutan txirrindulariek eraso fisikoak jasan zituztela. Hala ere, Raabek, oposizio hau izanda ere, XX. mendearen hasieran, Otomandar Inperioko emakumeek, txirrindularitza, askatasun zentzu berri batekin helburu ezberdinetarako hartu zutela jakinarazten du.[12] Fatma Aliye Topuz bezalako ekintzaile feministentzat emakumeen eskubide politikoak zabaltzeko egindako ahaleginetan, bizikleta oso lagungarria izan zen.[11][12]
Jantziak
1885 eta 1895 artean, asmatzaileek eta ingeniariek izugarri hobetu zuten bizikleten aurreko belaunaldia, orduan segurtasun-bizikleta zeritzon horretara iritsi arte.[3] Hobekuntza horiek barne hartuta, segurtasun-bizikleta espezifiko bat diseinatu zen emakumeentzat, koadro baxu batekin, arropa egokitu ahal izateko. Hala ere, garai honetan ohikoak ziren gona luzeak eta gerruntze estuak zirela eta, bizikletan ibiltzea are erronka handiagoa izan zen. Beraz, bizikletan ibiltzeko egokitutako arropa-multzoak eskaintzen zitzaizkien emakumeei. Aldaketa horietako batzuk honako hauek ziren: gona zatituak, kordoiekin laburtzen ziren gonak, bonbatxo bihurtzen ziren gonak, oihala orkatilatik gertu mantentzen zuten gonetarako euste-elementuak eta gerruntze zuzen eta erresistente bat zuen bizikleta-kortse bat, bizkarrerako euskarri gehigarriarekin eta doikuntza nasaiagoarekin. Bizikletan ibiltzeko zeuden jantzi guztietatik, bonbatxoak garai honetako ezagunenak izan ziren eta izaten jarraitzen dute. Galtza zabalak ziren, orkatilan zimurtuak, zangarterainoko gona batekin eta gorputzaren goiko aldean modako jaka batekin janzten zirenak.[10]
Arropa hau iritzi kontrajarriekin hartu zen. Elizabeth Cady Stantonek, emakumeek bizikletan ibili behar duten ala ez zioten oharretan, hauxe adierazi zuen: "Laburbilduz, emakumeei bizikletan ibiltzen uzteko esango nuke".... "Batzuek nahiago badituzte haizeari hegan egiten dioten gonak, gurpiletan txikituta, beren zentzugabekeriaren arriskua har dezatela; beste batzuek bonbatxoak nahiago badituzte, utz iezaiezu beren aukeraz gozatzen; beste batzuek galtza zabalak nahiago badituzte, utzi bakean".[2] Bizikletaz ibiltzeko moduari buruzko emakumeentzako eskuliburu idatzietan, autore askok azpimarratzen dute txirrindulari-jantziak erabiltzeak erraztu egiten duela erabilera.[14] Bi kasuetan, badirudi kirol-janzkera hori erabiltzeko erabakia aukera pertsonala izan zela emakumeentzat. Aukera hori egitean, emakumeek, neurri batean, beren bizitzaren kontrola hartu ahal izan zuten. Aldi berean, aukera logiko gisa aurkezten zen, momentuko modari jarraituz janzteak txirrindularitzaren praktika zailago egin baitzezakeen. Horregatik, arropa hau janzteko erabakia oso lotuta egon zen bizikletan ibiltzeko erabakiarekin.[10]
Funtsean, gizonak izan ziren emakumeek txirrindularitzako arropa eta, bereziki, bonbatxoak erabiltzearen aurkari nagusiak. Aurkakotasun hau garai honetako abesti askotan ikus daiteke. Adibidez, 1895eko "Mary Had a Little Lamb" en bertsio batek, Stanislaus Stangek idatzia, honako hau zioen bertso bat zuen:
"Mary maitea", esan zuen bildotsak,
"Beldurra ematen dit neskak bizikletan ikusteak,
oso gauza berria da.
Zergatik daramate denek bloomerrak?
Haren ikusmenak nire odola xurgatzen du".
Orduan Maryk bere bekokia ukitu zuen
eta "Gurpilak" xuxurlatu zuen emeki.
Kasu honetan, bizikletan ibiltzeko janzkeraren ideiak berak eta emakumeek erabiltzeko aukerak gizon batzuk asaldatu zituen. Jantzi horiek, eta bereziki bonbatxoak, itsusi edo lotsagarri ikusi zituzten. Zehazki, janzkera hori emakumeek gizonen ezaugarriak bereganatzearen irudikapen fisikotzat jo zuten, feminitatearen eta maskulinitatearen arteko lerroak eta talde bakoitzarentzat sozialki onargarria dena ezabatuz. Beldur horrek agerian uzten du emakumeek lehen maskulinotzat jo zena baino rol independente handiagoa hartzen ari zirela.[3][10]
Begiruneari dagokionez, Iranen proposatutako emakumeentzako bizikleta-bertsio batek "emakumearen gorputzaren behealdea ezkutatzen duen tramankulu karratu bat" izango luke.[15]
Osasuna
XIX. mendearen amaieran, medikuak ohiko ariketa sustatzen hasi ziren jendaurrean, eta txirrindularitzak ospe handia lortu zuen. Hala ere, medikuak kezkatuta zeuden txirrindularitzan gehiegi aritzeak zituen ondorioengatik eta, bereziki, emakumeengan zuen eraginagatik. 1895eko artikulu batek, The Literary Digest egunkarian, garai hartan idatzitako hainbat testu berrikusi zituen, "bizikleta-aurpegia" izeneko gaixotasuna jorratzen zutenak, eta The Springfield Republican egunkariak "adin ertaineko emakume, neska eta gizonek" txirrindularitzaren gehiegizko praktikaren aurka ohartarazten zuela adierazi zuen.[17] Bizikleta-aurpegia eritasun bat bezala deskribatu zen, aurpegi oro har gorritua, batzuetan zurbila eta sarritan ezpain gutxi-asko marraztuekin, begi azpian begi-zuloak izateaz gain, eta beti neke itxurarekin.[17] Artikulu horiek bizikletan gehiegi ibiltzeak emakumeak gaixotasun askorekiko kalteberak bihurtzen zituen ustea bultzatu zuten, hala nola, bozio exoftalmikoaren garapena, apendizitisa edo barne-hantura.[18] Artikulua geroago eztabaidatu eta aztertu zen The Advertiser-en.[19]
Emakume txirrindulariei buruzko medikuen beste kezka bat haien sexu-osasuna zen. Medikuek uste zuten bizikletaren aulkitxoak konnotazio sexualak izan zitzakeela emakume eta neskentzat. Gainera, objektu baten gainean hankalatraba ibiltzea maskulinoegia zen emakume zintzo batentzat. Mediku horiek zehatz-mehatz deskribatu zuten medikuntza aldizkarietan bizikleta nola erabil zitekeen sexu helburuetarako:
The saddle can be tilted in every bicycle as desired… In this way a girl… could, by carrying the front peak or pommel high, or by relaxing the stretched leather in order to let it form a deep, hammock-like concavity which would fit itself snugly over the entire vulva and reach up in front, bring about constant friction over the clitoris and labia. This pressure would be much increased by stooping forward and the warmth generated from vigorous exercise might further increase feeling.[20]
Beraz, mediku horiek ez zeuden kezkatuta osasun sexualarekin, baizik eta emakumeen moraltasun sexualarekin. Emakume gazteek kastoak eta garbiak izan behar zuten. Txikitatik hezi zituzten beren purutasun sexuala babesteko. Bizikletak emakumeengan sentimendu sexualak pizteko ahalmena izateak, bere garbitasun sexuala mehatxatzeaz gain, moraltasun sexualaren genero-definizioak suntsitzeko mehatxua ere egiten zuen. Beraz, bizikleta berriz ere maskulinoa eta femeninoa kontzeptuen arteko mugak desitxuratzen dituen elementu gisa ikusten da.[5]
Medikuek emakumeen gaitasunak eta euren gorputzek bizikletarekiko zuten ahultasuna ezartzearekin batera, txirrindularitzaren aldekoak ez zeuden ados ebaluazio mediko horrekin eta jarduera fisikoa osasuna eta bizitasuna hobetzeko ona zela zioten.[21] Emakumeak aldizkarietan agertutako artikuluen bidez hasi ziren beren gorputzak zer egiteko gai ziren adierazten. Mary Bisland, Mary Sargent Hopkins eta Emma Moffett Tyng bezalako emakumeek gai honi buruzko medikuntzaren alde komunak zalantzan jarri zituzten eta berriak sustatu zituzten. Emakume horiek bizikletan ibiltzeak bizitza itzultzen ziela denbora luzez geldirik egon ziren muskuluei zioten, eta, gainera, txirrindulariei emozionalki hobeto sentitzen laguntzen ziela, eta horrela emakumeak animatzen zituzten beren muga fisikoak ezagutzera, bizikletan ibiliz izandako esperientzien bidez.
Emakume horiek ikusgarritasuna eman zieten txirrindularitzaren jardunaren alderdi positiboei. Bizikletak, literalki indartsuagoak egiteaz gain, konfiantza gehiago ematen die beren trebetasunetan. Horrek, era berean, emakumeei beren gorputza gehiago kontrolatzeko aukera emateaz gain, mentalki ere indartzen ditu, ordura arteko etxeko rol tradizionala beren gain hartzeko eta eremu publikoan rol berriak esploratzeko.[22]
Bizikletan bakarrik doazen bidaiariak
Zikloturismoaabentura-bidaia mota bat da, eta bidaiariak bizikleta erabiltzen du garraiobide nagusi gisa. Bidaiari honek alforjak ere erabil ditzake bere ekipoa garraiatzeko. Bidaia hori ia erabat autosufizientea eta autonomoa izan daiteke, baldin eta txirrindulariak garraiatzen duen ekipoak beste elementu batzuk baditu, hala nola kanpin-denda bat, sukaldeko tresnak, botika-kutxa bat, konponketa-tresnak, janaria prestatzeko erregaia, ur-ontziak eta hainbat egunetarako elikagaiak. Women Cycle the World distantzia luzeko emakume txirrindularien zerrenda eta blog pertsonalak eskaintzen dituen webgune ugarietako bat da.[23] Adibidez, Rebecca Lowek Iran zeharkatu zuen, Dervla Murphyk Afganistan zeharkatu zuen eta Helen Lloydek Afrika zeharkatu zuen.[24][25] Loretta Hendersonen WOW — Women on Wheels liburuak 245 emakume dokumentatzen ditu bizikletaz bakarrik bidaiatu zutenak.[26]Annie Londonderry izan zen munduan bizikletaz ibili zen lehen emakumea 1894-1895 bitartean.[8]
Ohikoa da bidaiari txirrindulari horiekin lehen aldiz topo egiten duten pertsonek haien segurtasunari eta babesari buruzko gaiak azaltzea.[27][28] Iturri horiek askotan mezu pozgarriak eta aholku erabilgarriak eskaintzen dituzte, hala nola ibilbideari eta helmugari buruz ikertzea, errepidean ikusgai egotea eta ostatu hartzeko aukerak planifikatzea, hala nola kanpaldia, "bed and breakfast" eta dutxa beroak bidean zehar.[29][30] Jenny Grahami ere aholkatu zitzaion suzko arma bat eramateko Yukonen "hartz denboraldian".[31] "Hiru kanpai, txilibitu bat, flash argiak bizikletaren aurrealdean eta atzealdean eta hartzentzako espraia" erabili zituen, suzko arma baten ordez.
Bakarrik bidaiatzen duten txirrindularien zerrenda
Jennifer Bonham eta Kat Jungnicke-ren arabera, generoari eta txirrindularitzari buruzko literaturaren zati handi batek hainbat herritan ziklismoa modu desberdinean erabiltzearen arrazoiak aztertzen ditu.[12] Jennifer Bonhamek eta Kat Jungnickek diotenez, nahiz eta emakumeak gutxiago izan daitezkeen kirol horretan tradizio txikia duten herrialdeetako txirrindularien kopuruarekin alderatuta, hala nola Australia, Brasil, Kanada, Txile, Erresuma Batua eta Ameriketako Estatu Batuak, parekatu egiten dituzte gizonak jarduera hori gehien erabiltzen duten herrialdeetan, hala nola Herbeheretan eta Danimarkan; beraz, ez da zuzena pentsatzea emakumeek berezko gorrotoa diotela bizikletan ibiltzeari.[12]
Bizikleta-lasterketak XXI. mendeko Pakistanen
Kultura patriarkalaren eraginez, Pakistanen hainbat baztertze-maila daude emakumeek bizitza publikoan duten partaidetza-mailari aplikatzeko.
Dauden tabuek eska dezakete emakumeak modu partikularrean esertzea, baita bizikletan ez ibiltzea eta jendaurreko harremana mugatzea ere. 2018an, lehen Aurat Martxatik (Emakumearen Nazioarteko Eguneko martxa), emakumeen bizikleta manifestazioak hasi ziren Karatxin. 2021eko Emakumearen Nazioarteko Egunean, hainbat jatorritako 150 emakume inguruk hartu zuten parte bizikletaz egindako ibilbide batean.[32][33]
Argitalpenak
1890eko hamarkadan, emakume eta gizon askok eskuliburuak idatzi zituzten emakumeei bizikletan ibiltzen laguntzeko. Liburu horietan, bizikletak euren bizitzetan duen eraginari buruzko aholkuak eta gogoetak ematen zituzten. Frances Elizabeth Willardek, Tenplantzaren aldeko Emakumeen Batasun Kristauaren (WCTU, ingelesezko siglak) presidente nazionalak, Gurpil bat gurpil baten barruan izeneko liburua idatzi zuen. Bertan, bizikletan ibiltzen ikastean izan zituen poztasuna eta osasunerako onurak aztertzen ditu, baita nola erabili zuen txirrindularitza jarduera sozial xurgatzaile gisa, gizonek eta emakumeek edan ez dezaten.[1] Emakumeek bizikletan ibiltzen ikastera zuzendutako beste eskuliburu batzuk Maria E. Warden Ciclismo para damas (1896) eta Damas en bicicleta (1897) izan ziren.[34]
Elizabeth Cady Stantonsufragista eta abolizionista estatubatuarrak idatzi zuen bizikleta emakumeak indartzeko eta gizartean rol garrantzitsuenak hartzeko tresna izan zela.[35] Bestalde, Susan B. Anthony andereak zera adierazi zuen 1896an: "Utzidazu esaten zer pentsatzen dudan bizikletan ibiltzeaz. Uste dut munduko beste edozerk baino gehiago egin duela emakumeak emantzipatzeko. Zutitu eta poztu egiten naiz emakume bat bizikletan ibiltzen ikusten dudan bakoitzean".[35]
Bere aldetik, Beatrice Grimshaw irlandar bidaiari eta idazleak, bidaia eta abenturazko bizitza bizi izan zuenak, bere haurtzaroa biktoriar lotsak markatutako haurtzaro gisa deskribatzen du, non bera honako hau baitzen: "alaba errebeldea, orduan deitzen zieten bezala. Bizikleta bat erosi nuen, zailtasunez. Lagunik gabe ibili nintzen, miliaz milia, trosta soilean zebiltzan zaldientzako muga posibleetatik haratago. Mundua nire aurrean zabaldu zen. Eta nire hogeita batgarren urtebetetze-eguna argitu bezain laster, etxetik joan nintzen, matxinatu ziren alabei munduak zer eskain ziezaiekeen ikustera".[36]
Emakume horien guztien bizipenen artean, ohikoa da txirrindularitzaren bidez irekitzen zaien munduari buruzko antzeko esperientzia bat azaltzea. Zentzu literalean, eremu pribatua publikoaren atzetik utz zezaketen eta, hori egitean, arau sozialek preso mantentzen zituzten etxekotasunaren kulturatik ihes egin zezaketen. Aldi berean, aukera berriak ikusten dituzte, emakumeek beren komunitatean zeregin aktiboa izan dezaten. Irakurketa horien bidez, emakumeak gizarteko kide aktibo eta independente gisa duten potentziala ikusten hasten dira.[37][1][14]
Egungo egoera juridikoa
Saudi Arabian, emakumeek debekatuta dute mugitzeko asmoz bizikletan ibiltzea. Txirrindularitza aisialdi gisa baino ezin da praktikatu, eta hainbat erlijio-murriztapen ditu.[38]
Iranen, espazio publikoetan bizikletan ibiltzea debekatuta dago 2016tik, fatua baten ondorioz, nahiz eta emakume irandarrek debeku horri aurre egin.[39] Emakume txirrindularien defendatzaileei zaindari klandestinoek eraso egin diete.[40]