Gipuzkoako Foru Aldundiak lurralde osoko garraio publikoko zerbitzuak bateratzeko Lurraldebus sistema sortu zuen 2007an. Tarifa-sistema bateratua ez zen guztiz lortu. Lurraldebus sistemaren euskarria Lurraldebus txartela da, zeinak %40ko deskontuak egiten dituen garraioaren paper-txartelaren prezioaren gainean, eta deskontu hori %90 izatera iris daiteke hilabete naturalean metatutako bidaien arabera. Txartel arrunta, turista txartela eta talde berezientzako txartelak (haurrak, gazteak, adinekoak, ezinduak eta soziala) daude.
2013an Lurraldebus sisteman oinarrituta Mugi Sistema jaio zen. Aurreko sistemaren hobekuntza da, eta tarifa-sistema bateratua lortu du. Bere baitan hartzen du Lurraldebus txartela, eta sistemaren barruan dauden eragileak Lurraldebus, Donostibus, Errenteriako, Irungo, Hernaniko eta Arrasateko Udaletako hiri autobusak, eta Euskotren Trenaren Lasarte-Oria - Hendaia eta Donostia-Amara - Elgoibar lineak dira. Gainera, Oiartzungo Udaleko hiri autobusetan eta Renfe Aldirietan ere sistema erabil daiteke, nahiz eta deskonturik ezartzen ez den. Mugi sistema 2013komartxoaren 3an jarri zen martxan.
Gasteizko tranbia irekitzearekin batera, Eusko Trenbideak sozietateak BAT txartela jaulki zuen, Gasteizko tranbian zein TUVISA hiri autobusetan erabiltzekoa. Tarifa-sistema ez dago bateratua, eta eragileen arteko linea aldaketetan, bigarren linearen prezioaren %45a besterik ez da ordaindu behar.
Bizkaiko Garraio Partzuergoak1990eko hamarkada bukaeran martxan jarri zuen Creditrans txartela, lurralde osoko garraio publikoan txartel bakarra erabili ahal izateko. Tarifa-sistema bateratua ez zen ezarri, eta gaur egun eragile bakoitzak tarifa-sistema eta gune propioak ditu.