Ipar Amerikaren mendebaldean aurkitu dira fosilak, garai hartan Laramidia izeneko uharte-kontinentea zen hartan. 9 m inguru luze egin zitezkeen eta 5,4 tona inguru har zezaketen. Errinozeroaren antzeko muturra eta moko itxurako mutur-punta zuten. Mutur gainean adar bat eta burugainean bi zituzten. Buruaren atzeko aldean haizemaile itxurako hezurrezko ezkutu bat zuten, lepoa babesten ziena. Historian zehar 17 espezie identifikatu izan badira ere gaur egun bi onartzen dira, Triceratops horridus eta Triceratops prorsus.
Historia
Aurreneko aurkikuntzak
Gaur egun Triceratops gisa identifikaturiko aztarna zaharrena 1887an aurkitu zen George Lyman Cannon-en, Denver (Colorado) inguruan. Garezurraren goialdeari itsatsiriko bi adar ziren. Othniel Charles Marsh paleontologoari bidali zioten fosila eta horrek Pliozenokobisonte erraldoi baten fosila zela esan zuen. Bison alticornis izena eman zion[1]. Hurrengo urtean, Ceratopsia familiako dinosauroek adarrak zituztela argitaratu bazen ere[2], Pliozenoko ugaztun baten adarrak zirela esaten segitu zuen. 1888an John Bell Hatcherrek Wyomingo Lace Formazioan garezur osoago bat aurkitzean aldatu zuen iritziz[3]. Edmund B. Wilson cowboyak sakan batean garezur erraldoia aurkitu zuen eta soka botata jasotzen ahalegindu zenean, adarra hautsi zitzaion. Adarra Hatcherrek ikusi zuenean, garezurra aurkitu eta berreskuratu zen[4]. Ceratops horridus izena eman zitzaion. Fosila garbitzean, muturreko hirugarren adarra agertu zen eta Othniel Charles Marshek Triceratops horridus izena eman zion[5]. Orduan konturatu zen berak bisonte gisa identifikaturiko fosila Triceratops batena zela[6]. Espeziearen horridus izenak "zimurra" esan nahi du, gerora pentsatu da triceratops zahar baten fosila izan zitekeela.
Triceratops espezie ugari
Behin Triceratopsa identifikatuta, Hatcherrek beste 31 aurkitu zituen 1889 eta 1891 artean[4]. Fosil berri horietariko askok zenbait aldaera agertzen zituzten hasierako harekiko eta Marshek hainbat espezie zendatu zituen, baita genero berri bat asmatu ere, Sterrholophus.
Marsh hil ondoren, Hatcherrek fosil horiek aztertzeari ekin zion, baina hura ere gaixotu eta Richard Swann Lull paleontologoak ekin zion ikerketari. Lull eta ondorengo ikerlariek fosilen arteko erlazio filogenetikoak eratu zituzten eta espezie kopurua nabarmen gutxitu zuten. Bi multzo eratu zituzten: batetik Triceratops horridus, Triceratopsprorsus eta Triceratopsbrevicornus, garezur handia eta adar txikidunak, eta bestetik, Triceratopselatus eta Triceratopscalicornis, adar luzeak zituztenak[7]. Sailkapen horrek 1980ko eta 1990eko hamarkadak arte iraun zuen.
Azken ikerketak
1986an John Ostrom eta Peter Wellnhofer ikerlariek espezie bakarra zela adierazi zuten, Triceratops horridus[8]. Arrazoi nagusia zen aurkitu diren belarjale handien aniztasuna oso txikia dela, genero bakoitzeko espezie bakarra edo bi baino ez. Arrazonamendu horri jarraiki, T.M. Lehmanek aldaeren aniztasuna azaltzeko, dimorfismo sexuala eta adin desberdinak argudiatu zituen, lehen taldekoak emeak zirela eta bigarrenekoak, ar zahar gaixoak[9].
Handik urte batzuetara, Catherine Forsterrek bi espezie finkatu zituen: Triceratopshorridus eta Triceratopsprorsus. Garezurraren itxuran bereizten dira biak. Triceratopsprorsus espezieak Triceratopshorridusek baino mutur motzagoa zuen, sudurreko adar luzeagoa eta begi gaineko adar zuzenagoak[10].
Triceratops hatcheri aparte geratu zen eta genero berria asmatu: Nedoceratops[11]. 2009an, John Scannella eta Denver Fowler ikerlariek planteamendu berria ontzat eman zuten, Hell Creek Formazioan hainbat estrato geologikotan agertzen zirela frogatuz[12].
Baliozko espezieak
Triceratops horridus (Marsh, 1889) Marsh, 1889 (hasieran Ceratops) - horridus izenak "zimurra" esan nahi du.
Triceratops prorsus (Marsh, 1890) - prorsus izenak "aurerra begira" esan nahi du.[13]
Deskribapena
Tamaina
7,9 eta 9 metro luze izaten ziren eta 3 metro inguruko garaierakoak[14]. Pisuari dagokionez, 6,1 eta 12 tona artekoak aurkitu dira[15]. Ezaugarri nagusia garezurra dute, lehorreko animalia guztien artean aurkitu den handiena. Esate baterako, Kelsey izeneko Triceratopshorridus baten neurriak honako hauek ziren: 7,3 metro luze, bi metroko garezurra, 2,3 metroko altuera eta 6 tonako pisua[16].
Garezurra
Gorputzarekiko proportzioan tamaina handiko garezurra zuten Triceratopsek. Garezurrak mokoa du aurrealdean, hezur bakarrez osatua, eta atzean, hezur aurremaxilarak, hortzik gabe eta sudurzulo handiekin. Atzean, barailako hezurrak daude, 36-40 haginekin, horietako 3-5 bertikalki ezarriak. Haginak elkarren alboan pilaturik daude, barrura kurbatzen den egitura osatuz. Sudurzuloen gainean adar bat ageri da, batzuetan independenteki osatua[17].
Garezurraren goikaldean begizulo bakoitzaren gainean metro bateko luzerako adar bana dago. Hezur jugalak beherantz begira daude, epijugalek estalita, baina ez dira oso handiak. Garezurraren atzealdeko hezurrak fusionaturik daude eta geruza bikoitza osatzen dute: horrela eratzen da gola[17].
Odol hodi ugariren aztarnak aurkitu dira garezur guztian zehar, gaur egungo hegaztien moko keratinotsuetan bezala. Horrek iradokitzen du agian burua keratinaz estalita zeukatela eta hegaztietan keratina koloretsua denez, litekeena da triceratopsaren buruak ere kolore bizia izatea[5].
Bizkarrezurra
Bizkarrezurrari dagokionez, lepoko hamar orno zituen, bizkarreko hamabi, sakroan hamar eta isatsean, 45. Lepoko aurreneko lau ornoak fusionaturik zeuden eta saihetsak bederatzigarrenetik aurrera hasten ziren agertzen[17]. Sakroko ornoak ere fusionaturik zeuden.
Gorputz adarrak
Espezie bien gorputza sendoa zen, gorputz-adar sendo eta motzekin. Esku bakoitzean hiru apatx zituzten eta oinetan launa[18]. Ibiltzean, apatxak alboetara ateratzen zituzten eta pisu guztia besoetako hiruna apatx horietan finkatzen zuten, laugarren eta bosgarren hatz bestigial bana bazuten ere[17].
Sailkapena
Ceratopsia barnean, Triceratopsek duten kokapena urteetan zehar eztabaidatua izan da, Centrosaurinae ala Chasmosaurinae taldean sartu[19]. 2010. urtean Sampson et al. taldeak honako sailkapena egin zuen, gaur egun onartuena dena[20]:
Animalia taldekoi gisa irudikatu izan badira ere, ez dago hori baieztatzen duen froga handirik. Horrelako jokaera duten dinosauroen kasuan ohikoa izaten da hezurtegiak aurkitzea, ehundaka edo milaka ale dituztenak, baina Triceratopsaren kasuan gehienez ere familia unitateak aurkitu dira[21]. 2012an Wyomingen tamaina ezberdineko hiru triceratopsen hezurdurak elkarrekin agertu ziren eta hiruretan handienak Tyrannosaurus baten erasoaren markak zituen[22]. 2020an aurkituriko froga berriek erakusten dute triceratopsak bost-hamar aleko taldeetan bizi bide zirela.
Hell Creek Formazioan 200 aletik gora aurkitu ziren[23] eta Barnum Brownek 500 batera aurkitu izana ere aipatu zuen[4], baina honek soilik erakusten du garaiko belarjale ugariena zela.
Zentzumenak
Anatomia endokranealaren analisiek iradokitzen dute Triceratopsek usaimen eskasa zutela gainerako dinosauroekin konparatuz eta belarriak frekuentzia baxuko soinuak entzuteko egokituta zeudela[24].
Elikadura
Triceratopsa belarjalea zen. Hortzeria aztertuta, altuera txikiko landareak jaten zituela esan daiteke[17]. Horrela animalia bazkatzen ari zela, burua 45º-ko inklinazioan izaten zuen eta, beraz, adarra zuzen izaten zuenez, babesturik geratzen zen[25]. Dena den, gai ziren adar, moko eta baraila indartsuekin landare altuagoak behera bota eta jateko ere[17].
Hazkuntza
John R. Horner eta Mark Goodwin ikerlariek 2006an 28 garezur aztertu zituzten, itxura eta tamaina desberdinetakoak eta hazkuntza lerro bat osatu zuten haietako hamarrekin[26]. Txikienak 38 cm luze ziren eta adar txiki tenteak zituen. Gazteek adarrak eta gola atzerantz kurbaturik zituzten. Azkenik, helduek adarrak aurrerantz begira zituzten eta gola zapala[5]. Adinarekin triceratopsaren itxura aldatu egiten zela frogatu zuten horrela, hortik aurkituriko garezur aniztasun handia.
Atzeko golaren eta adarren funtzioa
Eztabaida gogorrak izan dira elementu hauen funtzioaren inguruan. Atzeko golaren inguruan Lull-ek mastekatzeko giharrak txertatzea izan zitekeela esan zuen, potentzia handiagoa lortzeko[27]. Urte askotan onartua izan bazen ere ez da txertatze egitura berezirik aurkitu[28]. Gorputzaren tenperatura erregulatzeko erabiltzen zuela ere proposatu izan da[29]. John R. Hornerren eta Mark Goodwinen ikerketa hark heldutasun maila identifikatzeko ere balioko zuela pentsatzen da[26].
Adarrei dagokienez, bi hipotesi nagusitu dira: borroka eta gorteiatzea. Jakina da Tyrannosaurus inguruko harrapari handiena zela eta zenbait dinosauroren artean, triceratopsa ere ehizatzen zuela. Hainbat fosilek erakutsi dituzte tiranosaurioaren horzkadak. C. H. Sternberg-ek 1917an adarrak harrapariei aurre egiteko babes egiturak zirela proposatu zuen lehen aldiz[30] eta Robert Bakkerrek berdin egin zuen handik 70 urtera[31].
Ilustrazioetan sarritan ikusi izan dira Triceratopsak elkarren artean borrokan adarrak gurutzaturik, gaur egun hainbat animaliak egiten duten antzera[32], ez dago adostasunik horretarako erabiltzen ote zuten. Dena dela, Davitashvilik 1961ean proposatu zuen erakusketa sexualaren teoriak gero eta onarpen handiagoa du[33].
Paleoekologia
Triceratopsa Ipar Amerikako mendebaldean bizi izan zen Kretazeo Berantiarrean, Maastrichtiar estaian. Kretazeo-Tertziarioko iraungipen masiboa baino pixka bat lehenago agertu zen, duela 68 milioi urte inguru[34]. Evanston, Scollard, Laramie, Lance, Denver eta Hell Creek Formazioetan aurkitu dira fosilak.
Eremu azpitropikala zen, klima epel eta hezekoa . Florari dagokionez, angiospermak nagusi ziren eta tarteka metasekuoiak eta araukariak ere zeuden.
Hiru adarreko dinosauroa izanik, film askotan ageri da. Ezagunenak Jurassic Park eta The Land Before Time (edo "Haran galduaren bila") dira.
1942an Charles R. Knight artista estatubatuarrak Natur Historiako Field Museoan hormirudi famatu bat margotu zuen Tyrannosaurus eta Triceratops bana borrokan erakusten dituena[35]. Ordutik aurrera askotan errepikatutako irudia da, eta betiko aurkarien arteko koeboluzioaren eredu gisa ere planteatu izan da, The Age of Dinosaurs dokumentalean adibidez[31].
↑Carpenter, K.. (2006). "Bison" alticornis and O.C. Marsh's early views on ceratopsians". In Carpenter, K. (ed.). Horns and Beaks: Ceratopsian and Ornithopod Dinosaurs.. Bloomington and Indianapolis: Indiana University Press, 349–364 or. ISBN978-0-253-34817-3..
↑Scannella, J. B.; Fowler, D. W.. (2009). Anagenesis in Triceratops: evidence from a newly resolved stratigraphic framework for the Hell Creek Formation. 9th North American Paleontological Convention Abstracts. Cincinnati Museum Center Scientific Contributions 3, 148-149 or..
↑ abcdefDodson, P.; Forster, C. A.; Sampson, S. D.. (2004). Ceratopsidae. In Weishampel, D. B.; Dodson, P.; Osmólska, H. (eds.). The Dinosauria (second ed.). Berkeley: University of California Press, 494-513 or. ISBN978-0-520-24209-8..
↑Lull, R. S. (1908). The cranial musculature and the origin of the frill in the ceratopsian dinosaurs. American Journal of Science, 4(25):, 387-399 or..
↑Forster, C. A.. (1990). The cranial morphology and systematics of Triceratops, with a preliminary analysis of ceratopsian phylogeny. Doktore tesia. Pennsylvania University, Philadelphia., 227 or..
↑Sternberg, C. H.. (1917). Hunting Dinosaurs in the Badlands of the Red Deer River, Alberta, Canada.. Published by the author, San Diego, California, 261 or..
↑ abBakker, R. T.. (1986). The dinosaur heresies: new theories unlocking the mystery of the dinosaurs and their extinction. Nueva York: William Morrow ISBN0-14-010055-5..
↑Farke, A. A.. (2004). Horn use in Triceratops (Dinosauria: Ceratopsidae): Testing behavioral hypotheses using scale models. Palaeontologia electronica, 7(1):, 10 or..
↑Davitashvili , L.. (1961). The Theory of sexual selection. Izdatel'stvo Akademia nauk SSSR, 538 or..