The Wicker Man (euskaraz Zumitzezko Gizona) 1973ko Robin Hardy ingeles zinema zuzendariak zuzendutako beldurrezko film bat da. Edward Woodward, Britt Ekland, Diane Cilento, Ingrid Pitt eta Christopher Lee aktoreek antzeztu zuten.
2006an izenburu berdineko estatubatuar berregokitzapena izan zuen. Ondoren bi jarraipen izan ditu, The Wicker Tree (2011, "Zumitzezko Zuhaitza") eta gaur egun filmatzeke dagoen The Wrath of the Gods (Jainkoen Haserrea) filmak. Guztiek Europa kristautu aurreko paganismoa eta jentiltasunari buruzko The Wicker Man Trilogia osatzen dute.
Argumentua
Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.
Londresko Scotland Yardeko Howie polizia sarjentuak (Edward Woodward) Eskoziako Hebridetako Summerisle uharte isolatutik igorri dioten gutun bat jaso berri du, honetan, bertako Rowan Morrison (Gerry Cowper) neskatoaren desagerketa hilketa bat izan litekenaren susmoa aipatzen zaioa.
Hortaz, Howie uhartera bertaratu eta piskanaka ikerketa aurrera doan heinean, erabateko kristau zorrotz ezkongabea izanik uharteko jendearen ohitura ezohikoekin harritzen hasiko da: herritarrek beren arbasoen zelta erlijio eta ohiturak burutzen jarraitzen dute, larreetan lasai ederrean eta denen bistara taldean larrua joz, Maiatzaren Leheneko Jaialdian haurrei zakil itxurako maiatzeko zuhaitza erakutsi eta haren inguruan dantzatzen dira, eztarriko mina ahoan zapoak sartuz sendatzen dituzte, herriko eliza zenaren hondakinak besterik ez dira gelditzen, hilerriko hilobietan zuhaitzak landatzen dituzte, eta abar.
Kultu pagano honen burua Lord Summerisle da (Christopher Lee). Hori gutxi balitz, herritarrak Howieren ikerketa oztopatzen saiatuko dira, eta Rowanen amak berak (Irene Sunter) inoiz alabarik ez zuela izan ziurtatuko dio. Horrek Howieri desagerketaren atzean ezkutuko zeozer badela susmaraziko dio, desagertutako neskarik ez balegoke, gutuna nork eta zein helburuz bidali dioten jakin nahiko baitu.
Aktoreak
Filmari buruz
1967ko David Pinner britainiar idazlearen Ritual (Errituala) eleberrian oinarritua dago, baina eleberriko kontakizuna Kornuallesko landa eremuko herri isolatu batean girotua dagoen bitartean, filmaren kontakizuna Eskoziako Hebridetako fikziozko Summerisle uharte isolatuan girotua dago.
Izenburuak Antzinaroan Europa pagano edo jentilean eta zelta kulturan erabilitzen omen zen "Zumitzezko Gizona" zelako irudiaren erritualari aipamen egiten dio.
Estreinatu eta berehala kultuzko filma bilakatu zen, nagusiki garai hartan ezohikoa zen paganismoa, zelta mitologia, rock psikodeliko eta zelta musikaren arteko nahasketa aurkezten baitzuen, abesti guztien artean Erdi Aroko Wessex eskualdeko Sumer Is Icumen In abestiak jartzen duen giro iluna nabarmentzen delarik. Christopher Lee aktoreak berak antzeztutako film gogokoena zuela aipatu izana zuen.
Bestalde, filmaren amaieralderako mozorroen erritual edo erromensaldian zehar Willy O' Winsbury antzinako eskoziar abestia haizezko musika-tresna banda batek joa entzungai da.
Berez, filma nagusiki Ezkoziako Dumfries eta Galloway konderriko Gatehouse of Fleet, Newton Stewart, Kirkcudbright eta Creetown herrietan filmatu zen, bai eta Highland lurraldeko Plockton herrian ere. Aldiz, Lord Summerisleren jauregiaren eszenak Culzean gazteluan, hasierako hegazkinetik ikusten diren aireko eszenak Skye uharteko The Storr eta Quiraing eremuetan, eta filmaren amaierako itsaslabarretako eszenak Burrow Head lurmuturrean.
Christopher Leek bere ibilbide guztiko film kuttunena eta antzezpen gogokoena zuen[1] eta film bikain gisa deskribatzen du[2]. Erresuma Batuko garai guztietako beldurrezko film onenen sailkapeneko lehenbiziko postuetan egon ohi da, zinema kritikari batzuk "beldurrezko zinemaren "Citizen Kane" bezala deskribatzen dute[2]. Beldurrezko zinema zaleen kultuzko filma izateaz gain, neopaganismoaren zaletuen artean ere badu bere ospea.
Ikus gainera
Erreferentziak
Kanpo estekak