Film horretan oinarriturik, Dance of the Vampires (1997) izeneko musikala egin burutu zen.
Sinopsia
Oharra:Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.
XIX. mendearen erdialdera, negu gorrian eta elurtealdi izugarrian, Anbrosius irakaslea (Jack MacGowran), bere izaera eta pentsaera xelebreen ondorioz lankideek erotzat jo eta Königsbergeko Unibertsitatetik kaleratua, eta haren laguntzaile leial Alfred gaztea (Roman Polański) Transilvaniako herrixka batera iritsi berri dira, bertan izan diren gertaera arraroak ikertu nahian. Berehala, banpiroen ekintzak ote direlako susmoa dute.
Shagal ostalariaren (Alfie Bass), emazte Rebecaren (Jessie Robins) eta haien alaba Sara ederraren (Sharon Tate) ostatuan ostatu hartu dute. Alfred Saraz maitemindu da, baina neska desagertu eta banpiroren batek bahitu duelako zurrumurrua zabaldu da. Herrixkatik hurbil, aristokrata misteriotsu batzuen gaztelua dagoela ikasi dute: han, Von Krolock (Ferdy Mayne) konde zitala eta haren seme Herbert (Iain Quarrier) bizi dira.
Irakaslea banpirismoan aditua da eta azken urteetan Ekialdeko Europa osoan barna haien bila nekagaitz aritu ondoren, banpiroekin aurrez aurre topatzeko irrikitan dago. Horrela, egiaz badaudela erabat sinisturik, Anbrosius eta Alfred, neska aurkitzeko aitzakiaz, gaztelura joan eta bertan banpiroak ote dauden ikertzen saiatu dira; horrela, ez-hildakoen fenomenoari erantzun zientifiko eta enpirikoa topatu, Anbrosiusek banpiroei buruzko bere teoriak egia direla frogatu, ospea berreskuratu eta zientzialarien komunitatearen begirunea bereganatzeko asmoa du.
Azkenean, gazteluan direla, filmari izenburua ematen dion dantzaldira joan, eta euren jakin-min eta galderek erantzun beldurgarria dute.
Roman Polańskiren kolorezko lehen filma izan zen. Hammer Film Productions ekoiztetxe britainiarrari esker, beldurrezko filmen atalean, banpiroen zineman —garai hartan erabat modan zegoen— sakontzen da. Modu bikainean filmatu zen, batzuen esanetan berezko genero horretako film asko gainditu zituen. Polańskik berak paper nagusietako bat antzeztu zuen, haren alboan Sharon Tate aktorea —gerora emazte izan zuen— agertzen da.
Bitxikeria gehigarri gisa, "banpiro" hitza ez da inoiz ere esaten: izazki haietaz mintzatzean, "eurak", "haiek" edo "beraiek" hitzak darabiltzate.